URTEKARIA

Frankismoaren itzal luzea

Tolosaldeko Ataria 2019ko abe. 27a, 19:59

Aurten 80 urte bete dira Espainiako gerra zibila bukatu zenetik; 50 urte, Euskal Herriko bazterrak astindu zituen errepresio bortitza gertatu zenetik; eta 40 urte hauteskunde demokratikoak egin eta lehen udalbatzak aukeratu zirenetik. 2019ak erakutsi du oraindik ez dela justiziarik egin, min asko ez direla erreparatu eta egia batzuk oraindik itzalean jarraitzen dutela.

Zortzi hamarkada egin behar dira atzera. 1939ko apirilaren 1a: hiru urtez Espainiako II. Errepublikaren aurka matxinatutako militarrek garaipena aldarrikatu zuten Francisco Franco jeneralak eskuz idatzitako gerra partearen bitartez. Europako herrialde askotan bezala, faxismoa gailendu zen Espainiako estatuan. Frankismoa deitu zitzaion ordutik aurrerako erregimen politiko berriari, mugimenduaren buruzagi zen jeneralarekin identifikatuta.

Aurreko urteetan, Espainiaren batasunaren alde borrokatu ziren batzuk; besteak, berriz, demokraziaren eta sozialismoaren alde. Herri asko erori ziren askorentzat amesgaizto modukoa izan zen hiru urte luze haietan. Tolosaldearen kasuan, aurreneko egunetan gertatu zen banaketa, eskualdeko kolpistak Leitzan batu zirenean. 1936ko abuztuan sartu ziren garaile Tolosan. Heriotza zigorra, espetxea, erbestea edota jazarpena ezagutu zituzten garaitutzat jo zituztenek; Carlos Hernandez ikerlariak Los campos de concentración de Franco (Francoren kontzentrazio esparruak) liburuan errepresio gauzatu zeneko eremuak aztertu ditu. Euskal Herrian hemeretzi egon ziren eta horietako bat Tolosako zezen plazan. «Eraikin horietako gehienak zutik daude gaur egun, baina ez dute plaka ziztrin bat ere jarri, han zer gertatu zen gogoratzeko», esan du Hernandezek.

Manu Aiertza tolosarrak, esaterako, aitari eta aitaginarrebari esker izan du Tolosan izan zen kontzentrazio esparruaren berri: «Bertara jendea eramaten hasi zirela kontatzen zidaten, kartzela bat balitz bezala. Hutsaren truke, errepideak eta trenbideak konpondu behar izaten zituzten presoek. Ezkutuko heriotza zigor baten modukoa zen, lau-bost urtez, tortura amaigabeekin. Askotan, ziur hobe zela tiro batez hiltzea».

Errepresaliatu politiko horiek lan egin zuten, besteak beste, Erorien Harana (Madril, Espainia) eraikitzeko. Han daude Lucas Ugarte Plazaren gorpuzkiak. 23 urte zituela Levanten hil zuten, atzetik tirokatuta, eta ondoren, Teruelen lurperatu. «Ahalegin handien» ondoren, Veremuda Plazak —Lucasen amak— lortu zuen semearen gorpua Tolosara ekartzea, baina Madrilgo Erorien Harana amaitutakoan, 1962an, hilerritik gorpuzkiak hartu eta Espainiako hiriburura eraman zituzten, familiari haren berri eman gabe. Aurtengo otsailean, senideek egindako eskaera jarraituz EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk batera aurkeztu dute testu bat, aho batez onartu dena. Hiru puntu jasotzen ditu onartutako mozioak: Espainiako gobernuari Ugarte Plazaren gorpuzkiak Tolosako hilerrira ekartzeko eskatzea; onartutako testua Dolores Delgado Justizia ministroari eta Fernando Martinez Memoria Historikorako idazkari nagusiari helaraztea; eta Tolosako alkateari ematea familiaren eskaria gauzatzeko beharrezko dokumentuak sinatzeko eskumena. Horrekin guztiarekin, Tolosako herritarraren heriotza argitzea ere nahi dute senideek.

Justizia ministeriora jo dute aurrena, Ondare Nazionalaren institutura gero, eta Ugarteren gorpuzkiak jasotzeko senitartekoek egin dituzten izapide guztiak alferrikakoak izan dira. Aurten bertan jaso dute Ondare nazionaletik erantzuna: «Zilegi da familiaren eskaera baina aztertu egin behar da bideragarritasuna, bai juridikoa eta baita ekonomikoa ere». Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Gogora Institutuak azaldu duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik 1.076 gorpu eraman zituzten Erorien Haranean hobiratzeko, 1959, 1962 eta 1963an. Beste 155 badira gutxienez Espainiako beste leku batzuetatik eramandako euskal herritarrak.

Jakina denez, aurtengo urrian atera dituzte Francisco Franco diktadorearen gorpuzkiak Erorien Haranetik eta haren senideek «Viva Franco» oihuarekin agurtu dute hilkutxa. Gorazarre egin diote. Bien bitartean, maiatzean jakin zen Jose Arana Irastorza gudariaren omenez Donostiako Polloe hilerrian jarrita zegoen plaka lapurtu egin zutela. Josetxo Arana, gudariaren ilobak «atsekabea, haserrea, amorrua eta inpotentzia» adierazi zituen berria jakin bezain pronto: «Kanpoan dauden oroitarriak puskatu edo lapurtzen dituztenean ez duzu ulertzen, baina hilerri batean oraindik eta gutxiago. Familiaren panteoian zegoen plaka eta koldarkeri izugarria iruditzen zait». Zizurkilgo Udalaren ekimenez, 2018an jarri zuten plaka familiaren panteoian: «Gerra Zibilean borrokan hil zen EAE-ANVko lehenengo gudaria. Eusko Indarra konpainiarekin Euskal Herria defendatzen ari zela hil zuten Zizurkilgo Zarate Bentan 1936ko irailaren 17an. Agur eta Ohore Eusko Gudariei!». Zizurkilgo Udalak, plaka berrezartzea erabaki du.

Memoria ariketa, auzolandegia auzolanean

1913an jaioa zen Jose Arana Irastorza eta 23 urte zituela hil zuten. Tabakaleran egiten zuen lan eta Donostiako abuztuaren 31 kalean zegoen Euzko Indarra elkarteko kidea zen. 1936ko uztaila bukaeran, EAE-ANVren deiari erantzunez boluntario talde bat agertu zen elkartean borrokarako prest, eta ia armarik gabe Irun eta Zubeltzu aldera abiatu ziren, frontera. Buruntzan borrokatu, eta batez ere, Zarateko Benta defendatu zuten. Han 1936ko irailaren 17an Arana Irastorza hil eta 40 ordura, Aiztondoko mendietatik erretiratzeko agindua eman zuen Candido Saseta buruzagi militarrak. Eta hain zuzen, Eusko Gudarosteak erretiran utzi eta matxinatuek hartu zituzten kanoien kokalekua eta horiek botatako obus zatiak aurkitu dituzte aurten, Belkoain mendiaren inguruan.

Asteasu, Aduna eta Zizurkilgo udalek, Aranzadi zientzia elkartearen laguntzaz antolatzen duen Saseta Defentsa Sistema ikertzeko auzolandegiaren barruan egin dute aurkikuntza. Uztailaren 1etik 14ra bitartean, hogei gazte inguru aritu dira lanean 36ko gerra garaiko lubakietan. Albiztur eta Tolosa artean dagoen Olamuino mendian ere indusketak egin dituzte aurten eta Paco Etxeberria auzi medikuaren azalpenak jarraituz, hildako gorpuak nola aurkitu ikasi dute boluntarioek.

Auzolandegian, ohi bezala, azalpenak eman ditu Aranzadi zientzia elkarteko kide eta Historian doktore den Karlos Almorzak. Ikerlari amasarrak, aurten, Ezkabako espetxean 36ko gerra garaian greziera ikasteko idatzitako liburu bat aztertzen hasi eta euskara ikasteko liburu zifratua topatu du. Apirilean eman zuen ikerlanaren berri: Iruñeko Ezkaba espetxean preso sartutako gudari talde batek grekoa ikasteko osatutako Tratado de Gramatica Griega lana, nahiz eta gaztelaniaz idatzita egon eta bertan hizki grekoz ageri adibideak, esaldi horiek irakurrita euskara entzuten da. Almorzaren tesia da, Ezkaban preso zeuden gudariak kartzela barruan gertatutako gauzei buruz aritzen zirela greziar gramatika ikasteko erabiltzen zituzten adibideetan. «Ikaragarriyak gertatu dira», «zaspi gizon urkatu ebazan orrek», «Kepak bere buru il eban» bezalako esaldiak deszifratu ahal izan ditu liburuan. Euskal enigma txiki bat.

Tantaka dator 36ko gerraren testuinguruan errepresioa jaso zutenenekiko aitortza. Aurten Alegian egin dute. Aranzadi zientzia elkarteko Ione Zuloaga Muxika ikertzaileak idatzitako Alegia, 1936-1945. Giza eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan liburua aurkeztu zuten martxoaren amaieran. Alegiako Udalak okasioa baliatu du 36ko gerran eta frankismoaren lehen urteetan errepresioa jasan zuten herritarrei eta senideei errekonozimendua egiteko. Orduko alkate Unai Iraolak nabarmendutakoaren arabera, «Errepublikaren eta Euskal Herriko askatasunaren alde borroka egin zuten guztiak» omendu nahi izan dituzte.

Ohiturari jarraituz, apirilaren 14an, urtero bezala Tolosako Foro Errepublikazaleak deituta, hainbat errepublikazale bildu ziren Tolosako hilerrian. Lore eskaintza eginez omendu zituzten fusilatutako errepublikazaleak.

Errepresioa gorpuztuta

2018an bete ziren 50 urte Espainiako estatuak Gipuzkoan salbuespen egoera ezarri zuenetik. 1968ko abuztuaren 3an, ETAk Meliton Manzanas poliziaren inspektore burua tiroz hil ostean jarri zuten indarrean. Zortzi hilabeteko tartean, 1969ko urte hasiera bitartean, errepresioa nabarmen gogortu zen eta Javier Buces Aranzadiko ikerlariak aipatu duenez, «egunerokoak ziren etxebizitzen miaketak, atxiloketa masiboak, erbesteratzeak eta tortura-kasuak». Bucesek, Paco Etxeberriaren laguntzarekin kaleratu du aurten 1968, Gipuzkoa salbuespen egoeran liburua. Liburuan, Julia Alijostes eta Eduardo Osa bikote ibartarraren gertakariak jaso dituzte, baita Eugenia Sarasola eta Inazio Aranalderenak ere. Bucesen arabera, Julia Alijostesen kasua berezia da. Izan ere, errepresaliatu gehienak gizonezkoak izan ziren, eta erbesteratuetatik soilik sei ziren emakumeak; horietako bat, Alijostes. «Hamahiru egunez eduki zuten inkomunikatuta». Jaenen egon zen bost hilabetez, bere etxetik 723 kilometrora; Inazio Aranalde, berriz, Huelvan egon zen, 926 kilometrora, eta Eduardo Osak sei urteko espetxe zigorra bete behar izan zuen.

Maiatzean liburua aurkezteko ekitaldia antolatu zuen Ibarrako Udalak herrian eta ekitaldia baliatu zuen frankismo garaian errepresioa jasan zuten herritarrei aitortza egiteko. Orduko alkate Mikel Agirrezabalak egileek liburua ontzen hartutako lana goraipatzeaz gain, herritarrei zuzendu zitzaien: «Errepresioa jasan zuten herritarren izenak publikoki errekonozitu, eta herritarren aurrean, haiei duintasunez, balioa eman nahi diegu». Jazarpen politikoa bizi izan zuten ibartarrei eta haien senideei agurra dantzatu zieten, eta liburuaren ale bana jaso zuten opari.

1975. urteko azaroaren 20an hil zen Franco diktadorea, baina errepresioak segitu egin zuen Guardia Zibilaren kuarteletako pareten artean. Bucesek esana du TOLOSALDEKO ATARIAn: «1959. urtera arte errepresioa leunagoa zen, besterik gabe, oposizioa existitzen ez zelako. Francoren aurkakoak, edo lurpean, edo erbestean zeuden. Instituzio frankistak egonkorrak ziren, eta ez zuten errepresio zuzena erabili behar bizirauteko. 1960tik aurrera, ordea, oposizio politikoa piztu egin zen, gerra ezagutu ez zuen gazteen belaunaldia aktibatu egin zen, lantokietan eta kaleko mobilizazioetan. Orduan bai, errepresio zuzena erabiltzen hasi zen erregimena». Hain zuzen, Jokin Sarasolak, Jon Goñik, Josetxo Zabaletak, Elixabete Nosellasek, Juan Arangoak eta Joxe Ramon Begiristainek salaketa jarri dute aurten, Tolosako epaitegian, 1975 eta 1978 urteen artean, Tolosako Guardia Zibilaren kuartelean torturatu egin zituztelako.

Sei herritarrek euren kontrako tortura saioetan, Jesus Muñecas Aguilar kapitaina identifikatu zuten. 1961ean sartu zen Guardia Zibilean, eta 1981ean Espainiako hainbat militar eta guardia zibilek Kongresuan egin zuten estatu kolpe saioan parte hartu zuen, Antonio Tejerorekin batera. Salaketak Tolosako instrukzio auzitegira eramanda, Espainiak Justiziaren esku utzi nahi dituzte frankismoaren aurka mobilizatu ziren milaka gazteri «izu zitala sartzeko asmotan» Tolosan, Donostian edo Zarautzen egindako krimenak. Urratutako bideari jarraituz Andoaingo Udalak, herriko hainbat biktimekin batera, kereila kriminala aurkeztu du ekainaren 12an Tolosako epaitegian.

Urtarrilean kereila aurkeztu zuen herritarretako bat da Eli Nosellas eta honako adierazpenak egin ditu Torturaren Aurkako Nazioarteko egunaren bueltan: «Guardia zibilak kondekorazio bila zetozen hona eta, gerora ulertu dut, guri horrelako tratu krudela emateak saria ekarri diela». Eta gaineratu zuen, «garai batean genuen kontzientzia eta indarra ez dizkigute kendu. Eta horrek bultzatu gaitu orain pausoa ematera». Urtarrilean jarritako kereilaren erantzunaren zain jarraitzen dute sei herritarrek.

Franco hil ondorengo lehen urte nahasi horretan, 1979ko apirilaren 3an egin ziren udal hauteskundeak, bigarren errepublikatik lehen aldiz, alderdi politikoek aurkeztutako hautagaitzen artean eta sufragio unibertsalez. Aurten 40 urte bete dira. Amasa-Villabonako Udalak Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, omenaldia egin zien, martxoaren 9an, agintaldi hartan zinegotzi atera ziren bi emakumeri: Bittori Zeberiori eta Arantxa Sorondori. Agurra dantzatu zieten, eta lore sorta bana eman, opariekin batera. Zeberiok gogoan du nola hartu zuen udalgintzan aritzeko konpromisoa: «Ez nengoen horretara ohituta, egin behar zela eta egin behar zela esaten ziguten, eta, azkenean, egin, egin genuen. Denari ezetz esatea ere...». Sorondok, modu berean, aurretik ikastola eraiki nahian hasitako borrokari segida eman nahi izan zion udalean, «instituzioetan bide hori indartzeko posibilitatea ikusi nuen momentu horretan». Biek aitortzen dute, berriak zirela kontu horietan, eta ez zirela oso jantziak politikan, baina borondate handia zutela.

Urtemuga asko gogoratu dira amaitzear den 2019an. Atzera begirada egiteko balio izan du eta memoria egiteko. Josu Ibargutxi Frankismoaren Aurkako Kereilen Aldeko Euskal Plataformako kidearen gogoeta batek laburbiltzen du ariketa hori egitearen zentzua: «Batzuk ez dute ezer jakin nahi eta, besteek, ahaztu egin behar denaren kontu horrekin orria pasatu nahi dute. Guk ere pasa nahi dugu orria, baina irakurri eta gero. Eta, ondo irakurtzeko, derrigor, aurrez ondo idatzita egon behar du. Ezin dugu orria zurian utzi». Balio dezatela orri hauek egia batzuk azaleratzeko, justizia egiteko, eta 80 urte geroago, min batzuk sendatzen hasteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!