«Familia ingurune bat eskaini eta garatzen laguntzen diegu, gizartera ahalik eta hoberen moldatzeko»

Irati Saizar Artola 2020ko eka. 26a, 09:00

Behar bereziak dituen adingabeei familia ingurune batean hezteko aukera eskaintzen diete harrera familia espezializatuek; babestuko dituen etxe bat izaten dute zain, segurtasuna emango diena. Neurri berean, hazteko eta hezteko leku aproposa izan daiteke.

Harrerako haur bana dute etxean, egun, Rocio Fragak eta Maite Yañezek. Harrera familia espezializatua izateko hautua egin zuten duela urte batzuk, eta ordutik, haur horiei goxotasuna, zaintza, heziketa eta beste emateaz arduratzen dira.

Noiztik zarete harrera familia espezializatua?

Maite Yañez: Gure kasuan orain dela 11 urte hasi ginen. Joan den urtera arte kasu berberarekin egon naiz, eta orain beste ume batekin nago, hasi berri. Programan parte hartzen dugun familion artean urte gehien daramatzanetariko bat naiz.

Rocio Fraga: Ni azkenetarikoa izan naiz programan sartzen, baina, hala ere, lau urte eta erdi daramatzat. Hasi nintzenetik orain arte haur berberarekin jarraitzen dut, haur bakarra jaso dut etxean.

Nolatan animatu zineten haur bat etxean jasotzeko pausoa ematera?

M. Y.: Harrera etxe batean lan egin nuen ordezkapenak egiten, eta pentsatu nuen egiten nuen lan hori nire etxean egin nahi nuela. Gero, langabezian nengoela, INEMetik eskutitz bat jaso nuen hitzaldi batera joateko proposamenarekin. Bertan informatu nintzen guztiaz, nire familian komentatu nuen eta horrela hasi ginen 2009an.

R. F.: Gure kasua antzekoa izan zen. Zortzi urtez aritu nintzen elkarte baten bidez harrera etxeetan lanean, eta antzeko hausnarketa bat egin nuen: nik nahiago nuen egiten ari nintzena nire etxean egin. Alde onak eta txarrak izango ditu etxean hartzeak, baina alde onek irabazi egiten zieten txarrei. Adibidez, haur bati eskaini ahal diozun arreta ez da berdina harrera etxe batean; etxe horietan lan administratibo asko egin behar izaten da, eta denbora asko eskatzen du horrek. Niri zuzeneko lana gehiago gustatzen zitzaidan, aurrez aurrekoa. Etxean ere lan administratibo hori egin behar izaten dugu, baina laburragoa da. Eta bestalde, nik uste, haurraren garapena familia batean osatuagoa izan daitekeela, pertsona berdinekin dagoelako denbora guztian. Harrera etxeetan, gutxi gorabehera ospitale bateko ordutegia daukate hezitzaileek. Txanda bakoitzean bi-hiru hezitzaile daude. Haur profil batzuentzat egokia da hori, izan ere, beraien familia biologikoarekiko izugarrizko leialtasuna daukate eta familia batean ezin dira guztiz lasai egon. Azken batean, beste eskaera maila bat behar du kontuak; nik harrera etxe batean hezitzaile bezala onartzen nituen gauza batzuk nire etxean ez ditut onartzen.

Kezka soziala edo zenuten haurrak etxean hartzeko?


R. F.: Nire kasuan halaxe izan zen. Harrera etxeetan hezitzaile bakoitzak bere haur erreferenteak ditu. Nire sentsazioa zen, haur horietako bat nire etxean edukita aurrera hobeto ateratzeko gaitasuna edukiko nukeela. Horrek tripak mugitzen zizkidan.

Maite Yañez: «Familia baten barruan daudenean aurrera hobeto egin dezakete harrera etxe batean baino; pertsona bera baitago momentu oro haien gainean» 

M. Y.: Gizarte mailan beharrezkoa ikusten nuen familiek haur horiei aukera bat ematea. Familia baten barruan daudenean aurrera hobeto egin dezakete harrera etxe batean daudenean baino, pertsona bera baitago momentu oro haien gainean. Zure etxera iristen denean ezezagun bat izan daiteke hasieran, baina gero, zure seme-alaben modukoa da, guztia dakizu berari buruz.

Etxeetan hartzen dituzuen haur horiek ezaugarri batzuk dituztenak dira.

M. Y.: Boluntario diren familiek hartzen dituztenekin alderatuta, gure etxeetara datozen haur horiek ezaugarri bereziak dituzte, bai. Behar bereziak dituztenak dira, eta erreferente bat behar dute, trebatua dagoena, erantzun bat eman eta laguntza emateko.

Rocio Fraga: «Tutoretzapean dauden haur guztiek zaitasun puntu bat edukitzen dute»

R. F.: Batzuk ezintasun fisikoak dituztenak dira edota ezgaitasun psikologikoak dituztenak. Normalean, aldundiak tutoretzapean dauzkan haur guztiek zailtasun puntu bat edukitzen dute, izan ere, bere familia biologikoan ezin izan badira hazi, horrek badakarrelako karga emozional bat. Gure kasuan, zailtasun gehiago dituzten haurrak izaten dira.

M. Y.: Harremanak izateko arazoak dituztenak dira gehienak, eta portaeran ere zailtasunak dituztenak. Guk, familia moduan, segurtasuna eman nahi izaten diegu, konfiantza hori eman.

R. F.: Askotan gertatzen dena da, guk haiengana gerturatu nahi izaten dugula laguntzeko, baina beraiek ez dutela onartzen laguntza hori, mina emango diezula pentsatzen duelako. Hori gertatzen zaie aurrez gertu izan dituzten helduek ezin izan dietelako lagundu. Izan ere, haur hauen adin kronologikoa ez doa bat beraien garapen emozional eta sozialarekin; ez dute indarra kontrolatzen, ez dute gertatzen dena ulertzen, eta, gainera, defentsiban egoten dira gehienetan.

M. Y.: Eta beste kasu asko daude ikusezin egiten direnak. Ez zara konturatzen gaizki dagoela, eta benetan gaizki dago. Horiek tratatzea askotan zailagoa izaten da.

Zuek, ikasketen aldetik, prestatuta zaudete egoera horiei aurre egiteko. Hala ere, jasotzen duzue laguntzarik egoera desberdinei aurre egiteko?

M.Y.: Astero bilerak egiten ditugu, eta bilera horietan laguntza teknikoa jasotzen dugu. Etengabeko formazioa jasotzen ari gara. Berez, zu bakarrik zaude haurrarekin etxean, eta arazo baten aurrean zeure burua neurtzen jakin behar duzu, baina kanpoko begi batzuk izateak asko laguntzen du.

R. F.: Lanpostu honetan sartu ahal izateko, ezinbesteko formazio bat eduki behar dugu. Eta gainerakoan, asteroko formazioa jasotzen dugu, egunean eguneko orientazioak ematen dizkigute, eta batzuetan baita formazio konkretu batzuk ere. Gainerakoan, bakoitza bere kabuz formatzen joaten da, haur bakoitzaren berezitasunak kontrolpean izateko.

Maite Yañez: «Kontuan izan behar da beraiek familia biologikoa dutela; hori landu egiten dugu»


Haurraren jarraipena egin behar izaten duzue txosten batzuen bidez.

R. F.: Guk foru aldundira sei hilero txosten bat bidaltzen dugu haurra ebaluatuz. Artxibatuta geratzen dira txosten horiek eta familia biologikoak ikusteko aukera izaten dute. Asteroko bilera horietan, gainera, haurraren jarraipena komunikatzen dugu. Familia bakoitzak tekniko psikologo bat daukagu, eta harekin ere asteroko jarraipena egiten dugu. Eta haurrak ere badauka pertsona horrekin egoteko aukera.

Nolakoa da haurrekin duzuen harremana?

R. F.: Familiako parte sentitzen dut nik. Nik nire seme biologikoak eduki aurretik hartu nuen haurra etxean. Beraz, niretzat seme zaharrena bezala da, eta semearentzat anai zaharra. Berak nire seme-alabek daukaten estatus berdina dauka. Desberdintasuna da, haur horrekin ditudan liskarrak beste era bateko liskarrak direla, eta adibidez, nire seme biologikoarekin jarraipen txosten bat ez dudala egin behar sei hilero.

M. Y.: Kontuan izan behar da beraiek familia biologikoa dutela, eta hori landu egin behar izaten dugu. Haiek bi familien arteko harremana landu egin behar dute; aldi berean gure familiako parte dira, baina badakite beste familia bateko kide ere badirela. Hori eramaten jakin egin behar da.

R. F.: Nire haurrari esplikatzea gustatzen zait amatasun eta aitatasun soziala nire senarra eta biok daukagula, eta biologikoa bere gurasoek daukatela. Gure familietara etortzen diren haurrak, normalean, iraunkorrak dira, hau da, 18 urte bete arte geratzen dira. Eta urte horietara iristean, batzuetan, haur horiek haien guraso biologikoekin bueltatzen dira, eta prestatu egiten dira horretarako.

Haien familia biologikoaren hutsunea betetzen saiatzen zarete?

M. Y.: Gure helburua familia ingurune bat eskaintzea da, non haiek kontuan hartzen ditugun eta eskubide guztiak ematen zaizkien, betebeharrak eskatzen zaizkien bezalaxe. Aurretik zer eduki duen kontuan hartu gabe, babestuko dituen etxe bat eskaintzen diegu, segurtasuna emango diena. Garatzen lagundu behar diegu, gizartera ahalik eta modurik hoberenean egokitu daitezen.

R. F.: Familia biologikoan izan dituzten gabezien berri badaukagu, jakiteko zergatik gertatzen zaizkien haurrei hainbat gauza. Azkenean, gure lana, ordea, haurrarekin lan egitea da. Familia biologikoarekin komunikazio betebehar bat dugu, haurraren egoera azaltzeko, besteak beste. Kasu batzuetan, familia ondo badago eta kolaboratzeko moduan badago, gauza batzuk komunean egiten dira, adibidez, irakasleen bilerak edota mediku kontsultak. Baina kasu ezberdinak daude.

Lana bezala hartzen duzue haur horiekin egiten ari zaretena?

R. F.: Adibidez, momentu honetantxe bai, ikuspuntu profesional batetik hitz egiten ari naizelako, baina gero etxera iritsiko naiz, mantala bat jantziko dut eta haurrarekin batera lasagna bat egiten dudan momentuan ez dut kontsideratzen lanean ari naizenik. Adibidez, jarraipen txosten bat egiteko esertzen naizenean, agian lana dudanaren kontzientzia hori gehiago daukat, edo esku hartze konkretu bat egiten ari banaiz berarekin, txip hori jartzen dut martxan. Egunerokotasunean, ordea, automatikoki ateratzen zaizkizun gauzak amatasunari gehiago hurbiltzen dira.

M. Y.: Nire seme-alaba biologikoekin gauzak modu naturalago batean egiten nituen. Alabaina harrerako haurrarekin kontzienteagoa naiz, eta gauza guztietan zuzenagoa izaten saiatzen naiz. Nire haur biologikoekin heziketa errazagoa izan da, baina zailagoa den zerbaiten aurrean zaudenean, gehiago eskatzen diozu zeure buruari ere. Jakina ama moduan aritzen naizela, baina, funtsean, honakoa dago: ondo egin behar dut. Gehiago zaindu behar izaten duzu, bere mina oso presente edukitzen baitugu, eta nire seme-alaba biologikoek ez zeukaten horrelako minik.

Rocio Fraga: «Haurrari esplikatzea gustatzen zait aitatasun eta amatasun soziala nire senarrak eta biok daukagula eta biologikoa bere gurasoek daukatela»


Familia mota bakoitzaren araberakoa ere alda daiteke.

M. Y.: Familia oso zabala da, eta azkenean zure familia osoaren parte izaten da haurra. Ospakizunetan, jaietan, zurekin dago. Familiari buruz hitz egiten dugunean, aitona-amonak, osaba-izebak, lehengusu-lehengusinak kontuan hartzen ditugu, eta haientzat hori oso aberasgarria da.

R. F.: Hori ondo badoa, beraientzat sekulako oparia izaten da. Lehenik eta behin, ordea, oso garrantzitsua da zure familia nuklearrak haur hori onartzea, eta denak ados izatea proiektu hori aurrera eramateko. Baina aitona-amona eta osaba-izebekin eta gertuko harremana baduzu, nik uste garrantzitsua dela beraiek ere haur hori onartua izatea, bestela, haurrak nabaritu egiten du. Zer gertatzen da? Ba askotan ospakizun bereziak gatazkarako agertokiak izaten direla, izan ere, urtebetetzeek edota Gabonek konnotazio familiarra dute. Eta senideak ez daude gatazka horietara ohituta, beraz, guk hori ulertzeko bidea eman behar diegu, lagundu egiten ditugu.

Haur horiek hazten ikusten dituzue. Buruan izaten duzue iritsi daitekeela agur esateko momentu hori?

M. Y.: Nire kasuan hamar urtez eduki nuen haur bera etxean, eta orain nire etxean ez badago ere, ez diot agurrik esan, kontaktuan jarraitzen dugulako. Kontaktuan berarekin eta bere familiarekin. Ez da nire bizitzatik desagertu, eta ezingo da desagertu. Joateko garaia iristen zaionean onartu egin behar da; zaila izaten da zure etxean ezin duela jarraitu onartzea, baina, tira, harremana dugu. Ez dut agur esan beharrik izan, eta hori eskertu egiten dut, polita da horrelako harreman batekin jarraitzea. Eta orain etxean daukadan haurrari ere ez dut asmorik agur esateko; nire seme-alabei ez badiet agur esaten, harrerako haurrari ere ez diot esango.

R. F.: Nire kasuan gero arte esateko momentu hori oso urrun ikusten dut. Nahiko txikia zen gure etxera etorri zenean eta printzipioz 18 urte bete arte gure etxean jarraituko duela aurreikusi dugu. Nik ere, ordea, ez dut ikusten agur esateko beharrik. Egia da haurra gure etxean izateagatik jasotzen dugun konpentsazio ekonomiko hori amaitu egingo dela, baina gure lana ez da soilik ekonomikoa.

Animatuko zenituzkete gainerako familiak proiektuan parte hartzera?

R. F.: Nik informazioa jasotzera animatuko nituzke, eta grina hori badute, ba animatuko nituzke. Baina ondo pentsatzeko esan nahiko nieke, momentu positibo eta negatibo asko dituelako, baina askotan negatiboak direnek positibo izaten amaitzen dute, eta hori da ederrena.

M. Y.: Nik haur batekin etapa duela gutxi itxi dut eta berriro hartu dut beste haur bat etxean, zerbaitegatik da; nik uste, honekin guztiarekin irabazten ateratzen garela, bai gu eta baita haurra ere. Asko aberasten zara. Norbait interesatuta badago proiektuan parte hartzera, hausnartzeko esango nioke, baina niretzat behintzat lagungarria eta gogobetekoa da.

Erlazionatuak

Benetako besarkaden beharra

Irati Saizar Artola 2020 eka 26 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!