Benetako besarkaden beharra

Irati Saizar Artola 2020ko eka. 26a, 08:00

Haurra mantentzeko arazoak dituzten familietan Gipuzkoako Foru Aldundia arduratzen da adingabe horiez; zentroetan edo familia batean egotea dagokie. Hamar harrera familia espezializaturen beharra du, gaur egun, aldundiak.

Haur guztiek familia giro beroa eta sendoa behar dute behar bezala hazi, bizi eta hezteko. Gizarte honetan, ordea, familia askok arazo eta gabezia ugari dituzte beraien seme-alabak behar bezala zaintzeko. Hori dela eta, adingabe horiek Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku geratzen dira eta diputazioaren tutoretzapean dauden zentroetan bizi dira, handik irteteko prest. Horretarako daude harrera familiak: haiek arduratzen dira premia duten haur horiek euren etxeetan hartu eta haien ongizatea bermatzeaz.

Beti ezin zaie, ordea, erantzun egokia eman familia baten beharrean dauden haur guztiei. Izan ditzaketen behar eta ezaugarri bereziak medio, familia espezializatuak behar dituzte; hau da, borondatezko familiek ez diete balio. Horretarako, esperientzia profesionala duten familiak prestatzen dira behar bereziak dituzten adingabeak etxean hartzeko.

Iraganean hainbat babesgabetasun egoera jasan dituzten haurrak dira beharrean daudenak, hala nola, tratu txarrak, abandonua, arduragabekeria edota abusuak jaso dituztenak, eta horregatik daude aldundiaren esku. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2007an jarri zuen abian harrera espezializatuko programa eta ordutik 95 neska-mutil inguru pasa dira familietatik.

Izan ditzaketen arazoak medio, esperientzia profesionala duten familiak prestatzen dira haur horiek etxean hartzeko


Gaur egun, guztira 14 neska-mutil bizi dira harrera familia espezializatuekin Gipuzkoan, baina 49 haur dira familia baten zain daudenak eta egoitzetan bizi direnak: 0-6 urte artekoak dira bost, 7-12 urte artekoak 32 eta 13 urtetik gorakoak 13. Honako perfila dutenak jotzen dira behar bereziak dituzten adingabetzat: anai-arreba taldeak edo familia berrelkartzean daudenak, zazpi urte edo gehiago dituzten haurrak, ezgaitasun onartua dutenak, osasun arazo bereziak edo arriskutsuak dituztenak, familian eta gizartean guztiz integratzea eragozten dioten jokabide arazoak dituztenak eta bestelako behar bereziak dituztenak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu duenez, hamar harrera familia espezializaturen beharra dute egun. Harrera familia espezializatua izateko, gizarte edo osasun arloko ikasketak eduki behar ditu gutxienez familiako kide batek, eta bi urteko lan esperientzia arlo horietakoren batean. Prestakuntza osagarri espezifiko bat ere jasotzen dute, eta aldundiak berak eman ahal die zuzenean. Gainerakoan, pertsona bakarra edo bikotea izan daiteke, seme-alabekin edo gabe, baita haur edo neraberen bat dagoeneko harreran izanda ere.

Harreragilearen betebeharra haurra zaintzetik harago doa: adingabearekin esku hartze plan egituratu bat garatzen dute eboluzio eta beharrak ebaluatuz, eta jarraipen moduko bat egiten diete. Hori horrela, harrera familia diren guztiek hilero konpentsazio ekonomiko bat jasotzen dute haurraren beharrei aurre egiteko. Baina harrera familia espezializatuek beste laguntza ekonomiko bat ere jasotzen dute, kasuari heltzeko bere gain hartzen dituzten funtzioen kostuei aurre egin ahal izateko; besteak beste, heziketa plan bat garatu eta ebaluatzeko, jatorrizko familiarekin komunikazio egituratu eta aldizkakoa izateko, gainerako profesionalekin lankidetzan aritzeko, haurraren bilakaerari buruzko txostenak egiteko edota harrera talde espezializatuan asteroko bileretan parte hartzeko.

Haurrak gehien behar duen momentuan maitasuna emateko, tarte bat eskaintzeko eta laguntzeko dago harrera familia. Etxe egonkorra, goxoa, normalizatua eta egokia ematen die harrerak. Adingabe horiek aurrez bizi izan dituzten esperientziek utzitako zauriak konpondu ditzakete, maila fisiko zein emozionala hobetu dezakete eta familia eredu egokiago bat ezagutu dezakete, jatorrizko familiarekin duten harremana eten gabe.

Hortxe dago haur horien ongizatea bermatzeko gakoa. Familiaren batek izena eman, informazioa jaso edota zalantzak argitu nahi baditu 943 544 497telefonora dei dezake, edo pafe@agintzari.com helbidera idatzi.

Harrera motak

Harrera bakoitzaren iraupena haur bakoitzaren behar espezifikoen araberakoa da, bai eta arazoak konpontzeko behar duten denboraren araberakoa ere. Kasu bakoitzerako harrera modalitate egokiena aurkitu behar da, eta harrera familia espezializatuaz gain, honako harrera motak daude zehaztuta:

Larrialdiko harrera: sei hilabete inguruko iraupena du eta gehienbat hiru urte baino gutxiagoko haurrei dago zuzenduta. Premiaz esku hartu behar denean edo egoera baloratzeko behar den denboraldian aplikatzen zaie adingabeei, administrazioaren zaintzapean ez geratzeko.

Aldi baterako harrera: behin-behinekoa da, jatorriko familiaren bilakaeraren arabera, haurra berriro itzultzeko aukera ikusten delako. Gehienez bi urte iraun dezake.

Harrera iraunkorra: itzulera pronostiko argirik ez duten egoeretara zuzenduta dago, baina haurrak jatorrizko familiarekin duen lotura emozionala mantendu egin behar da. Iraupen mugagabea du eta adinez nagusi izan arte luza daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!