Uztailaren 12an egingo dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, EAEn. Pasa den ostiralean eman zitzaion hasiera kanpainari, eta horrekin batera, kanpainako ekitaldiak ospatzen ari dira herri askotan, baita eskualdean ere. Horietan, gainera, euren programak aurkezten ari dira.
Aurtengo proposamenetan badira kontuan hartu beharreko zenbait berrikuntza, batez ere eskualdeari eragiten dietenak. Izan ere, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiak jakitun dira, azken urteetan Tolosaldeko osasun sistemaren inguruan izan den eztabaidaz; hori dela eta, guztiek egiten diote erreferentzia eskualdeko osasun zerbitzuari.
EAJ
«Tolosan bereizmen handiko zentro bat eraikitzea» da jeltzaleen nahia, «anbulatorioko espezialitate mediku eta kirurgia guztiak har ditzakeena». Halaber, zenbait zerbitzu barne bilduko dituela ere aurreikusten dute: «Kirurgia Handiko Anbulatoriorako ebakuntza gelak eta ekipamenduak, eguneko ospitale mediku-kirurgikoa, eta diagnostiko aurreratuak, batez ere endoskopiak, egiteko baliabideak eta erradiodiagnostikorako ekipamenduak, hala nola, erresonantzia magnetikoa, OTA eta erradiologia konbentzionala».
EH BILDU
Bestalde, «Tolosan ospitale publikoa eraikitzea» nahi du EH Bilduk. Horretarako, baina, beharrezkoa ikusten dute «eskualdeko eragileekin elkarlanean, Tolosaldeko ESI-ak (Erakunde Sanitario Integratuak) eman beharreko osasun arreta adostea».
ELKARREKIN PODEMOS
Azkenik, Elkarrekin Podemosen kasuan, «bereziki» aztertu nahi du Tolosaldeko Asuncion Klinikaren eta Donostiako Ospitale Onkologikoaren arteko itunaren egoera, baita sektore publikoan integratzeko aukera ere. «Lurraldekotasunagatik bereizitako osasun-arretan dauden desberdintasunak ezabatzeko, eskualde desegokienetan osasuna indartuko duten ospitale berrien irekiera ebaluatu eta bultzatuko dugu, adibidez, Tolosaldean», adierazi dute.