Koronabirusa

Eskualdeko testigantzak biltzeko eta aholkularitza juridikorako tresnak jarri dituzte martxan

Ataria 2020ko api. 14a, 17:51

Gazte Koordinadora Sozialistak eta Tolosaldekoko hainbat eragilek, elkarlanean, ondorengoa jakinarazi dute: "COVID-19ak eragindako osasun krisiaren aurrean, kolektibo kolpatuenen defentsarako baliabideak martxan jarri dituztela".

Gazte Koordinadora Sozialistak azaldu duenez, "krisi honen ondorioak pairatuko dituena langile klasea izango da. Izan ere, epe laburrean azkartu ditu krisialdi kapitalistaren erritmoak". Egoera horrek ekar ditzakeen ondorioen aurrean, beharrezkotzat ikusi dute "langileriaren babeserako dinamikak eta antolakuntza baliabideak handitzea".

Horretarako, GKS-tik esan dutenez, "nazio mailan kolektibo kolpatuenen defentsarako baliabideak jarri ditu martxan".

Tolosaldeako hainbat eragilek bat egin dute dinamika horrekin, eta hainbat mekanismo sortu dituzte "erasoen testigantzak bildu eta defentsarako baliabideak eskaini ahal izateko".

Eskualdeko eragile horien artean daude Tolosaldeko Gazte Frontea, Antolakuntza Komunala, Gerizpe eta Tolosaldeko Autodefentsa Laboraleko Sarea. "GKS-ren tresnak erabiliz, etxebizitza esparruan, jazarpen polizialaren esparruan eta esparru laboralean emandako erasoen testigantzak bildu eta asistentzia juridikoa eskaintzeko bitartekoak martxan jartzea izango dute helburu", azaldu dute.

Bestalde, Gerizpek, genero problematikari ere erantzungo diola iragarri dute, "aspektu honetan gertatzen diren erasoen testigantzak jasoz".

Kolektibo hauekin harremanetan jartzeko helbide elektroniko eta telefono zenbakiak jarri dituzte eskura, beharra duen orok erabiltzeko. 

Testigantzak bidaltzeko, harremanetarako kontaktuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!