Koronabirusa

Dantza lotuan ezean, sueltoan

Irati Saizar Artola 2020ko uzt. 17a, 11:00

Beste hainbat arlotan bezala, alarma egoerak trikitilarien zein erromeria taldeen uda sasoia kolokan jarri du; pixkana hitzorduak lotzen hasiak dira, baina, era berean, zintzilik ikusten dituzte.

Plazarik plaza eta festaz festa ibiltzeko garaia izan ohi da uda. Zer esanik ez musikarientzat, eta bereziki, erromeria taldeentzat. Aurten, ordea, datorrenari egin beharko diote aurre askok. Festak, bere orokortasunean, bertan behera geratu dira leku gehienetan, baina ari dira emanaldiak han-hemen antolatzen eta horrek «ilusioa ez galtzea» dakarrela dio Maixa Lizarribar trikitilari altzotarrak.

Kontzertu guztiak erortzen joan zaizkie musikariei, poliki-poliki. Ekaina bitarteko guztiak bertan behera geratu dira, baina hortik aurrerako asko «zintzilik» daudela dio Andoitz Antzizar Euskal Herriko trikitixa elkarteko zuzendaritzako kideak. Trikitiarekin plazarik plaza ibili ohi diren guztiek berdina omen diote: «Hitzartutako datak hor daude, baina guztiak zintzilik». Ezjakintasun horretan doaz aurrera, baina «esperantzarik galdu gabe».

Lizarribarrek azaldu du orain artean AMAK taldearekin zituzten kontzertuak ere erori egin zaizkiela, baina berriak ere ateratzen ari zaizkiela. «Argi pixka bat ikusten hasita gaude». Hala ere, esan du prest egon beharra daukatela egun batetik bestera etor daitezkeen aginduekin edo egoera aldaketarekin emanaldiak bertan behera uzteko.

Gertu dantzatzekoa

Kontua da trikiti doinuarekin arin-arin eta fandangoa dantzatzeaz gain, bikoteka dantza egiteko errepertorio zabala dagoela. «Kontaktuko musika da gurea», dio Antzizarrek. Lizarribarri garai batean Lizartzan egiten ziren erromeriak etorri zaizkio burura: «Sueltoan bakarrik egin zitekeen, agarratuan ezin zen egin». Kasu horretan, «apaiza etorri beharrean polizia etorriko zaigu esatera helduta ezin dugula dantzarik egin; garai batean erlijioagatik zena, gaur egun osasunagatik da, eta agian, fandango eta arin-arinak soilik dantzatu beharko ditugu, tango eta pasodobleen ordez», dio Antzizarrek.

Kultura dute musikari askok lanerako erreminta. «Militantzia da azken batean, gure lana maite dugu, egiten duguna maite dugu. Guk geuk esaten dugu askotan: egoera prekarioa da, bai, baina egin nahi dugu hala ere», aitortu du Lizarribarrek. Egoerak zer ekarriko duen ez dakiten arren, aurrera begira jarriak dira dagoeneko.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!