Billy el Niño torturatzaile frankista hil da

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Larretxea Agirre 2020ko mai. 7a, 13:08

Billy el Niño frankismo garaian eginiko torturengatik egin zen ezaguna. Epaiketarik egin gabe, dominarik kendu gabe eta barkamena eskatzeko eskerik gabe zendu da.

Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño polizia frankista zendu da gaur goizean, Madrilen. Koronabirusa zuen, eta ospitaleratuta eman ditu azken asteak.  Billy el Niño frankismo garaian eginiko torturengatik egin zen ezaguna. Denera 30 kereila inguru aurkeztu dituzte haren aurka, baina 2019an onartu zuten lehenengoa, «gizateriaren kontrako krimenengatik». Billy el Niñori 1977. urtean eman zion Rodolfo Martin Villa ministro frankistak poliziaren merituaren domina. Espainiako polizia frankistako kide zen Billy el Niño eta ordurako ezagunak ziren atxilotuei eragiten zizkien torturak. Epaiketarik egin gabe eta dominarik kendu gabe zendu da. 

Frankismo garaiko biktimek amorruz hartu dute Billy el Niñoren heriotzaren berri. Hala kontatu du Eli Nosellasek BERRIAri eginiko adierazpenetan: «Tristura eta amorrua sentitzen ditut, 40 urte pasa dira eta ez dio inork auziari heldu. Ez dute inoiz epaitu egindako krimenengatik eta ez dizkiote medailak ere kendu. Beraiek hiltzen ari dira eta guk oraindik hemen jarraitzen dugu justiziarik gabe». Andoni Txasko. Martxoak 3 elkarteko bozeramaile eta krimen frankisten aurkako plataformako kideak ere justiziarik eza salatu du: «Heriotza honek erakusten digu berriz ere inpunitatea dela nagusi Espainiako Estatuan. Jende hau guztia ohean hiltzen ari da, lasai-lasai, epaitua izan gabe, inpunitate osoan. Senideek izan dezaketen mina errespetatuta, baina guri gogoeta hori baino ez zaigu etortzen burura: kriminal horiek guztiak eta egindako ekintza kriminalak ez direla epaitegietatik igaro». 

Espainiako Gobernua behin baino gehiagotan agertu da frankismoko krimenak, tartean Billy el Niño-renak, ikertzearen aurka. Azkena, aurtengo otsailean. EH Bilduk Espainiako Parlamentuan egin zuen Billy el Niño ikertzeko proposamena, baina erabakia atzera bota zuen parlamentuak. Nazioartean, Maria Servini krimen horiek ikertzen ari den Argetinako epaileak 2013an eman zuen Billy el Niño atxilotzeko nazioarteko agindua, Jesus Muñecas polizia ohiarenarekin batera. 1971 eta 1975 urteen artean hamahiru pertsona torturatzea leporatzen dio epaileak. Espainiako Auzitegi Nazionalak, ordea, estradizio eskaera atzera bota zuen urtebete geroago, argudiatuz tortura delitu horiek iraungita daudela.

1981ean Espainiako Polizia Judizialera pasa zen Billy el Niño, eta urtebete geroago polizia izateari utzi zion. Harrezkero hainbat enpresa pribatutan aritu izan da segurtasun arduradun gisara, tartean, Renault Espainiarentzat. Urte guzti hauetan egindako torturengatik ez du erantzun behar izan, eta barkamen eskerik ere ez diote eskatu. 

Erlazionatuak

Frankismoaren itzal luzea

Tolosaldeko Ataria 2019 abe 27 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!