Koronabirusa

Batxilergoko ikasleak ez dira astelehenean eskolara itzuliko

Jon Miranda Labaien 2020ko mai. 14a, 09:32

Orixe institutuko eta Laskorain ikastolako ikasleak ez dira datorren astean ikasgeletara itzuliko; aurrez aurreko eskoletara nola itzuli adosten ari dira orain.

Astelehenetik aurrera Batxilergoko bigarren mailako ikasleak eta Lanbide Heziketan aritzen direnak ikasgeletara itzuliko zirela esan zuen aurreko ostegunean Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Iragarpenak zalaparta sortu zuen hezkuntza eragileen artean, eta aste honetan Eusko Jaurlaritzak iragarri du ikastetxeek «autonomia» izango dutela itzuleraz erabakitzeko.

Gauzak horrela, eskualdean Batxilergoko bigarren mailako ikasketak eskaintzen dituzten ikastetxeetan ez da aurrez aurreko eskolarik izango astelehenetik aurrera. Joxerra Zalakain Orixe institutuko zuzendariak horrela adierazi du: «Postura nahikoa argia dugu. Datorren asteartean ikastetxeko organo gorenaren oniritzia jasoko dugu, baina astelehenean ez gara aurrez aurreko eskoletara itzuliko».

Gauza bera nabarmendu du Iñaki Olaetxea Laskorain ikastolako kudeatzaileak: «Astelehenean ikasleak ez dira ikasgeletara itzuliko». Azken orduetan ari dira Ikastolen Elkartean biltzen diren ikastetxeak bilerak egiten, irizpide nagusiak zehazteko. Olaetxeak nabarmendu du ikasleak ikastoletara itzuliko direla, baina ez dutela mailaka egin nahi itzulera hori, ikasleen beharren arabera baizik. «Batxilergoko ikasleek datorren astean amaitzen dute ikasturtea, beraz ez du zentzu handirik ikasgeletara itzultzeak. Kurtsoa online bukatzearen alde egiten dugu guk, ikusita maila horretako ikasleak direla autonomia handiena dutenak eta lanean ondoen ari direnak», dio ikastolako kudeatzaileak.

Ikastolen Elkartean itzulera nola egin adosten ari dira eta Laskorainen kasuan, azken erabakia artekaritza kontseiluak hartuko du. Olaetxeak aurreikusten du DBHko 4 mailan ikasgaien bat gainditzen ez duten ikasleentzat errefortzu eskolak emango dituztela aurrez aurre ekaineko bigarren hamabostaldian, eta unibertsitatera sartzeko proba prestatzen lagunduko dietela, presentzialki, Batxilergoko bigarren mailako ikasleei.

Orixe institutuko zuzendariak azaldu duenez, DBHko laugarren mailako eta Batxilergoko lehen eta bigarren mailako ikasleei aurrez aurreko saioak egiteko aukera eskainiko zaie ekainean, «ohiko eta ez ohiko azterketak prestatzeko eta, beti ere, babes juridikoa eta segurtasun neurriak bermatuta baldin badaude». Hala ere, Zalakainek dio DBHko laugarren mailako eta Batxilergoko lehen mailako ikasle gutxik beharko dituztela aurrez aurreko eskolak, ikasturtea gainditu ez dutenentzat errefortzu klaseak izango baitira. «Batxilergoko bigarren mailan dabiltzanek unibertsitatean sartzeko probak izango dituzte uztaila hasieran eta horiek prestatzeko klase presentzialak eskainiko dira. Horrekin batera, segurtasun neurriak hartuta, eskolan espazio batzuk egokituko dira ikasle hauentzat».

Herrikide ikastetxeari dagokionez, erabakia berdina da: "Astelehenean ez ditugu ikasgelak irekiko", horrela adierazi du Gartxot Agirre Bigarren Hezkuntzako zuzendari titularrak. Ekaina hasierako data ikusten dute aukera posible bezala berriro klase presentzialak berreskuratzeko Kristau eskolen sarean, baina oraindik ezin dute ezer konfirmatu.

Bere aldetik Tolosaldea Lanbide Heziketa institutuari galdetuta, TOLOSALDEKO ATARIA-k ez du hartutako erabakiaren inguruko erantzunik jaso.

KRITIKAK HEZKUNTZA SAILARI

Sindikatuek, Eusko Jaurlaritzaren proposamena kritikatu dute, iritzita «are eta arduragabeagoa» dela ikastetxe bakoitzaren ardurapean uztea aurrez aurreko eskoletara itzultzeko erabakia. Hezkuntza Sailaren ikastetxeetarako itzulera planaren ezaugarri nagusia «inprobisazioa, prezipitazioa eta zehazgabetasuna» dira sindikatuentzat. Ohar bateratua kaleratu dute ELAk, LABek, Steilasek, CCOOk eta UGTk, eta Hezkuntza Sailari eskatu diote «bere ardurak» bere gain hartzeko, osasuna bermatuko duten baldintzak ahalbidetzeko eta itzulera neurriak eragileekin negoziatzeko. Atzo protesta egin zuten Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Hezkuntza komunitatearen osasuna bermatu, neurriak negoziatu lelopean.

Bere aldetik, Denis Itxasok, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak adierazi du Espainiako Gobernuarekin adostu ez duen neurri bat proposatzen ari dela Eusko Jaurlaritza, itzulera iragarrita. Denis Itxasoren arabera, printzipioz, lehenengo faseko aukeren artean ez dago gelak ireki eta bertan haurrak sartzea.

Kristau Eskolak ohar bat atera zuen astelehenean. Bertan, Hezkuntza Sailari eskatu zion, besteak beste, ikasgelak maiatzean ez zabaltzea. Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioaren iritziz ere, ez da ikastetxeetara itzultzea planteatu behar berme juridikorik eta segurtasunik ez dagoen bitartean.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!