Hamaika Gara

"Osasun krisiak ukitu dituen alor guztietako aldarriak ikusi nahi ditugu plazetan"

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko eka. 4a, 08:58

Osasun krisiak Gure Eskuri «erabat» eragin diola dio Jone Amonarriz tolosarrak, «bai sozialki, baina batez ere, ekonomikoki». Barne-hausnarketa bat egiteko tartea hartu ondoren, aurrera eramango diren dinamiketan parte hartzeko deia luzatzen du.

Zergatik erabaki duzue herriko plazak aldarriz betetzea?

Hilabeteak dira, sakoneko lanketa bat egiten hasi ginela, epe luzeko begiradarekin. Itxialdia pixkana arintzen joan den heinean, ikusi dugu bazegoela behar bat krisi honi nahiz datorkigun krisi sozio-ekonomikoari herri bezala erantzuteko. Horrelako egoeretan, hemen hartu behar ditugu erabakiak, herritarron hitzak aintzat hartuta. Aste hauetan, ikusi dugu erabakiak non eta nola hartzen diren, eta horren inguruko hausnarketa bat egin beharrean gaude.

Zer egingo duzue igandean?

Gure aldarrikapenek plazak berreskuratzen dituztela irudikatu nahi dugu. Hori bai, ezinbestekoa zen egungo egoera eta testuingurura egokitzea. Norberak bere etxean prestatu beharko du bere aldarria, kartoi zati batean. Ondoren, plazara eraman eta bertan elkartuko ditugu guztiak, 11:00etatik 14:00etara bitartean.

Nolako mezuak bilduko dira?

Oso desberdinak espero ditugu; aniztasun hori ere islatu nahi dugu. Osasun krisiak ukitu dituen alor guztietako aldarriak eraman nahi ditugu plazara. Bizirik zeuden aldarri eta borrokak berretsi ditu krisi honek; lehendik agerian zeudenak gehiago azaleratuz. Zentzu horretan, badago premia guztiak elkartu eta herri bezala erantzuteko.

Eskualdearen kasuan, bost herritan egingo dira.

Baliteke datozen egunetan ere beste herriren bat animatzea. Aiztondon, adibidez, beranduago egingo dutela jakinarazi dute.

Hala ere, berez, udazkenera atzeratu ziren mobilizazioak.

Hala da bai. Mobilizazio hau ez genuen aurreikusia. Egia da, maiatza eta ekainerako bazirela beste batzuk. Hortaz, igandekoa trantsizio moduko bat izango da, gero abiatuko diren egitasmoei begira. Mobilizazio honetan, gai horiek guztiak azaleratuko dira, eta gero, gai horiek guztiek bat egiten duten manifestuaren sinadura bilketa abiatuko dugu.

Sinadura bilketari begira, herritarrak animatzeko egun garrantzitsua izango da, ezta?

Abiapuntu bat izango da. Martxoaren 11n ekin genion sinadura bilketari, eta oraindik ere zabalik dago horretarako aukera. Bizitza duinak erdigunean jartzea du ardatz, baita etorkizun justuago bat bermatzeko tresnen beharra ere. Egun hauetan, aldaketaz eta aukerez ari gara hitz egiten; hala ere, herritarrok sortu behar ditugu horiek. Orain, gainera, inoiz baino arrazoi gehiago ditugu aktibatu eta mugitzeko.

Zer moduz joan dira itxialdiko solasaldi digitalak?

Balorazio oso positiboa egiten dugu saioen inguruan. Alor askotako hizlari oso indartsuak izan ditugu. Hausnarketak entzuteko eta partekatzeko eraginkorrak izan dira, baita komunean ditugun gaiak, balioak eta beharrak azaleratzeko ere.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!