"Badaezpada, ordezkoei ere hauteslekuetan geratzeko esan diegu, beste mahairen batean beraien beharra izanez gero edo, baina azkenean, ez da horretarako beharrik izan, eta arduraz jokatu dute mahaikideek", azaldu du Tolosako Zerkausian boluntario modura lanean ari den herritar batek. Ondorioz, Tolosan bestelako arazorik gabe igaro dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde eguneko lehen orduak.
Arazorik gabe, baina ezohiko moduan, jakitekoa zen bezala. Higiene eta segurtasun neurriek ezarri dute ezohikotasun hori, jende pilaketak saihestea izaten ari baita egiteko nagusia. Musukoa jantzita bertaratu, 1,5-2 metroko segurtasun distantzia utzita ilaran itxaron, markatutako ibilbideari jarraitu, gel hidroalkoholikoarekin eskuak garbitu, eta NA mahaiko lehendakariari erakutsi. Horiek izan dira, botoa eman aurretik, hauteslekuetan jarraitu beharreko neurriak; herritarrek zorrotz bete dituzte guztiak.
Hala ere, eta hauteslekuak aldaketzeak nahiz toki berriak ezartzeak eraginda, izan da galduta ibili denik ere. Tolosan, Beotibar Udal Pilotalekua, Inpernu kaleko lokalak nahiz Zerkausia izan dira leku berri horietako batzuk. Kultur etxean, musika eskolan edota Emeterio Arrese kaleko zentro sozio-kulturalean bozkatu ohi dutenei eragin die gehien aldaketak.
Parte-hartzearekin kezkatuta
Amasa-Villabonan, berriz, kiroldegiaz gain, Zubimusu Ikastola eta Gurea antzokia izan dira hautesleku berriak. "Egoera arrunta balitz, kiroldegian ezarriko lirateke 7 mahaiak, baina hartu beharreko neurriak direla eta, ezinezkoa zen, eta beraz, leku berriak ezarri behar izan ditugu", adierazi du Beatriz Unzue alkateak.
Gaurko egunari dagokionez, "zaila" izango dela aurreikusi du, "jendeak etxetik ateratzeko beldur handia duelako". Unzuek, gainera, ez du parte-hartze handirik espero. "Asko jaitsiko da", nabarmendu du.