Dispositibo berezia hauteskunde egunerako

Ataria 2020ko uzt. 9a, 11:00

Eusko Jaurlaritzak larunbatean emango ditu argibide gehiago; 'Tolosaldeko Ataria'-k egunak ematen duenaren berri emango du.

Hauteskunde eguna izango da igandekoa. Apirilaren 5ean ziren egitekoak, baina atzeratu ondoren uztailaren 12an aukeratuko dituzte herritarrek Eusko Jaurlaritzako 75 legebiltzarkideak.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila azken ukituak ematen ari zaizkio Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde egunerako prestatzen ari diren dispositiboari. Bezperan, larunbatean, agerraldia egingo dute azken xehetasunen berri emateko, baina jadanik dispositibo horren zenbait atal aurreratu dituzte.

Aurrekoetan bezala, Gasteizen zentralizatuko dute hauteskunde egunari buruzko informazioa, Lehendakaritzaren egoitzan, eta han emango dute gertatzen denaren berri. Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak hiru agerraldi egingo ditu parte hartzeari buruzko datuak eta gerta litezkeen gorabeherei buruzko informazioa emateko. Bozketa, berriz, 20:00etan amaituko da; horren ostean, Beltran de Herediak beste agerraldi bat egingo du emaitzak eta alderdi bakoitzak zenbat parlamentari lortu dituen jakinarazteko, boto kopuru esanguratsua zenbatutakoan.

Beste aldetik, Jaurlaritzak www.hauteskundeak.eus webgunea jarri du abian eta zuzenean emango ditu boto zenbaketaren inguruko datuak.

INFORMAZIOA 'ATARIA'-REN ESKUTIK

TOLOSALDEKO ATARIA-k hauteskunde kanpainaren berri eman du azken asteetan, eta bost alderditako hautagaiak elkarrizketatu ditu. Eta igandean ere hauteskunde egunak ematen duenaren berri emango du ataria.eus webgunean.

Iluntzean herriz herriko emaitzak jasoko ditu eta astearteko egunkarian hauteskundeei buruzko informazio zabala eskainiko du. Datuak biltzearekin batera, alderdien emaitzen balorazioa eta hauteskundeek emandakoaren irakurketa egin ahal izateko gakoak emango ditu, adituen iritzien bidez.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak bereziak izango dira, COVID-19aren eraginez, eta hauteskunde egunak utzitako irudi berezi eta ezohikoek ere izango dute tokia TOLOSALDEKO ATARIA-n.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!