"Euskadik bitamina berriak behar ditu krisiari aurre egiteko"

Iñigo Terradillos 2020ko uzt. 7a, 11:58

Zaintza eta bizitza uztartzeko euskal itun bat proposatzen dute, eta beharrezko ikusten dute zerga erreforma, aberastasuna birbanatzeko; ekonomia zirkularraren Euskadiko ituna ere bultzatuko dute.

Elkarrekin Podemos-en Gipuzkoako zerrendan zazpigarrena da Josetxo Arrieta (Donostia, 1954). Ezkerreko alderdien ituna beharrezko ikusten du, «zerbitzu publikoak indartzeko».

Osasun krisiaren kudeaketaz zer balantze egiten duzue?

Koronabirusaren jarraipena egiteko mahai bat egon da, baina guk, egoera ezohikoa zela ikusita, aliantza berezi bat planteatu genuen beste mahai bat sortzeko, krisi ekonomiko eta sozialari buruz ere hitz egiteko. Ez da horretaz hitz egiteko aukerarik izan. Nire ustez, ez dute ondo egin. Ez dute guztiekin kontatu, horrelako egoera batean denok txalupa berean elkarrekin lan egin beharko genuke, eta ez da horrela izan.

Jaurlaritzaren azken legealdiaz zer balantze egiten duzue?

Ez dugu oso balantze positiboa egiten. Argi geratu da Euskadiri klientelismoa ez zaiola arrotza, eta hor daude, esaterako, De Miguel auzia edota Osakidetzaren oposaketak. Guretzat oso mingarria izan den Zaldibarko krisiaren kudeaketa lotsagarria ere azpimarratuko nuke. Oso lege gutxi atera dira aurrera. Legealdi txiroa izan da orokorrean.

Errealitate berriaz zer esango zenuke?

Larri ikusten dugu. Jakin badakigu gertatu dena eta gertatzen ari dena, eta krisi sozial eta ekonomiko handia datorkigula, dirudienez. Ikusita ez dela sortu krisiari aurre nola egin aztertzeko alderdi politikoak, sindikatuak eta eragileak bilduko dituen mahai bat, gobernu bat osatu beharko dugu lehenbailehen, egoera gainditzeko neurriak martxan jartzeko.

Oro har, ekonomian zer neurri hartzea ikusten duzue?

Ekonomia berrindartzeko hiru ardatz banatu ditugu: ardatz morea, gorria eta berdea. Ardatz morean, osasun publikoa indartzea eta aurrekontuan blindatzea aurreikusten dugu. Osakidetzako lehen mailako arretako langileen kopurua handitu eta lan baldintzak hobetu behar dira. Bestalde, adinekoen egoitzetan gertatu dena ikusita, egoitzak euskal osasun sistemaren barruan sartzea nahi dugu, eta era berean, bertako langileen eta etxez etxeko langileen baldintzak hobetzea. Zaintza lanaren hutsuneak agerian geratu dira, eta ildo honetan zaintza eta bizitza uztartzeko euskal itun bat onartzea aurreikusten dugu. Hezkuntzari dagokionean, hezkuntza publikoaren finantzaketa legez blindatu behar da. Eskola publikoetan ikasturte berrirako lanpostuen zerrenda jaso dute, eta nabariak dira murrizketak. Guk argi dugu, ordea, langile gehiago beharko direla. Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreformaren beharra ikusten dugu, etxegabetzeak eragoztea, alokairua erraztea eta hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea. Horrek guztiak zerga erreforma behar du, aberastasuna birbanatzeko. Ardatz gorrian, lan baldintza duinak bermatzeko eta lan eskubideak errespetatzeko politiketan inbertsioa handitzea ere aurreikusten dugu. Ardatz berdean, bestalde, industria jasangarriaren, trantsizio energetikoaren eta ekonomia zirkularraren Euskadiko itun bat bultzatuko dugu.

Euskalgintzan gogor eragin du osasun krisiak eta ziurgabetasuna handia da, batez ere, erakundeetatik murrizketak espero direlako. Zer aurreikusten duzue zuek?

Tokiko hedabideak komunikabide publikoaren edo guk deitzen diogun moduan, Telebatzokiren alternatiba dira. Gu gobernuan sartuko bagina hori aldatu egingo genuke, telebista publikoak ezin baitu egon alderdi baten eskuetan. Bestalde, izugarria da kulturan lanean ari direnen egoera. Kultura, eta gure kasuan, euskal kultura, guztia da, gure arima da. Bestelako aurrekontuak izan beharko ditugu, eta sektore honi ere lehentasuna eman. Mahai bat eratu behar dugu sektorea indartzeko zer norabide hartu aztertzeko.

Pentsiodunek kezkatzeko arrazoiak eduki beharko lituzkete?

Guztiok onartzen dugu gai honi erantzuna eman behar zaiola. Zenbait aldarrikapen mahai gainean jartzeko beharrezkoak direla pentsiodunenak bezalako mugimenduak argi dago. Pentsiodunak oso egoera txarrean daude, eta horri erantzuna eman behar zaio.

Tolosaldeko osasungintza eztabaidarako gai izan da azken urteetan.

Ospitale berrirako Tolosaldeko biztanleriaren arabera zenbat mediku edota erizain behar diren aztertu beharko litzateke. Tolosaldeak ospitale publikoa behar du, eta bertan lanean ariko direnen lan baldintza duinak.

Itxialdian kutsadura asko murriztu dela ikusi dugu. Zer da zuek alor honetan proposatzen duzuena?

Guretzat lehentasuna da ingurumena zaintzea. Horregatik, gure programan zutabeetako bat da ardatz berdea. Gure ekonomia eraldatzeko ezinbestekoa da klima aldaketaren legea aurrera ateratzea, eta enplegu berdeko sektoreak sustatzea. Bestalde, otsailaren 6an Zaldibarren gertatutakoa ez zen naturaren istripu bat izan. Erakundeen zabarkeriaren ondorioz gertatu zen, eta kudeaketa erabat negargarria izan zen, etengabeko inprobisazioarekin. Zaldibarkoak hainbat ikasgai uzten dizkigu, eta kontuan hartu behar ditugu etorkizunean ez errepikatzeko. Ezin dela negoziorik egin gure osasunaren kontura ikasi behar dugu, eta hondakinak kudeatzeko ereduaz hausnartu behar dugu. Ekoizpen ereduak trantsizio ekologiko bat behar duela ere ikusi dugu, inor atzean utziko ez duena, ez orain ez eta etorkizunean ere.

Zuek maiz errepikatu duzue ezkerreko alderdien ituna hobesten duzuela.

Gure ustez posible da ezkerreko alderdien ituna. Hauteskunde guztien ondoren argi geratu da Euskadin gehiengo sozial aurrerakoi bat dagoela. Euskadik bitamina berriak behar ditu krisiari aurre egiteko eta gainditzeko. Zerbitzu publikoak indartuta ateratzeko aukera bakarra dela iruditzen zaigu.

Nola definituko zenituzkete beste alderdi nagusiak?

EAJ jarraikortasuna eta klientelismoa dela esango nuke, EH Bilduri arazo sozialak eta nazionalak lotzea kostatzen zaiola oraindik, PSE-ri EAJ-ren magaletik irteteak beldurra ematen diola esango nuke, PPk ez dakiela zer den Euskadi, eta Elkarrekin Podemos aldaketa eta zubi moduan definituko nuke.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!