Tolosaldeko hiru hautagai, Eusko Legebiltzarrean

Ataria 2020ko uzt. 13a, 18:00

Bakartxo Tejeria, Ibai Iriarte eta Mikel Otero

EAJ-k ordezkari bat izango du parlamenduan: Bakartxo Tejeria larrauldarra. Eta EH Bilduk, berriz, bi: Ibai Iriarte tolosarra eta Mikel Otero alkizarra.

 

BAKARTXO TEJERIA OTERMIN

EAJ

Bakartxo Tejeria Otermin EAJko Gipuzkoako zerrendaburua. Larraulgoa jaiotzez, baina egun Donostian bizi da. Zuzenbidean lizentziatua da. Abokatu lanetan aritu izan da eta Villabonako bake epailea izan zen. Villabonako zinegotzi bezala hasi zen politikagintzan, eta 2003-2007 legegintzaldian bertako alkate izan zen. 2001. urteaz geroztik da legebiltzarkidea, eta azken bi legegintzaldietan Eusko Legebiltzarreko presidentea izan da.

 

IBAI IRIARTE SAN VICENTE

EH BILDU

Ibai Iriarte San Vicente EH Bilduko Gipuzkoako zerrendako seigarren hautagaia. Tolosarra eta gazte mugimenduetan hezia. AHTaren aurkako mugimenduan aritua. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Gipuzkoako koordinatzaile izan zen 2009 2011 urteen artean. Tolosako alkatea 2011-2015 legegintzaldian eta ondoren, Gaindegiako langilea eta Berriozarko euskara teknikaria izan zen. Gaur egun Altsasuko Iñigo Aritza ikastolako zuzendaria da. 

 

MIKEL OTERO GABIRONDO

EH BILDU

Mikel Otero Gabirondo EH Bilduko Arabako zerrendaburua. Alkizan jaioa, baina aspaldian Araban bizi da. Filosofia eta historia ikasketak ditu eta ekologian aditua da, besteak beste, Fraking Ez plataforman aritu zelarik. Suhiltzailea da ofizioz Gasteizko suhiltzaileen parkean. Aurreko 2016ko hauteskundeetan koalizioaren Arabako zerrendan bigarren aurkeztu zen, eta hori dela eta azken lau urteetan legebiltzarkidea izan da. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!