Gaur amaitzen da posta bidezko boto eskaeraren epea

Ataria 2020ko uzt. 2a, 09:06

Hauteskunde kanpainari dagokionez, neurri bereziak hartzen ari dira alderdiak, eta bozen egunerako, hautesleku gehiago ezarriko dituzte zenbait udalerritan.

Maiatzaren 19an, Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde deialdia argitaratu zutenean, Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen uztailaren 12ko hitzordura begira posta bidezko botoa sustatuko zuela, posta-bulegoan eskaera egin eta bertan botoak aurkeztuta. Bada, azken hilabetean nabarmen ugaritu dira eskaerak. 2016ko bozetan halako zortzi ziren eskaerak duela aste batzuk; hautesleriaren %3-5ek posta bidez bozkatzea izaten da ohikoena. Gaur da botoa posta bidez emateko tramiteak egiteko azken eguna.

Correos posta konpainia, gainera, lanean ari da botoa modu telematikoan eman ahal izateko neurriak ezartzeko. Izan ere, Espainiako Hauteskunde Batzordeak duela aste batzuk iragarri zuenez, botoa posta bulegora eraman beharrean, postariari eman ahalko zaio, etxean.

NEURRI BERRIAK KANPAINAN

Horrekin batera, COVID-19aren izurriteak baldintzatutako hauteskundeetarako osasun jarraibideak aurkeztu zituzten Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak eta Nekane Murga Osasun sailburuak, duela hilabete. Hauteskunde kanpainan kontaktu pertsonala saihestuko da, baita liburuxkak, loreak, globoak eta kanpainetako beste ohiko elementu batzuk eskura ematea ere. Eremu itxietan egingo diren ekitaldietan, sarreretan eskuetarako gelak jarri beharko dituzte antolatzaileek.

HAUTESLEKUEN GORAKADA

Hauteskunde egunari dagokionez, 741 hautesleku egongo dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan datorren uztailaren 12an: hau da, 2016ko bozetan baino 41 gehiago (sei Araban, 27 Bizkaian, eta zortzi Gipuzkoan). 714 horietatik, gainera, 100 berriak dira. Urruntze soziala bermatzeko, jende pilaketak saihesteko nahiz hauteslekuetarako sarbideak hobetzeko izan da igoera. Horrenbestez, Espainiako Estatistika Institutuak hautesleei etxera bidali dien errolda txartela begiratzea gomendatzen du Eusko Jaurlaritzak, tokatzen zaien hauteslekuari dagokionean ea aldaketarik egon ote den egiaztatzeko.

Tolosan, esaterako, kopurua mantenduko bada ere, tokiz aldatuko dituzte hautesleku batzuk. Emeterio Arresekoa, Beotibar frontoira lekualdatuko da, kultur etxekoa, berriz, Zerkausira, udal musika eskolakoa, Emakumeen Etxera (Inpernu kalea, 5 eta 10), eta Paper Eskolakoa, Berazubiko auzo elkartera (Elkano kalea, 15). Bestalde, Apaizetxea (Andre Mari plaza, 10A), Amarozko auzo elkartea eta Izaskungo eskolak mantenduko dira.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!