Koronabirusa

«Zientziak eta egungo medikuntzak alor soziala erabat ahaztu dute»

Erabiltzailearen aurpegia Agurtzane Belaunzaran 2020ko uzt. 11a, 07:59

Arantzazu Lizartza Saizar (Leitza, 1994), berastegiartua azken urteetan. Medikuntzako ikasketak amaitu eta familia medikua izateko bidean da. Pandemiaren erdi-erdian estreinatu da profesional gisa, etxegabeen osasuna zaintzea izan da bere lana, bi hilabetez. Koronabirusetik babesteko beharrezko neurri guztiak hartu eta entzuteko eta maitatuak izateko premia izan duten pazienteei mediku kontsulta eskainiz. Diagnosia ere egin du bizitzea egokitu zaion esperientziatik, medikuntzak humanismo alorrari eman beharko liokeen garrantzia azpimarratzen baitu uneoro. Pazienteek begiak soilik ikusten bazizkioten ere, normaltasun berri honetan kale gorrira itzuli direnek, errekonozitu egiten dute kalean eta «Doktora!», deitzen diote. Elkarrizketara etorri aurretik, paziente izan duen gizaseme bati, ogitartekoa eta bere konpainia eskaini dizkio, humanismo profesionalaz gainera, pertsonala ere elikatuz.

Hasiera berezia zurea.

Oso berezia bai. Nire pazienteak kale egoerako pertsonak izan dira, egoera horretara hainbat motibok eramanak, bakoitzak bere motxila eta aurrekariekin. Oso jende zaurgarria, zalantzarik gabe, sistema kapitalista honetan txertatzea eragozten zaion kolektiboa eta entzuna izateko premia asko daukan jendea. Kalean egotetik, bat-batean, teilatupeko bizi arauetara egokitu behar izan dutenak. Metaforikoki azalduta, 44 neurriko oinetako batzuetan, 39ko hanka edukita, ibilbide nahiko gordina egitea bezalakoa izan da. Ibiltzeko gai izan naiz, baina nire neurria baino handiagoko oinetakoetan. Eta horrek dakartzan deserosotasunek bizitzea tokatu zait mediku gisa.

Zeintzuk adibidez?

Medikuntzan esperientzia oso inportantea da eta horrek zalantza arintzea dakar. Esperientzia ezak ordea zalantzan ibiltzea dakar jardun profesionalean. Gainera, oso kritikoa naiz gaur egun dagoen gainmedikatzeko ohiturarekin eta psikofarmakoen erabilera arinarekin. Suertatu zait kolektibo honek nahiko kontsumo altua izatea eta estrategia ez da izan interbentzio estrategia, kalte murrizketa deritzona baizik. Eta pertsonalki frustagarria suertatu zait momentu askotan.

Zergatik?

Psikofarmakoak gustatuko litzaidakeena baino gehiago preskribatu ditut eta hor autokritika sakon bat egiten diot neure buruari. Sakoneko zauriak josi ordez, tirita apal batekin tapatu ditut. Hori izan da nire estrategia, jakinda eta kontziente izanda ongizatea ez dutela horrela berreskuratuko. Erabiltzaileekin harreman oso ona eduki dut eta horrek asko gogobete nau.

Zenbat paziente izan dituzu guztira?

160 bueltan izan ditut, datuak ez dira zehatzak, altak eta bajak egon direlako. Gehiengoa gizonezkoak, hamarretik bat, bakarra emakumea eta ia %40a egoera irregularrean zegoela esango nuke.

Zure lantokia ere berezia izan da.

Proiektua Donostiako Udalak jarri zuen martxan, alarma egoera ezarri eta bost egunera. Lau zentro egon dira martxan, Atano III pilotalekua, Antiguoko La Sirena gazte aterpetxea, Intxaurrondoko ostatu bat eta Abegi etxea. Azken honek, kale egoeran dauden pertsonak jasotzen ditu, urte osoan zehar. Lantaldeari dagokionean, Arrats elkartea arduratu da hezitzaileen kontratazioaz eta gero udaleko gizarte langileak eta irudi sanitario bezala ni bakarrik egon naiz.

Zeintzuk izan dira beraien beharrak? Zer patologia dituzte egunerokoan?

Patologia ordez, asaldura definizioa erabiliko nuke. Behar emozional, afektibo eta sentimentalak izan dira, ez dira behar fisiko edo organikoak izan. Beraien diagnosia ez da odol analisi edo eskaner batekin egiten. Izan ditugu barizetako hemorragiak, otitisa, arnasbideko arazoren bat… Baina gehiengoak kontsultatzen zidan entzuna izateko. Autoestimuari dagokionean, akaso behar dute alboko batek estimulatzea eta esatea, 'barkatu zure bizitzak guri inporta digu' eta babes hori ematea zen gehien behar zutena, maitatuak sentitzea, zainduak sentitzea.

Kale gorrian bizitzearen kausak?

Beraien kalteak, antsietateak, insomnioak... ez dira zerbait organikoa dutelako. Kale egoerak sortzen duen gordintasunagatik baizik; ez jakitea otordurik izango duzun, dutxarik ez edukitzea, behar fisiologikoak asetzeko leku ezak, lotarako toki duinik ez izatea… Horrek denak asaldura sozial bat sortzen du, antsietatea gehiengoan eta horrek kolektibo hau toxikoen menpe erortzera darama, ihesbidea dute. Eta honek, arrakala soziala eta bazterkeria are eta gehiago elikatzen ditu.

Denbora horretan zehar nabaritu al duzu beraien hobekuntzarik?

Pandemian zehar, zainduak sentitzeak beraien bizitza hezurtu du. Ikusi da, nola premia hauek asez gero pertsona hauek estimulatzen diren eta sekulako potentzia duten. Azkar erantzuten ez badugu, berriro toxikoen menpe amaituko dute, garaiz gaude, kolektibo honekin interbentzioa egiteko.

COVID-19 kasurik izan al duzue?

Zorionez ez. Arnasbide arazo bat zuen paziente bat isolatu behar izan nuen, horretarako egokitutako zentro batean, Hondarribian. Baina birusaren arrastorik ez dugu izan.

Beraien familiekin harremanak izateko aukerarik izan al dute?

Bai, harrigarria bada ere, denek dute mugikorra eta gehienak egon dira harremanetan familiarekin. Paziente batek bere alabaren argazkiak erakusten zizkidan. Egoera gogorrean badaude ere, beraiei ez zaie burutik pasatzen beraien herrialdera edo etxera itzultzea, nolabait porrota bezala ikusten baitute, ez dute aukeratzat ikusten, nahiz eta hemen lokatzan sartuta egon.

Eta orain zer gertatuko da haiekin? 

Ziurrenik zailtasun are zailagoak izango dituzte egoera ere halakoxea delako. Dena prekarioagoa izango da eta proletarioa kaltetua bada, beraiek oraindik eta gehiago.

Munduaren erdiak ez omen daki beste erdia nola bizi den. Gure munduan azpi-mundu asko ditugula ohartu gara.

Gauza bat ikustea da eta beste bat ikusi eta begiratu nahi ez izatea. Ikusi ondoren ere ikusezin bihurtzen ditugu batzuetan. Egin dezakezu ordea, ikusi eta begirada zorroztu, kontzientziara eraman eta hausnartu. Hori norbanakoaren hautua da. Baina postmodernitatean indibidualismoa gehiago elikatzen dugu eta argi dago, norberaren hedonismo aseezin feudoa ukitzen ez den bitartean gutxi axola zaigula zertan den albokoaren feudoa.

«Oso kritikoa naiz gaur egun dagoen gainmedikatzeko ohiturarekin eta psikofarmakoen erabilera arinarekin»

Berrogeialdian etxerik gabekoak babespean egon dira eta alarma egoera amaitu bezain pronto teilatupea ere amaitu da. Pandemiaren paradoxak?

Zalantzarik gabe. Aldizkari honetan bertan, iritzi artikulu batean azpimarratu nuen atzera kontuak oso ezberdinak izan direla beraientzako. Guk gure bizitza hedonista honi heltzeko gogoz ginen eta beraiek berriz atzera kontua oso ezberdina bizitu dute, bazekitelako premiazko behar horiek galduko zituztela eta berriro ere kale gorrian aurkituko zirela.

Zer erakutsi dizute etxegabeek?

Uf… Hasteko oso ahaztua nuen definizio baten garrantzia erakutsi didate, Munduko Osasunaren Erakundeak, gure erreferentea denak, ongizatearen definizioan, ongizate psikologikoa, fisikoa eta soziala kontuan hartzen dituela. Baina gaur egun, zientziak eta egungo medikuntzak alor soziala erabat ahaztu dute. Garrantzi handia ematen diogu teknologiari eta zientziari, baina gatazka sozialak ere sortzen doaz… Eta gu ikasketetan zehar ez gara formatzen alor sozialean. Bestetik enpatia elikatu dut, kolektibo hauekiko aurreiritziak landu ditut, historia klinikoaren garrantziaz ohartu naiz. Termometroa eta fonendoskopioa nituen soilik lanerako eta erabil dudan lanabes bakarra elkarrizketa klinikoa izan da. Gizarte asalduraren diagnostikoa egin dut eta gizartea eraldatzeko premiaz ohartu naiz.

Zure pazienteak, 'kalean' ikusten dituzu orain.

Bai eta COVID-19agatik goitik behera tapatua nengoen arren, begiak bakarrik ikusten bazizkidaten ere, kalean ezagutu egiten naute! Kasu egiten diet, hitz egiten dut beraiekin eta esaten diet zaintzeko. Eta gero pentsatzen dut: 'Nola esango diet zaintzeko, kalean badaude lotan! Zer exijitu behar diet, sistemak zaindu behar dituenean, elkar zaindu behar garenean… Ez da ardura indibiduala, ardura kolektiboa da. Eta ni eskaerak egiten!'.

Distopia erreal bat bizitu dugu, utopia nolakoa litzateke zuretzako?

Utopia, balioz berregituratutako gizarte bat litzateke, non zaintza lehenesten den. Ez soilik pertsonen arteko zaintza, baita Ama-lurrarekiko, animaliekiko, zaintza zentzu orokorrean. Non baliabide eta aukera berdinak izango genituen denok eta bakoitzak libreki erabakiko lukeen nola erabili baliabide hoiek. Indibidualismoaren eraistean oinarritutako gizartea eta komunitatea eta kolektiboa indartzen duen sistema eta batez ere justua dena.

Eduardo Galeanok esaten zuen bezala, utopiak ibiltzen jarraitzeko balio du eta ibiltzen jarraitzeko balioko dit niri, nahiz eta batzuetan oinetakoak neurriz kanpokoak eduki.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!