Koronabirusa

Enplegua gutxituko dutela aurreikusi dute Gipuzkoako enpresen ia erdiek

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Martin 2020ko mai. 1a, 14:29

Bazkundearen inkestak dio salmentak urrituko zaizkiela hamarretik bederatziri. Tokiko kontsumoa handitzea nahi du Cebek patronalak.

Aurreko krisi ekonomikoekin alderatuz gero koronabirusak eragindakoa desberdina dela diote adituek, baina aurrekoek bezala langabezia handituko duela ez du inork zalantzan jartzen. Gipuzkoako merkataritza ganberak, Bazkundeak, inkesta bat egin du lurraldeko enpresen artean, COVID-19ak eragindako egoeran zer eboluzio izango duten jakin nahian, eta enpleguarekin du lotura azterketa horrek eman duen lerroburu nagusiak: galdetutakoen ia erdiek (%45ek) aurreikusi dute enplegua gutxituko dutela.

Enpresen %15ek uste dute %10 baino gutxiago murriztuko dituztela lantaldeak, baina %20 baino gehiagok aurreikusi dute %25 arteko murrizketak egin beharko dituztela. Alegia, domino efektu ezagun bat jarri da martxan dagoeneko: jarduera gutxitu da, diru sarrerak gutxitu dira, eta enplegua murriztuko da. Izan ere, Bazkundearen inkestak argi islatzen du enpresa gehien-gehienek (%86) espero dutela beren diru sarrerak apaltzea aurten. Enpresen erdiek, gainera, fakturazioaren galera hori %43koa izango dela uste dute; hamarretik bederatzik, berriz, aurreikusi dute behintzat %20 txikituko zaizkiela diru sarrerak.

Esan beharrik ez dago: jarduerak izan duen geldialdi handiarekin du zerikusia fakturazioaren galera. COVID-19ak enpresen erdien (%54) jarduera txikituko du, eta enpresen laurdenean ia (%22) negozio eredua aldatzera behartuko du. Hainbat atalean ordaintzeari utziko diotela uste dute %22k, esaterako, maileguei dagokienez eta hornitzaileei.

Tokikotasunari begira

Bazkundearen inkestak islatzen du enpresak zain-zain daudela COVID-19aren aurkako txertoa noiz aurkituko (%75), baina bitartean soluzioak behar dira ekonomia berpizteko, eta enpresariek tokiko kontsumoan jarri dute beren esperantza. %75ek uste dute tokiko ekonomia suspertu behar dela, begien bistakoa baita urruneko hartu-emanak zailagoak direla koronabirusaren garaian. Etxekoak etxekoentzat formula nahi dute.

Bizkaiko Cebek patronalak ere argi islatu du enpresarien nahi hori berpizteko planaren inguruan egin duen inkesta batean. Bizkaiko hamar enpresatatik bederatzik uste dute «ahalegin bat» egin behar dutela kontsumitzaileek «bertako erosketak eta hornidura laguntzeko». Cebeken argi utzi du enpresarien beste nahi bat dela jarduera berreskuratzen hastea. %97k diote sei asteko alarma egoeraren ondoren, «garaia» dela enpresen jarduera handitzeko.

Bestalde, Cebekek galdera bat egin die bere kideei Espainiako Gobernuak martxan jarri duen normaltasunerako prozesuari eragiten diona, eta haiek erantzun dute erkidegoen berezitasunen arabera finkatu beharko litzatekeela prozesua(%95), erkidego bakoitzaren «egitura ekonomikoaren arabera». Hau da, enpresak ez daude ados erkidego guztiek arau bertsuekin egin beharra bidea normaltasunera, kontuan hartu gabe haien desberdinetasunak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!