«Esperientzia polita izango da zeharkaldia»

Jon Miranda Labaien 2020ko uzt. 3a, 20:00

Zumardia elkarteak aurtengo antolatu dituen zeharkaldien artean bada bat berezia. Euskal Herriko ur mugaren zati bat segituz Amezketa eta Eskoriatza arteko ibilbidea egingo dute, mando baten laguntzaz, eta Edurne Barriola eta Peru Ortiz de Zarate gidari dituztela.

Mendi gidari gisa aritzen da Peru Ortiz de Zarate (Asteasu, 1997) eta aurten, osasun larrialdiak behartuta, etxe inguruan pasa beharko du uda partea. Kataluniatik bueltan hitz du Tolosaldeko Ataria-rekin, egin asmo dituzten mando zeharkaldien inguruan.

Ez duzu lehen aldia mandoa lagun hartuta zeharkaldia egiten duzula. 

Ez. Txikia nintzela gurasoekin Transpirenaica ibilbidearen zati bat egin nuen. Orduko hartan, mandoak zeraman saski batean eraman ninduten. Ia ahaztuta daukat baina badut gogoa esperientzia errepikatzeko zeharkaldian izena ematen dutenekin batera.

Nola sortu da aurten horrelako mando zeharkaldi bat antolatzeko aukera?

Josu Iztuetak eman zigun, Tolosako gazteekin mendi zeharkaldiren bat antolatzeko ideia, Zumardiak egiten duen eskaintzaren barruan. Edurne Barriola eta biak martxan jarri ginen dena prestatzen. Edurne zaldi eta mandoekin ibiltzen da lanean. Oinez egingo dugu ibilaldia baina behar den zama eramateko mandoa eramango dugu gurekin batera.

Zuk, berriz, mendi gidari lanak egingo dituzu.

Bai. Neguan Pirinioetan ibiltzen naiz mendi gidaritza eta eskiko irakasle bezala. Uda partean, berriz, leku ezberdinak bisitatuz bidaiak egiten ditut. Aurten, ordea, COVID-19a dela-eta etxean geratzea tokatzen zaigu eta mendi zeharkaldi hauek aukera egokia iruditu zaizkit uda pasatzeko.

«Txikia nintzela gurasoekin, 'Transpirenaica' ibilbidearen zati bat egin genuen mandoarekin»

Zer behar du mendi gidari batek bere lana ondo egiteko? 

Batez ere mendia gustatu behar zaizu eta gero jendearekiko tratua ere gustukoa izan behar duzu. Hori da, nagusiki, behar dena.

Euskal Herriko ur muga naturala aukeratu duzue ibilbidea egiteko. 

Bai. Ur mugak Euskal Herri guztia zeharkatzen du Hiru Erregeen Mahaira arte eta guk zati bat baino ez dugu egingo, Amezketatik Eskoriatzara. Lehenengo etapan GR ibilbide horretatik pixka bat aldenduko gara, Amezketatik Lizarrustirako etapa ez delako ur muga ibilbidean sartzen. Baina gainerako bide guztia bertatik egingo dugu.

Bost etapa prestatu dituzue. Gogorrak izango al dira?

Ez. Nik uste dut parte hartzaile guztientzako aproposa izango dela. Egunean 15 bat kilometro egingo ditugu. Mandoak zama asko eramango du eta ez zaigu egokia iruditu egunean kilometro gehiago egitea. Parte hartzaileei dagokionez, ez dute baldintza berezirik bete behar. Forman egotea komeni da, baina ez da zertan puntako kirolaria izan behar. Azken batean, egunean 15 kilometro egiteko gaitasuna denok dugu eta garrantzitsuena gogoarekin etortzea da.

«Forman egotea komeni da, baina ez da zertan puntako kirolaria izan behar»

Nola moldatuko zarete lotarako eta otorduak egiteko? 

Karpa bat eramango dugu eta zelai guneetan egingo dugu lo. Karpa eta otorduak egiteko beharrezko ditugun janari eta kanpin-gasa, mandoak eramango ditu. Denon artean prestatuko ditugu bazkari eta afariak.

Aurrez iragartzerik ez dagoena eguraldia da. Pentsatu al duzue zer egin eguraldi txarra tokatzen bazaizue?

Bai. Etapak prestatzerakoan helmuga eta irteera puntuak errazak izaten ahalegindu gara. Lizarrusti, Etzegarate, Ortzaute, Arantzazu bezalako tokietara iritsiko gara egunaren amaieran. Berez, guk eramango dugun karpa baliatuko dugu mendian lotarako lekua prestatzeko baina edozein ezusteko gertatu edo eguraldia asko makurtzen bada, aterpea bertatik bertara izango dugu.

Bost eguneko zeharkaldiak izango dira. Badago etaparen bat bestea baino zailagoa?

Gogorrena, akaso, lehenengoa izango da, Amezketatik gora, meategietatik barrena Igaratzara iritsiko gara eta handik Lizarrustira egingo dugu. Hortik aurrerakoak, gainez gain egingo ditugu Eskoriatzako Bizkartza mendira iritsi arte. Aralarko natur parkea pasako dugu aurrena eta gero Aratz-Aizkorrikoa. Bi paraje horiek bertatik bertara gozatzeko aukera izango dugu.

Mandoaren ardura nagusia Edurne Barriolak eramango al du?

Bai. Zaldi eta mandoekin urteetako esperientzia du berak eta antzinako garraioaren eta zama lana egiten zuen ganaduaren inguruko azalpenak emango dizkigu. Nik, nire aldetik, mendien inguruko pasadizoak eta istorioak kontatuko dizkiet parte hartzaileei.

Zenbateko taldeak osatzeko asmoa duzue?

Sei eta hamar parte hartzaile artean izango dira talde bakoitzeko. Uztaileko lehenengo eta hirugarren asteetan 13 eta 18 urte artekoek hartuko dute parte eta bigarren eta laugarren asteetan helduek.

Zuk gidari gisa, zer nahiago duzu, gazteekin edo helduekin aritu?

Taldeen dinamika diferentea izaten da, baina niri berdintsu zait. Behin taldera egokitzen zarenean berdin-berdin egiten dut lan batzuekin zein besteekin.

Zer egin behar da zeharkaldi hauetan izena emateko?

Zumardiako webgunean sartu beharko da eta bertan jaso ahal izango dituzte azalpen guztiak. Aste honetan bukatzen da, berez, izena emateko epea. Esperientzia polita izango da eta nik parte hartzera animatu nahi nuke jendea.

Erlazionatuak

Gertu dagoenaz gozatzera

Irati Saizar Artola 2020 uzt 03 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!