Koronabirusa

«Pena daukat, urterokoa baita karmenetan jotzea»

Irati Saizar Artola 2020ko uzt. 17a, 12:00

Jon Tolosa eta Irma Karrera. ATARIA

Hamar urte inguru daramatza Irma Karrerak (Tolosa, 1987) Alegiako Karmen jaietan larunbatez ospatu ohi den sagardo dastaketan panderoa zein trikitia jotzen. Aurten, bertan behera geratu dira festa horiek, horrela, ez du oholtza zapaltzeko aukerarik izango.

Gauzak ondo bidean, bihar eguerdian Alegiako plazan izango zinen trikitia jotzen. Penarik baduzu?

Pena handia, bai. Batez ere trikiti klaseak ematen ditut eta bestelako erromerietan oso gutxi ibiltzen naiz. Beti, ordea, hitzordu finko bat eduki izan dut Alegiako festetan: larunbat eguerdiko sagardo dastaketan jotzea. Urterokoa da karmenetan jotzea. Hasiera batean Asier Unsainekin joaten nintzen panderoa joaz, eta azken urteetan trikitia jo dut Jokin Tolosarekin batera. Ilusioarekin bizi dudan egun bat izaten da, azken batean, giro polita sortzen den egun bat izaten da eta jendeak erantzun ona ematen du. Bada, aurten, batetik pena sentitzen dut, eta, bestetik, zerbait faltako zaidanaren sentsazio hori.

Alegian, beraz, hitzordu horixe izaten duzu urtero.

Bere garaian, Itzel erromeria taldean ibiltzen nintzenean tokatu izan zait plazan jotzea. Baina talde modu horretatik irten eta bikote moduan soinu eta panderoarekin hasi ginenetik, larunbateko hitzordua izaten da finkoa.

Urtez urte oholtzatik ikusten duzue plazako festa. Zerbaitetan aldatu da festa?

Nik beti izan dut plaza betea ikusteko aukera. Agian, jenerazio aldaketak ikusi ditut oholtzatik; lehen ezer hartuko ez zuten gaztetxoak sagardoa dastatzen ikusi ditut orain. Eta gero, esan nezake, azken urteetan dantza gutxiago egiten dela. Hasiera batean, jendeak dantzarako animo gehiago edukitzen zuen; are gehiago, oholtzara ere igo izan dira dantza egitera urte batzuetan zehar. Orain, jendea adi-adi egoten da begira.

Beste plazetan ere aritzen zara?

Alegiako hitzordua da finkatuta dudan bakarra. Lehen, sagardotegi denboraldian esaterako, joan izan naiz trikitia jotzera, baina bi urte inguru dira utzi nuela. Gero, leku batetik edo bestetik deitzen gaituzte Jokin eta bioi erromeria jotzera joateko.

Uda gogorra izango da aurtengoa. 

Bai, zaila ikusten dut. Herri txiki batzuetan badakit formatu txikiagoetan eta antolatu dituztela gauzak, baina erromeria taldeak orokorrean ezertarako aukerarik gabe geratuko dira. Talde askorentzat gogorra izango da, eta aldi berean, izango dira arazo ekonomikoak izango dituztenak ere. Eta bestalde, herri mailan, festa giro hori ez egoteak sortuko duena ere kontuan hartu beharko genuke, bizipoz bat delako musika hortxe izatea.

Erlazionatuak

Dantza lotuan ezean, sueltoan

Irati Saizar Artola 2020 uzt 17 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!