Espainiako Gobernuaren aurreikuspenen arabera, urte honetan lanpostuen %9,7 galduko da. Langabezia, berriz, %19ra igoko da. 2019ko datuen arabera, langabezia urte horretan %14,1ekoa zen Espainian. 2021erako, aldiz, %17,2koa izatea espero du gobernuak. Datu horien arabera, aurten 1.900.000 lanpostu galduko dira.
Nadia Calviño Ekonomia ministroaren esanetan, "zentzuzko aurreikuspenak egiten saiatu gara, bizi dugun egoera zalantzaz beterikoa delako". Ondoren, zera gaineratu du: "Zuhurtziaren bidea aukeratu dugu aurreikuspen hauek bidaltzerako garaian (Europako Batzordera), horregatik, aurreikuspen ezkorrenen aldeko autua egin dugu".
Errekorra
Azken urteetako datuak kontuan hartuta ez da urte batean horrenbeste lanpostu deuseztu. Aurreko krisi ekonomikoan sei urtez jarraian deuseztu ziren lanpostuak, baina datua 1.900.000ra ez zen iritsi urte bakar batean. Gehienez, 1,16 milioi deuseztu ziren.
"Egoera ekonomikoaren adierazleek erakusten dute apirilean lan merkatuan egonkortasun bat egon dela. Hurrengo urtean lan merkatuaren dinamismoa berreskuratzea espero dugu, langabezia tasak behera egin dezan", esan du Calviñok.
Barne Produktu Gorduna %9,2 jaitsiko da
Europara bidalitako datuen arabera, ekonomiak %9,2ko atzerakada izango luke Espainian. 2019an %2,0ko igoera izan zuen. Barne Produktu Gordinaren igoera aurreikusten du gobernuak 2021ean, %6,8koa.
Erorketa eta igoera "V asimetriko" baten itsurakoak izango direla adieraz du Ekonomia ministroak: "Hiruhileko honetan beherakada handia, eta ondoren, bigarren seihilekoan pixkanakako errekuperazioa".