Euskal Herrian eta Tolosaldean, konfinamendua alde batzuetatik bultzatu da. Gobernuek, alderdi politikoek edo komunikabideek konfinamenduaren aldeko jarrera aktiboa erakutsi dute. Zenbait herritar ere elkartu zaizkie, #nietxeangeratzennaiz eta antzeko kanpainekin. Baina bada konfinamenduarekiko ikuspegi kritikoa azaldu duenik ere. Hemen kokatzen dira Jatsu Ormazabal, Alex Chouza, Imanol Aldazabal eta Oihana Barrenetxea.
- Jatsu Ormazabal: Tolosaldeko Gazte Frontea
- Alex Chouza: Antolakuntza Komunala
- Imanol Aldazabal: Tolosaldeko Autodefentsa Laboraleko Sarea
- Oihana Barrenetxea: Gerizpe, Tolosaldeko Emakume Langileon Defentsa Taldea
Nola kokatu konfinamendua?
Jatsu Ormazabal: "COVID-19aren hedapenarekin batera estatuak jarri duen konfinamenduaren inguruan hitz egiterakoan, lehenengo gauza argituko nukeena da, 'alarma egoera' hau auzi sanitario bat izatetik haratago doala. Hau da, gure ustez, gainontzeko arazo sozial guztiak bezala, gizarte honetan gertatzen den heinean, auzi erabat soziala da, eta gizarte hau bi klase antagonikotan banatuta dagoen heinean, bi klase horien arteko dominazio-sumisio harremanen baitan txertatzen da".
"Hau demostratzeko, hainbat puntu botako nituzke:
- Batetik, gizarte kapitalistan sortu da krisi hau. Hau da, birusaren jatorri 'teknikoa' zein den ez badakigu ere (eta ziurrenik inoiz ez digute esango egia), kapitalismoak jarri ditu hau sortzeko eta hedatzeko baldintzak. Ez da ahaztu behar sistema honetan birusak manipulatzeko inpunitate osoa daukala burgesiak, eta ez dituela manipulatzen hain justu gizartearen ongizate unibertsal baten alde. Behin zabaltzen hasi denean, honen aurka hartzen diren neurriak beti daude baldintzatuta agente politiko horien arteko gatazketara. Horrek baldintza guztiak jartzen ditu birus bat hedatu eta pandemia bihurtzeko. Ondorioz, garbi esan genezake, horrelako pandemiak gertatzen direla kapitalismoaren fase honen berezko ezaugarri bat direlako.
- Bestetik, soziala da aurretik datorren krisi sistemiko bat azkartzen duelako".
Konfinamenduak zer utzi du agerian?
Oihana Barrenetxea: "Konfinamendua gure osasunaren onerako hartu zutela esan zuten. Aldi berean, ordea, langile asko beraien lanpostuetara bidaltzen jarraitu zuten, behartuta. Horri gehitu behar zaio, lanpostu horietan zituzten baldintzak. Osasuna bermatzeko neurririk gabe ibili dira. Hor kontraesan bat dago, eta horrek hainbat gauza agerian utzi ditu:
- Lehentasuna sistema kapitalistaren ekonomian jarri dute.
- Konfinamenduaren helburu nagusia ez da gure osasuna bermatzea izan, bestela, babes neurri oso efektiboekin batera planteatu beharko litzateke.
- Helburua langileon antolakuntza blokeatzea izan da, orden soziala bermatzeko, bakoitza bere etxean bakartuta edukiz.
Jatsu Ormazabal: "Osasun ikuspegia ere badute neurri horiek, noski. Baina langileei limosna bat ematea bezala da, kontzesio bat; ez dadila asko okertu langileen osasuna, gero bestela, desastre ekonomiko handiago bat sortuko da eta. Baina krisiak kapitalaren berrantolaketa bat eskatuko du. Lan indarra esplotatzeko formak eraldatu beharra dauzka kapitalak, geroz eta zailagoa zaion irabazia xurgatzen joateko. Langileekin nahi dutena egiten saiatuko dira, baldintzak muturreraino emanaz. Hor gatazkak sortzeko arriskua ikusiko dute, eta ondorioz, eraldaketa kultural bat bultzatzea beharrezkoa izango da beraientzat, langilegoa euren aurka ez pizteko".
"Ildo horretatik datoz hartutako hainbat neurri, esaterako, kontrol sozialerako mekanismoak. Mugikorreko aplikazioak eta horrelakoen bidez kontrolatzeaz ari dira hitz egiten, gaixotasunaren aitzakian. 'Buloen' inguruan sortutako legea, publikazioak delitu bilakatuz. Poliziaren presentzia normalizatzeko saiakera, adibidez, ejertzitoa kalera ateraz autobus geltokiak desinfektatzera, horretarako beste inor egongo ez balitz bezala".
"Bi hilabete goaz etxean eta normaltzat hartzen dugu. Jendeak zipaio lanak egitea ere ondo ikusten dugu. Normalizazioa arma bat da, eta funtzionatu egiten du. Burgesia berak nahi duen aldaketa kulturala aurrera eramateko gai da, langilegoa gaur bezain desantolatuta dagoen bitartean. Gainera, bata bestearen kontra jartzen gaitu, eta horrela, faxismoa zabaltzeko izugarrizko baldintza egokiak jartzen ditu".
Oihana Barrenetxea: "Argi dagoena da konfinamenduak langile klaseari askatasun politikoa kentzea eragin duela, biltzeko eta manifestatzeko aukerak debekatuz. Horrek, testuinguru latz honi erantzuteko muga nabarmenak sortu dizkigu. Lehendik zetorren proletarizazio-prozesua ikaragarri azkartuko du, eta osasun krisialdia deitutako hau gainditzen bada ere, langile klasearentzat oso baldintza gogorrak etorriko dira datozen hilabeteetan".
Imanol Aldazabal: "Biltzeko zailtasunak, antolakuntza politikoa ia debekatua... guzti horrek, eman ditzakegun elkartasun espresio bakoitza kentzea dakar. Konfinamenduak langile sektore ezberdinak isolatzeaz gain, babesgabetasun egoera batera eraman du langilegoa. Kontrol sozialerako dituzten erreminta desberdinak martxan jarri dituzte langilegoa kontrolatu ahal izateko. Horrek planteamendu berriak bilatzera eraman gaitu, gure borroka formak birplanteatzera".
Alex Chouza: "Gu ere behartuak izan gara orain arte aurrera eramaten ari ginen jarduna etetera. Argi dugu, askatasun politikoak lapurtuak izan zaizkigula eta ez dizkigutela oparituko, hauek berreskuratzeko langile antolakuntza sustatu behar dugu".
"Aldi berean, Gazte Koordinadora Sozialistak 'ezkutuko salbuespen egoeraren' aurkako salaketa kanpaina politikoa abiatu zuen, Burgesiaren ofentsiba gelditu lelopean. Honen baitan lan ildo batzuk jarri ziren martxan sektore kolpatuenen defentsa edo babesa antolatzeko bitartekoak sortuz, hala nola etxebizitzaren arloan. Horrela, testigantzak biltzeari ekin genion eskualdean, desjabetuoi ezagunak zaizkigun etxebizitza arazoak (alokairuarekin...) zein bestelako oinarrizko beharrizanak asetzeko ditugun zailtasunak kontuan izanik. Testigantza hauek biltzearekin, eskualdean arazo hauengatik kolpatuak izaten ari direnekin harremana egin eta elkartasuna saretzea ezinbestekoa zaigulako esparru honetan ere".
Konfinamendua, zalantzarik gabe?
Jatsu Ormazabal: "Konfinamendua bere osotasunean kritikatzen duten ahotsek gizartean hegemoniarik ez izateak, argi erakusten du egoera politikoaren gordina. Sozialdemokraziaren proiektu politikoa tableroaren erdian kokatzen tematzen da, beti. Bi klaseen arteko gatazka sozialak gainditu, hau da, errealitatetik abstraitu eta hauen arteko adiskidetzea bilatzen du. Horren ondoriotzat jotzen dugu, adibidez, poliziak kale guztiak hartu dituenean, langilegoaren aurka azken hamarkadetan eman duten ofentsibarik handiena gure begien aurrean ikusi dugunean, alderdi sozialdemokratek soilik konfinamenduaren kudeaketari ematen diotela garrantzia, soilik kritikatzen dutela zein modutan geratu etxean, edo laguntza sozialak zeini eta nola eman".
"Gizartea antolatzeko modu posible bakarra hau dela sinesten dutelako gertatzen da hori; merkatuan eta lan indarraren esplotazioan oinarrituriko antolaketa hau. Eta muga zurrun horien barruan soilik maniobratu ahal dela sinetsarazi nahi izaten digute, aurrekontu sozialetan oinarrituta. Eta noski, langilegoa irizpide honen arabera gidatzen bada, hau bezalako krisialdi bat etortzen denean eta gastu sozialaren poltsa husten denean, maniobratzeko inongo gaitasunik gabe geratzen da. Erabat egoera zaurgarrian. Jarrera horrekin, burgesia inposatzen ari den, eta ematen duenez luzerako etorriko den 'normaltasun berrira' langilegoa errazago, xuabeago integratzea besterik ez da lortzen azken finean".
"Adibidez, osasungintza 'publikoa' aldarrikatzen da, non, gaur egun osasungintza publikoaren gaineko erabakimen guztia burgesiak daukan; ikusi besterik ez dago 'osasun' neurri guztiak zein esferatatik datozen. Horren ordez, osasunaren gaineko langileon kontrolaz hitz egiten hastea ezinbestekoa da".
"Posizio iraultzaileetan kokatzen garenok, hitz gutxitan honakoa da azaleratu nahi duguna: langilegoa sistema kapitalistan ez da kabitzen, etengabe baitator bere aurka bere kondizio desjabetua. Beraz, bere aspirazioak bere barnetik datozen indarrak artikulatu eta forma propio baten bidez, hau da, independentzia politikoz antolatzea izan behar du. Modu horretan interpelatzen dugu guk langilegoa, bere kabuz antolatu eta antolakuntza prozesu horren bidez sistema hau iraultzeko baldintzak jartzen dituen subjektu historikoa".
"Azken finean, gure ustez ez du balio esateak, 'bozkatu ni, beste guztiek baino hobeto egingo dut eta'. Horrek suposatzen duelako gure gaitasun guztiak behin eta berriz delegatzea, behin eta berriz zerotik hastea".
Emakume langilearen ikuspuntua?
Oihana Barrenetxea: "Esan dugun bezala, langile klaseko sektore zaurgarrienak ondorio latzenak jasaten ari dira. Emakume langilea bertan kokatu behar dugu. Bere lan merkatua orokorrean okerren ordaindutako lanei lotuta egoten da, nahiz eta funtsezko jarduerak izan: haurren eta arreta berezia behar duten pertsonen zaintza, osasuna, garbiketa,… Gainera, orokorrean kontratu kaxkarretara edo kontratu gabe lan egitera bultzatuta egoten dira, horrek suposatzen duenarekin".
"Egungo testuinguruan, haurtzaindegi, ikastetxe, eguneko egoitza eta abar itxi dira inolako alternatibarik edo bitarteko sozialik eskaini gabe. Zerbitzu horiek jasotzen zituzten pertsonen zaintzaren ardura zati handi bat emakume langileen gain erori da. Lan hori behar bezala burutu ahal izateko batzuk soldatapeko lana utzi edo lanaldia murriztu behar izan dute; diru sarrera baxuak bazituzten, orain ia gabe utzi dituzte. Lanean jarraitu dutenek lankarga bikoitza jasaten dute, horrek beraien osasunarentzat suposatzen duen kaltearekin. Hori nahikoa ez bada, lanera joaten direnen egoera hartu behar da kontuan, beharrezko babes neurririk gabe ibili direlako askotan".
"Hor ikusten da zerbitzu 'publiko' horien arduradunen jokaera. Ez dute alternatiba edo bitarteko sozialik eskaintzen zerbitzu horiek gabe geratu den pertsonaren zaintza bermatzeko. Langileek arduratu behar izan dute hortaz, eta kasu askotan emakumeek".
"Konfinamenduak bakartze soziala, isolamendua, estresa, segurtasun eza... eragiten du. Etorriko den atzeraldi ekonomikoak indarkeria kasuak ugarituko dituela ikusten ari gara. Argi aurreikus daiteke hori. Emakume langilea sistema kapitalistan subjektu menderatua denez, biolentzia matxistaren gorakada bortitz hau pairatuko duena bera izango da. Indarkeria salatzeko gaitasun eta aukerak asko murrizten dira konfinamenduarekin, erasoa burutzen duenarengandik banantzea eta babestea ohi baino gehiago zailtzen duelako".
Etxebizitzak ere zeresana al du egoera honetan?
Alex Chouza: "Etxebizitzaren arazoei dagokionez, aurretik bizitzen genuen problematika bat da. Eraldaketak ematen ari dira merkatuan eta honek izugarri eragiten du gure bizi baldintzetan, hau da, etxebizitza 'eskuratzea' geroz eta itogarriagoa izango zaigu alokairuaren garestitzearekin batera edota soldaten galerarekin batera. Eta datorrenaren aurrekariak sufritzen hasiak gara".
"Lehen argi geratu den bezala, gure bizi baldintzen hobekuntza errealaren garapena ez da etorriko estatu burgesen eskuetatik, baizik eta gure gaitasun politikoen metaketa da ardatza. Ongizate estatuaren gainbeheraren baitan dauden 'prestakuntza sozialek' dituzten mugetatik haratago doalako etxebizitza, unibertsala eta kalitatezkoa aldarrikatzea dagokigu".
"Azken instantzian, propietate pribatua suntsitu behar dugu. Azken hau ez da posible izango gaurdanik sozialismoa eraikiz ez bada. Kapitalaren diktadurarekin amaitu ezean ezin izango dugulako gure klase desjabetu baldintza ezabatu. Burgesiaren ofentsiba ekonomiko zein politikoa hasi besterik ez da egin eta erasoaldi hau neutralizatu edo gelditzeko aukerak ez dira egongo gure klasearen defentsa politikoa egikaritzeko hautua ez badugu egiten".
Kontrol neurriak?
Imanol Aldazabal: "Krisi ekonomikoa, izatez, burgesiak gainbalioa erreproduzitzeko zailtasunak aurkitzen dituenean gertatzen da. Hau bizitzako esparru ezberdinetan islatuta ikus dezakegu: osasungintzan, etxebizitzan, arlo laboralean edo beste hainbat esparrutan. Bi klaseen arteko talka nabarmenago ikus daiteke krisi egoera hauetan".
"Burgesiak bere interesak defendatu ahal izateko mekanismo eta aparatu ezberdinak eraikiak ditu: legedi burgesa, kontrol sozialerako mekanismoak, errepresio aparatuak... Honekin gainbalioaren xurgapenak jarrai dezan bilatzen dute, eta ondorioz, orden sozial bat mantentzeko baliatzen dituzte elementu hauek. Garai konkretu honetan, non zailtasunak ematen ari diren gainbalio hau erreproduzitzen jarraitzeko, COVID-19a gehitu behar zaio".
"Burgesiak dituen baliabideak martxan jarri ditu kontrol sozial hau bermatu ahal izateko, eta langilegoak ezin defenditu ahal izateko datorkigun ofentsiba kapitalista honen aurrean. Poliziak, errepresio aparatu bezala, langileon interesen aurka jarduten dute. Adibidez, isunak jarriz kalean aurkitzen den jendeari beldurra sartzeko eta baliabiderik gabe uzteko. Esan bezala, oraingoan osasunaren izenean".
"Honek burgesiaren interesak bermatuko ditu, langilegoaren antolakuntza baten faltan ezingo diogu aurre egin ofentsiba kapitalista honi. Klase elkartasuna ez badugu antolatzen ezingo ditugu gure klase interesak borrokatu eta aurreko krisi kapitalistetan bezela langilegoari tokatuko zaio krisi kapitalista hau ordaintzea".
Deseskalada?
Jatsu Ormazabal: "Labur esanda: merkatuei begira antolatu dituzte fase guztiak. Horrez gain, kanpaina politikoa egiten ari dira, 'normaltasun berria' saltzeko eta ondorioz, normalizatzeko".