Azken urte luzeetan maiatzaren 1a eta Aralarko larreak irekitzea eskutik joan dira. Aurten ere, koronobarisak ez du oztopatuko larreak irekitzea, baina bai zapuztu du Larraitzen egiten zen festa eguna.
Festarik ez da izango, baina Jose Antonio Irastorza basozainaren hitzetan, «ganaduaren jarduera berdin mantenduko da, eta zorionez mendiaren eta naturaren jarduerak berdin jarraitzen du aurrera».
Hasi gabe zeuden festaren antolaketarekin. Horrenbeste urtean ohitura bilakatutako festa ez egiteak pena puntua ematen diola aitortu du, baina bizi dugun egoeraren aurrean garrantzia kendu dio.
«Larreetara igoera normal antzean egingo da, baina behin igota ere, hemen behean, etxeetan ditugun betebehar horiek jarraitu beharko dituzte. Hau da, bakar antzean ibili beharko dute», argitu du. «Mendian gaudela eta, ezin dugu pentsatu mendian ez dagoela gaitzik. Ezin dugu engainatu», azpimarratu du.
«Agintariek gai asko dituzte esku artean, eta ganaduzaleen kontua, antza, ez dute jorratu. Ez dugu inongo agindu edo gomendiorik jaso», adierazi du basozainak. Enirio Aralar Mankomunitatetik bai, aurten, artzainek eta ganaduzaleek animalien joan-etorriak egiteko osasun gidak lortu beharko dituzte. «Legez egin beharreko kontua da. Ustiatoki batetik bestera, edozein animalia mota mugitu ahal izateko gida egin beharra daukazu», azaldu du. Mankomunitateko lehendakariak izenpetuta ganaduzale guztiei igorri zaiela agindua esan du Irastorzak: «Aurten betearaztea eta aplikatzea erabaki da». Kontuan hartu behar dela dio, Aralarko mendia ustiatoki handi bat dela; ez urte guztikoa, baina bai hilabete askotakoa.
Beraz, Aralarko mendira doazen heinean gidak egin beharko dituzte animaliak mendira eraman ahal izateko, eta berriz ere, behin Aralartik behera datozenean, osasun gida egin beharko dute ustiatoki batetik bestera animaliak mugitzeko. «Gida bidez jakinarazi egin beharko dute noiz igoko dituzten animaliak». Maiatzaren 1ean irekitzen dira larreak, baina ia maiatzaren erdira bitartean luzatzen da igoera. Guztira 130 abeltzain dira baimenduak. 37 dira artzainak, eta 17.311 ardi igoko dira Aralarko larreetara. 35 behizaleak izango dira, eta hauek, 985 behi izango dituzte Aralarren. Azkenik, 58 behorzalek ere Aralarrerako bidea egingo dute, eta 862 behorrek izango dute datozen hilabeteetan Aralar Parke Naturala bizileku.
Aralar mendiari begira jarrita, beste behin ere «dotore» dagoela aipatu du basozainak. Denean ez dagoela berdin belarra argitu du, baina azken asteetako euriak asko lagundu duela dio: «Elurra kentzen joaten den moduan, belarra ere behetik gora osatzen joaten da». Animaliak neguan ez egoteak larreei laguntzen dien moduan, jendearen joan-etorririk ez izateak ere eragin duela azaldu du. Bidezidor batzuetan belarra ere jaio da. Puntu batzuetan, bidean zoazela despistatzeraino jaio dela azaldu du. Txindoki mendiak jende asko hartzen du, eta basozainaren hitzetan «honez gero susmo txarra hartuta dago jenderik ez dabilelako». Jendearen joan-etorririk ez izateak Aralarri «mesede» egin diolakoan dago.
Natura bizirik dagoela dio, «ederra dago», eta goran bezala behean adierazi du. Era berean, ez duela inbidiarik sortu nahi argitu nahi izan du, eta azpimarra jarri du, momentuko egoera dela eta, «ditugun aginduak bete beharrean gaude».
Amasan, Komizarrera
Amasa-Villabonako Udalak ere azken urteetan Maiatzaren Lehenean Larre Irekiera Festa egin izan du, Amasan. Komizarrera ganadua igotzeko festa izan ohi da, baina toki guztietan bezala, festarik ez da izango.
Aldiz, ganadua larreetara igotzeko arazorik ez dute izango herriko ganaduzaleek.