Gertu dagoenaz gozatzera

Irati Saizar Artola 2020ko uzt. 3a, 19:59

Aurtengo udan aire librean kirola egin eta aldi berean naturarekin konektatzeko eskaintza zabala antolatu du Zumardia elkarteak; esaterako, hiru mendi zeharkaldi prestatu dituzte Hernio eta Aralar inguruetan barrena. Mendi gidarien laguntzaz, hiru, bost edota sei eguneko ibilbideak antolatu dituzte, 12 urtetik gorako edonorentzat.

Eguraldi onarekin batera datoz oporrak, eta aisialdiaz gozatzeko denbora ere uda partean izaten dute gehienek. Aurten ere, natura, hezkuntza eta kirola uztartuz Zumardia elkarteak udako eskaintza prestatu du. Dagoeneko hasiak dira hainbat ikastaro eskaintzen, besteak beste, paddle surf eta piragua, mendiko bizikleta eta aurten berrikuntza duten ingelesa eta natur irteerak. Azken eskaintza hau, Nagore Salaberria mendi gidari eta irakaslearen eskutik egiten dute; natura irteerak dira, hiru ordu ingurukoak, eta aldi berean ingelesa praktikatzeko tartea hartzen dute.

Bestetik, mendi zeharkaldien eskaintza zabalago bat egin dute aurten, Nairobitarrarekin elkarlanean antolatu dute. Guztira hiru ibilbide prestatu eta denera hamabi txanda antolatu dituztela azaldu du Ibon Artola Zumardia elkarteko kideak: «Hamabi urtetik gorako edonork egin ditzakeen zeharkaldiak dira». Zeharkaldiak antolatzerako garaian kontuan hartu dute aurten udaleku asko ezin izango direla martxan jarri, eta eskaera horiei neurri batean erantzuteko aukera ikusi dutela azaldu du Artolak. «Gainera, gure inguruan dabiltzan mendi gidariek aurten ez dute aukerarik izan kanpoan lan egiteko».

Hernio eta Aralar inguruan osatu dituzte hiru zeharkaldiak: batetik, Hernioko itzulia. Bi urtez behin Hernio inguruko herrietatik egiten den mendi martxako bidea da, Hernialde, Alkiza, Larraul, Asteasu, Zelatun, Errezil, Bidania-Goiatz eta Albizturtik igarotzen dena. Bestetik, Aralarko buelta. XIV Orduak mendi martxan egiten den ibilbidea da, Gorriti, Lekunberri, San Migel, Igaratza eta minetatik bueltan, Tolosara iristen dena. Eta azkenik, Gaztaren bidea. Ordiziatik hasi eta Aralar eta Aratz-Aizkorri natur parkeetan barrena egingo da, Segura, Zerain, Brinkola, Arantzazu, Urbia, San Adrian, Etzegarate, Lizarrusti eta Zaldibiatik barrena, berriro ere Ordiziara itzuliz.

Aurten, osasun egoera medio, talde murritzagoak egin behar izan dituzte, hamalau parte hartzaile ingurukoak. «Mendian ibiliko garenez, jende gutxirekin nahastuko gara». Hori bai, parte hartzaile bakoitzak bere gauzak eraman beharko ditu motxilan, eta esaterako ezin izango dituzte kantinplorak edo otorduetarako mahai-tresnak partekatu.

Parte hartzaile bakoitzak 7-8 kiloko motxila bana eraman beharko du, eta aurreikusi dutenez, 4-5 orduko etapak aurreikusi dituzte egun bakoitzerako: «Ibilbideek ez dute zailtasun tekniko berezirik, eta garai bateko mendizaletasunaren erritmora egiteko pentsatuak daude». Artolak azaldu duenez, «nekatu ere pixka bat egingo gara, baina ikasteko ere balioko du: gose pixka bat pasa, beroa, euria… denetik ikasi behar da, baina tira, edonork egiteko ibilaldiak dira».

Gainerakoan beharko duten materiala zamaketari batek eramango du gainean: kanpamentua muntatzeko materiala, janaria, sukaldeko tresneria eta botikina, besteak beste.

Etxetik gertu

Ibilbideak prestatzerako garaian, jakin-minez gainezka prestatu dituztela azaldu dute: «Saiatu gara kulturaz, historiaz eta istorioz, eta bitxikeriaz janzten». Taldearekin batera ibiliko diren gidariek ibilbide bakoitzaren historia landu dute, beraz, oinez ibiltzeaz gain, bestelako gauzei buruzko kontuak entzuteko aukera izango da.

Urrutira joan gabe, etxetik gertu mugitzeko aukera izango da, beraz, aurtengo udan, Zumardia elkartea eta Nairobitarrarekin. «Jende askorentzat ezezagunak diren inguruko leku asko ezagutzeko aukera izango dugu; batzuetan, ez dakigu herritik gertu zer daukagun ere», dio Artolak.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!