Alarma egoeraren hedatze uhinak prekarietatearen ateak zuzenean jo ditu. Ekonomia eta genero ikuspuntutik emandako datuen arabera, emakumea izan da genero kolpatuena eta formula honi, lan prekarioak eta gehienetan egoera irregularrean egotea gehitu behar zaizkio. Zutani janari bankukoek emandako datuen arabera, janari eskaria %25 igo zaie eta beraiengana jo dutenen artean, 70 pertsona etxebizitza unitatea galtzeko arriskuan daude. Datu hauen atzean dauden, hezur-haragizko gizon-emakumeen istorioa da hau. Egoera irregularrean daudenak gehien kolpatu baditu ere, badira gizarte zerbitzuetan laguntza eskatu eta janari bankuaren beharra izan duten euskaldunak. Maddi eta Mikelen kasua da hau erreportaje honetan elkarrizketatu diren bost protagonistei emango zaizkien izen guztiak asmatuak dira.
Ustekabean harrapatu zuen berrogeialdiak eta ondorengo lan munduaren geldiuneak Maddi. 47 urteko emakume polifazetikoa, kulturan, mugimendu sozialetan, politikagintzan, zaintzan eta komunikabideetan Iparraldean eta Hegoaldean lanean aritu dena. Bere lan jardunean gehienean kontraturik gabe aritu da, batzuetan berak eskatuta, besteetan halabeharrez. «Sistematik kanpo bizi izan naiz orain arte, oso libre. Hain libre izan naiz, ezer gabe geratu naizela», dio Maddik. Alarma egoera aurretik, turismo aldizkari bat kaleratzeko proiektuan murgilduta zegoen buru-belarri. «Maiatzean publikatu behar genuen, baina martxoan mundua geratu zen eta baita gure proiektua ere. Lanik eta diru iturririk gabe geratu nintzenez, laguntza eskatu behar izan dut, alaba bat dut nire kargu eta bere ongizatea da niretzako garrantzitsuena». Maddik edozein lani heltzeko asmoa duela adierazi du: «Zorionez etxebizitza mantendu dezaket eta horrek lasaitasuna ematen dit, nituen aurrezkietatik tiraka ari naiz, baina ez dut diru iturririk izan martxoaz geroztik. Edozein lan egiteko gai naiz, Curriculuma leku askotara bidali dut», azaldu du. Itxaropena badu Maddik egoera hobetzeko, lana bilatu bitartean, Lanbideko kurtso bat egiteko nahia ere azaldu eta egoera asko luzatzen bada, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eskatuko duela adierazi du.
Mikelek ere badu esperantza bere egoera hobetzeko, baina bitartean elikagaien bankuko zerbitzua jasotzen ari da martxoaz geroztik. 36 urteko gizasemea, eskualdekoa, haur baten aita eta emaztearekin batera, amaren etxera itzuli dena zorrak ordaindu ahal izateko.
Enpresa bat ireki zuen eta gauzak ez ziren nahi bezala joan. «Bost hilabetez diru sarrerarik gabe egon nintzen eta kredituak kredituaren gainean. Urtarrilean lan berri batean hasi nintzen automozioko enpresa batean komertzial gisa eta hasi eta berehala berrogeialdia etorri zen». Egoera ikusirik, herriko udaleko gizarte zerbitzuetako ateak jo zituen eta hauek elikagaien bankuarekin jarri zuten harremanetan. «Egoerak batzuetan oso urduri jarri nau, antsietatea, kezka… Haur bat dut eta bere ardura da niretzako lehentasuna. Amaren etxean bizi naiz eta badakit kale gorrian ez naizela geratuko, baina hilabeteko zorrak ordaindu eta 100 euro geratzen zaizkit libre».
Prekarietatea eta irregulartasuna eskutik
Immigrazioaren Euskal Behatokiak emandako datuen arabera, egoera irregularrean dauden gehienak emakumeak dira EAEn. Eskualdean ere, presente ditugu emakume hauek, gehienetan, helduen zaintza eta haurren zaintzan aritzen dira. Uma, Marcela eta Ledaren kasuan bezala: emakumeak, egoera irregularrean eta COVID-19aren ondorioz lana aurkitzeko zailtasunekin. Hirurek jo dute udaleko gizarte zerbitzuetara laguntza eske, egoera irregularrean eta alokairuko kontraturik gabe egoteak laguntza ekonomikoen bidea ixten dien arren. Elikagaien bankuko janariari esker eta dituzten xoxa gutxiei esker bizirauten ari dira.
Umari gurasoek ordaindu zioten abioi txartela duela hiru urte t'erdi. Bere herrialdeko egoera kaxkarretik alde egin nahi zuen eta bizimodu eta aukera berriak hemen bilatu. «22 urterekin iritsi nintzen Madrilera, han umeen zaintzan lan egin nuen. Gero Tolosara etorri nintzen, gurasoen ezagun baten bidez. Helduak zaintzen aritu naiz orain arte, barne langile bezala edo hamabi orduko txandekin». Martxoa eta ekaina bitartean adineko pertsona baten zaintzan aritu da, hamabi orduko lanaldi batengatik 500 euro jasoz. «Agian pentsatuko du kontratatzaileak fabore bat egiten zidala diru hori emanda, nik horri esplotazioa deitzen diot. Baina lan hori hartu edo ezer ez da beste aukera. 200 euroko alokairua ordaindu behar dut, etxeko gastuak eta gurasoei bidaia txartelaren dirua pixkanaka itzuli. Diru gutxi geratzen zait soberan». Irmoa da bere hitz jarioan, badaki egoera latza sufritzen ari dela eta azken hiru urte t'erdian bizitakoak sendotu egin dutela, gurasoei sekula ez die kontatu batzuetan zein gaizki pasatzen ari den, ez ditu kezkatu nahi. «Nire herrialdean emakumeak etxean geratzen dira familia zaintzen, gizonak dira lan mundura joaten direnak. Hortik ihes egin eta emakume libre eta independentea izan nahi nuen ekonomikoki, ikasketak hemen burutu. Feminista naiz, nire kapazitatea eta eskubideak badakizkit zeintzuk diren. Baina hemen bizirauteko gorriak ikusten ari naiz». Umak, egoera irregularrean daudenen egoera, espiral baten modukoa dela argi du eta ez du ulertzen instituzioek zergatik ez duten errazten pertsonen legaltasuna. «Gobernuak gure egoera legalizatuko balu, lan kontratu bat edukiko nuke, etxebizitza nire izenean alokatzeko aukera, zergak ordainduko nituzke, sistemari ekarpen ekonomikoa egin, ez nintzateke laguntza eske ibiliko!». Lan bilaketa aktiboan ari da buru-belarri, curriculumak bidaliz, karteltxoak jarriz, interneteko eskaintzak ikusiz, edozein lanari helduko liokeela dio. «Baina kartelak jartzeko, eskualdetik kanpora lan elkarrizketak egiteko garraiobidea ordaintzeko dirua behar dut, dena gastua da».
Marcelaren egoera ere ez da samurra, 23 urteko emakume honek duela sei hilabete utzi zuen bere herrialdea, bizimodu hobe bat aurkitzeko esperantzan eta familia ekonomikoki laguntzeko asmoz. Eskualdean erroldatua dagoen arren, ez du etxebizitzako kontraturik edukitzeko ahalmenik egoera irregularrean egoteagatik, «martxoa baino lehen, ordu solteak egiten nituen lan, ostalaritzan garbiketan eta pertsona helduen zaintzan. Orain ordea bi lanak galdu ditut, adinekoek ere nahiago baitute zaintzaile bakarrarekin egon, badaezpada ere», azaldu du Marcelak. Diru sarrerarik gabe geratu da eta ekarri zituen xoxekin ezin du alokairua ordaindu, atzeratu egin diote ordainketa baina lana lortu bezain pronto atzeratutako guztia ordaintzeko erabiliko du. «Lagun baten bidez jakin nuen janari bankuarena eta beraien laguntza ezinbestekoa izan da niretzako, orain jatekoa badut behintzat». Egoera bere onera etortzean lanari amorruz heltzeko gogoz dago, «haur eta helduen zaintzan, garbiketan, edozein lan egingo nuke», dio. Kezkatua dago ordea, helduen zaintzarako titulu bat eskatzen hasi baitira: «Gustura egingo nuke kurtso hori, baina nola ordaindu? Lana da nire lehentasuna, baina oztopo asko aurkitzen ditut eta COVID-19ak dena hankaz gora jarri du».
Oinarrizko eskubidea, etxebizitza
Ledak 2019 abuztuan agurtu zituen bere bi semeak eta ama eta abioi txartel hark, bizimodu hobe batera eramango zuen esperantza zuen. Bide batez, semeei eta amari ekonomikoki lagunduko zien, bere herrialdean dena hankaz gora baitago. Ezagun baten bidez eskualdera etorri zen eta hilabeteko ordezkapena egin zuen barne langile bezala, abenduan. Hilabeteko lanaldi intentsuaren ostean, aste-bukaeratan helduen zaintzaren ardura izan zuen, bi hilabete t'erdiz. «Hasiera hartan dirutxo bat irabazi nuen eta nire gastuak ordaindu eta sobratzen zena familiari bidali nion, sekula ez nuen pentsatu hau gerta zitekeenik». Eskualdean erroldatua badago ere, alokairua ordaintzeko zailtasunak izan dituenez, ez diote etxean geratzeko aukerarik eman eta pandemiaren erdian larritasun bizian eskualdea utzi eta kostaldeko herri batera joan da, «haur bat zaintzearen truke logela eta otordua eskaini dizkidate». Bere egoeraren larritasunak antsietatea eta urduritasuna sortu diola aitortu du: «Bakarrik nago, familiatik urrun eta haiek ez dakite zein den nire egoera eta hala hobe gainera». Barne langile bezala lan egingo luke gustura: «Hartara etxea alokatzeko beharrik ez nuke izango eta batzuetan gainera hemengo familiek etxean bertan erroldatzeko aukera ematen dute». Egoera irregularrean egotearen ondorioak ere badakizki: «Lana bilatzea zailtzen digu irregulartasunak eta lan baldintzak prekarizatu».