Azken urtean zehar, burujabetza eta erabakitzeko eskubidea sustatuko dituen elkarlanerako espazio berri bat artikulatzen aritu da Gure Esku dinamika, gizarteko alor askotako 23 eragilerekin batera. Harreman horiei esker, Hamaika Gara ekimena abiatu zuen martxoaren 11n, etorkizun politikoa erabakitzeko erreferendumaren aldeko sinadurak biltzeko. Fase berri baten hasiera zela iragarri zuten. Baina aurkeztu eta egun gutxira, osasun krisiak baldintzatu zuen egitasmoa: sinadura bilketa aldi batez sustatzeari utzi zioten, eta kalean egitekoak zituzten mobilizazioak udazkenera atzeratzea erabaki zuten sustatzaileek.
Orain, ordea, mobilizazio batera deitu du dinamikak, herritarren aldarrikapenek plaza publikoa berreskuratzeko garaia dela uste duelako. «Premiazkoa da bizi dugun eta datorren krisiari Euskal Herritik eta guztion artean erantzun behar diogula adieraztea, eta tokiko erabaki burujabeak aldarrikatzea». Hori dela eta, Hamaika Gara ekimenarekin bat egin duten eragile sozial eta politikoek mobilizazioak deitu dituzte iganderako Euskal Herriko plazetan, Hemen erabaki, herritarrok erabaki lelopean.
Hain zuzen, eskatu dute herritarrek euren aldarriak kartoi batean idazteko, eta 11:00etarako, plazara eraman eta lurrean uzteko. Egoerara egokitutako formatu honekin eta hartuko diren beharrezko neurri guztiekin, «parte-hartzaileen osasuna eta segurtasuna zorroztasunez bermatuko direla» ziurtatu dute.
Gainera, iragarri dute mobilizazio horren ondoren pixkana erreferendumaren aldeko sinadura bilketari ekingo diotela berriro, eta udazkenetik aurrera kanpaina indartzeko asmoa erakutsi dute.
OINARRI BERRIAK IRUDIKATZEN
Dinamika, baina, ez da eskuak gurutzatuta geratu, eta solasaldi digitalak antolatu ditu itxialdian zehar, Gelditu. Hausnartu. Erabaki izenpean, hausnarketa erdigunean jarriz. «Mundua nola aldatuko den elkarri galdetzen arituz gero, zer gertatuko den zain geldituz gero, iraganaren antz handiegia izango duen testuinguru berri batera igarotzeko arriskua handia da», diote.
Maiatzak 14az geroztik, bost solasaldi antolatu dituzte, eta haietako bakoitzean bina hizlari egon dira. Tartean, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko Lehendakari eta soziolinguista tolosarrak hartu zuen parte, Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile ohiarekin batera, euskararen egoerari buruz aritzeko. «Inflexio-puntu honetatik etorkizunera begiratu eta eraiki nahi ditugun oinarri berriak irudikatzen hasteko saioak» izan direla diote antolatzaileek.
EKITALDIAK ESKUALDEAN
Ekainak 7, igandea
Baliarrain. 11:00etan, herriko plazan.
Ibarra. Ibarrako herritarrak Tolosako Euskal Herria plazan elkartuko dira.
Ikaztegieta. Plazan. 12:30ean, eskuragarri izango dira kartelak egiteko euskarriak. Norberak etxetik eraman beharko ditu margoak eta maskara. 13:00etan, argazkia.
Lizartza. 11:00etan, Txirrita enparantzan.
Tolosa. Euskal Herria plazan (11:00).
Villabona. Berdura plazan (12:00).