Inon ez egoteko nahia ote da zure ezinegona?

Jon Miranda / Iñigo Terradillos 2020ko eka. 27a, 09:00

Maialen Lujanbiok kartzelako lanean bota zuen 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian. Aurten, ekainaren 28ak gizartearen estereotipoen eta usteen tranpan eror ez gaitezen gogoeta egiteko balioko du Tolosaldean; igual dio nola marraztu gaituzten, garaia da garena gorpuzten hasteko.

Igandean 51 urte beteko dira New Yorkeko Village auzoan izandako istiluetatik. 1969ko ekainaren 28an, Stonewall Inn tabernara agertu zen polizia LGBTIQ komunitateko hainbat kideren aurkako sarekada egitera. Han zeuden transek, maritxuek eta bollerek adreiluekin erantzun zieten poliziei.

LGTBIQ mugimenduaren barruan, sexu askapenaren aldeko borroka politikoan lehen adreilua jartzen lagundu zuen Stonewalleko errebolta entzutetsuak. Mugarri bat izan zen genero disidentzia ikusarazteko eta gorputz hauek jasaten duten biolentzia salatzeko. Izan ere, eredu heteropatriarkalera makurtzen ez diren identitateek jarraitu dute poliziaren jazarpena, errepresioa eta indarkeria jasaten. Mugimenduak gogoan izaten du urtero Vicente Vadillo Francis. Ekainaren 10ean bete ziren 41 urte Antonio Cava poliziak hil zuela, Oreretako Iztieta auzoko Apolo dantzalekuan. 32 urte zituen eta trabestia zen. Zazpi urte dira, kolektiboko pertsonen eskubideak aldarrikatzen dituen ortzadarraren koloreekin zebrabidea margotu zutela haren omenez; haren omenez, eta Oreretako gay eta lesbiana aitzindariei esker onez.

Azkenaldian, eragile askok salatu dute ekainaren 28a merkantilizatu nahian egiten dituzten marketin kanpainak, LGTBI kolektiboaren borrokak irentsiz eta mobilizazioak ikuskizun soil bihurtuz. Guzti honen aurrean Stonewalleko matxinadaren izpirituari berriro heldu eta borrokarako grina berreskuratu nahi dute zenbait eragilek. Gay kolektiboa hegemoniko agertzeko arriskuaren aurrean, lehen lerrora ekarri nahi dituzte gorputz ez normatiboak: transak, bollerak, aniztasun funtzionala dutenak edota ahizpa migratuak, esate baterako. Jazarpenak egunero zeharkatzen dituen gorputzak.

Aurten, ekainaren 28aren bueltan guzti honen inguruko gogoeta egiteko aukera izango da Tolosaldean. COVID-19ak eragindako osasun egoeragatik beharrezko segurtasun neurriak hartuta, bi ekitaldi berezi egingo dira. Alde batetik, gaur eta igandean, Adunan eta Altzon, hurrenez hurren, Esnatu naizkabareta ikusteko aukera izango da. Andoni Mutiloa izango da oholtza gainean eta Elur izeneko euskaldunaren bizipenak ekarriko ditu hizpidera. Genero identitatea herri txiki batean askatasunez bizi ezina kontatuko du 40 minutu inguruko piezan.

Datorren asteartean, berriz, ekainaren 30ean eta Tolosako Udaleko Berdintasun sailak antolatuta, mahai inguru bat izango da eta telematikoki jarraitu ahal izango da. Josebe Iturrioz aktibista transfeministak gidatuko du saioa eta euren esperientziaren berri emango dute eskualdeko bost lagunek.

 

'Disidentziak Tolosaldean' mahai ingurua

Ekainaren 30ean telematikoki.  Tolosako Udaleko Berdintasun sailak antolatuta.

Joan den asteartetik eta uztailaren 5era bitartean Tolosako Zerkausia argiztatu egingo da kolektiboaren aldeko ortzadarraren koloreekin.


Horrez gain, Disidentziak Tolosaldean mahai ingurua ere antolatu du udalak. Amaia Agirre lesbiana, ama eta bertsolariak, Aritz Maiza gender non conformingpertsonak, Ibai Luque marika eta trabestiak, Lyam Justo mutil transaexualak eta Irati Apraiz disidente bisexualak parte hartuko dute eta Josebe Iturrioz filosofx eta aktibista transfeministak gidatuko du. Mahai ingurua, asteartean, ekainaren 30ean izango da, 19:00etan hasita. Bertan parte hartu nahi duenak Zoom aplikazioan 872 6712 9398 id-a eta 823900 pasahitza sartu beharko ditu.

Bestalde, Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdian 2020an eskaini ziren filmak ere ikusi ahal izango dira asteburuan. Pelikulak ikusi ahal izateko aldez aurretik pasahitza eskuratu eta horretarako inprimaki bat bete behako da. Inprimakiaren lotura Tolosako Udalaren webgunean eskuratu ahal izango da, www.tolosa.eus helbidean. Kanala ekainaren 26tik 28ra egongo da erabilgarri.

Antolatutako ekitaldi hauen guztien bitartez, Tolosako Udalak gaitzetsi egin nahi du LGTBIQ pertsonek jasaten duten diskriminazioa eta berriz berretsi nahi du sexu orientazio eta genero identitatearen ondoriozko aurreiritzien aurka borrokatzeko duen konpromisoa.

Erlazionatuak

'Esnatu naiz', Elurren bizipena oholtza gainean

Jon Miranda / Iñigo Terradillos 2020 eka 26 Aduna   Altzo

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!