'Esnatu naiz', Elurren bizipena oholtza gainean

Jon Miranda / Iñigo Terradillos 2020ko eka. 26a, 14:51

«Zuek uste duzue trans bat lasai bizi daitekeela Albizturren? Edo lesbianak izan eta bikote diren bi neska gaztek lasaitasun osoz bizi dezaketela beren maitasuna Anoetan? Edo ustez laguna duen beste gizonezko bat bikotekide duela esan dezakeela gizonezko heldu batek lasai Tolosan?». Galdera horiek bota ditu Andoni Mutiloa aktoreak. Esnatu Naiz antzerkia, dantza eta musika nahasten dituen showa aurkeztera dator eskualdera Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun sailak gonbidatuta.

Kabaretaren generoa lantzen duen obra honek identitatea, giza-harremanak eta sexualitatea ditu hizpide, baina batez ere, norberaren nortasunarekin bat egin eta aske bizitzeko gonbita egiten du. Horregatik ikusi du aproposa gure eskualdean eskaintzeko, Ana Telleria teknikariak: «Oso originala da, kritikoa, tristea, eta aldi berean, barregarria; egokia iruditu zitzaigun Tolosaldean eskaintzeko ekainaren 28aren inguruan, egun hori aldarrikatu eta ospatzeko».

Donostiako Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren barruan sortu zuen antzerki lana Mutiloak eta COVID-19agatik etena egin ostean, gaur Adunan eta etzi Altzon eskainiko diren saioekin ekingo die berriro ere emanaldiei. «Elur da protagonista. Londresko The Pink Flamingo klubean egiten du lan. Dantzatzeaz eta kantatzeaz gain, bere showa izatea lortu du eta gauero jende asko joaten da bera ikustera. Harrigarria izan da Elurren eraldaketa. Izan ere, duela hamar urtera arte baserrian bizi zen bere familiarekin. Nola demontre lortu du baserritar euskaldun honek underground mugimenduko modako artista izatea Londresen? Zer bizipen izan ditu Elurrek azken hamar urte hauetan? Eta zergatik da Beyonce guzti honen erruduna?». Gisa honetara aurkeztu du Mutiloak 40 minutu inguruko iraupena duen obra. Gidoilari eta zuzendari izateaz gainera, bera da oholtza gainean ageri den aktore bakarra.

«Atzera begira jarriz gero, konturatzen gara LGTBI kolektiboaren eskubideen alde urrats garrantzitsuak eman direla, baina hala eta guztiz ere, oraindik badago sentsibilizazioaren beharra. Helduagoak garenok pentsa dezakegu gazteek ez dituztela, jada, horrelako arazoak bizi. Baina ez da horrela gertatzen. Beldurtuta daude gazte horietako asko, sentitzen dutena adierazteko ikaraz. Badaude 20 urteko gazteak etxean kontatu ezin dutenak, zer diren eta nola bizi nahi duten lagunekin partekatu ezin dutenak. Hori tristea da eta aldatu egin behar dugu».

Telleriak berretsi egin du Mutiloak esandakoa eta Gehitu elkarteak egindako ikerketa bat aipatu du, zeinetan ondorioztatzen den, kolektiboko kide askok euren herrietatik alde egin behar izaten duten beren sexu izaera dela eta. «Lan handia egin beharra dago oraindik», baieztatu du Migrazio eta Aniztasun teknikariak. Mutiloak onartu du oraindik ere genero eta sexualitate gaiak arrotzak egiten zaizkiola jende askori eta Esnatu naiz obra haiengana hurbiltzeko sortu dutela, gai honetara hurbilpen bat egiteko, «modu goxoan, eta dramatizatu gabe». Horregatik, behin emanaldia amaituta, ikuskizunaren sorkuntza prozesua nolakoa izan den partekatuko du Mutiloak gerturatutakoekin eta haien galderak erantzungo ditu. «Solaserako, hausnarketarako eta gogoetarako espazio bat zabaldu nahi dugu».

Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun sailetik antzerki lana modu aproposa iruditu zaie gai hauen inguruko eztabaida bultzatzeko. Mutiloak ere nabarmendu du Esnatu naiz ez dela entretenimendu soila: «Zerbait ikuserraza, arina, ederra eta atsegina sortu nahi genuen, baina zer pentsatua emango zuena. Bestela obra honek ez luke bere helburua beteko».

Mutiloak antzeztu, dantzatu eta kantatu egiten du oholtza gainean eta onartzen du exijentzia handiko lana dela. «Batzuetan iruditzen zait kamikaze bat naizela, inolako babesik gabe oholtza gainera nik bakarrik salto egiteagatik». Bera da da Elurren istorioa hezur mamitzen dabilena baina lan hau osatu ahal izateko hainbat pertsonaren laguntza izan duela aitortu du.

Zauri handiak, oraindik sendatu gabeak azaltzen dira antzerki lan honetan baina obraren egileak nabarmentzen du Elur bezalako pertsonek egoera oso gogorrak pasa izanagatik ere sekulako bizipoza dutela. «Ahal dutena egiten dute alai eta pozik bizitzeko». Bi alde horiek erakutsi nahian aukeratu dute Esnatu naiz lan honetarako kabaretaren formatua. Adunan gaur eta etzi Altzon ikusi ahal izango da, baina Mutiloa gogoz dago beste herrietara ere emanaldi hau eramateko, eta bide batez, lanak berekin dakartzan gogoeta guztiak partekatzeko.

Ekainaren 26an Adunan eta ekainaren 28an Altzon.

Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun saila.

Erlazionatuak

Inon ez egoteko nahia ote da zure ezinegona?

Jon Miranda / Iñigo Terradillos 2020 eka 27 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!