Kanpainari begira

Ataria 2020ko ekainaren 25a

Alderdi politikoek bihar hasiko dute hauteskunde kanpaina; 'Ataria'-k informazio zabala eskainiko du euskarri guztietan

Bihar hasiko da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpaina. Alderdi politikoek hortaz, datozen bi asteak emango dituzte euren asmo eta programen berri ematen. Herriz herri izango dira eta TOLOSALDEKO ATARIA-k jarraipena egingo die euskarri guztietan. Alderdien kanpainaren berri emango du ataria.eus webgunean prestatu duen atalean, eta datozen bi asteetako egunkarietan PP, PSE-EE, Elkarrekin Podemos, EAJ eta EH Bilduren ordezkari banaren elkarrizketak argitaratuko ditu, kanpainaren jarraipena egitearekin batera. Ataria Irratian ere izango dute lekua, eta elkarrizketa horiek eta beste hainbat datu jasoko ditu.

Eskualdeko lehen kanpaina ekitaldia bihar izango da, Anoetan eta EH Bilduren eskutik. 19:00etan plazan elkartuko dira Ibai Iriarte eta Eraitz Saez de Egilaz.

HAUTESKUNDE EGUNA

Era berean, uztailaren 12ko hauteskunde eguneko jarraipena egingo du ATARIA-k eta webgunean informazio eguneratua eta iluntzeko datuak ematearekin batera, hori guztia bilduko du uztailaren 14ko egunkarian. Ale horretan datuak biltzearekin batera, alderdien emaitzen balorazioa eta hauteskundeek emandakoaren irakurketa egin ahal izateko gakoak emango ditu, adituen iritziaren bidez.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak bereziak izango dira, COVID-19aren eraginez, eta hauteskunde egunak utzitako irudi bereziek ere izango dute tokia ATARIA-n.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!