Larreen irekierarako egun gutxi batzuk baino geratzen ez direnean, gidak martxan jartzeak zailtasunak dituela aintzat hartuta eta giden derrigortasuna ganaduzaleen ahalmen eta logistika kontutan hartuta egokitu behar denez, aurreko urteetako prozedura berdina mantentzea eskatzen dugu, prozedura berriak ezartzeak sektorearekin lanketa eskatzen duelako.
2019an IBR gaitzaren aurkako osasun programa martxan jartzeko irizpideak finkatu zituen 554/2019 Errege Dekretua argitaratu zen. Programa hori sektoreko eragileek eskatuta garatu da Gipuzkoan, IBR gaitza desagerrarazteko helburuarekin. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta sektoreak adostu zuten abelgorriei bakarrik eragiten dien IBR gaitza dela eta abelgorriek mendietara igotzeko edo ferietara joateko osasun gida atera behar izatea. Mankomunitateko lehendakariak jakinarazitako erabakia, aldiz, ez da ez sektorearekin ez aldundiarekin ez eta mankomunitatea osatzen dugun udalerriekin landu.
Behien kasuan gidaren premiazko beharrak zentzua badu eta sektorearekin aldundiak egindako lanketan horrela adostu zenez, abelgorrien azienden jabeak jakitun ziren osasun gida beharrezkoa izango zela aurten behiak larreetara eramateko. Gainerakoen kasuan, berriz, -ardiak eta behorrak- IBR gaitzak eragiten ez dienez, osasun gidaren ezarpena ez da hain premiazkoa. COVID-19a dela eta nekazal bulegoetara izapideak egitera ez joateko eskatzen den momentu honetan, hain denbora gutxirekin, behor edo ardien jabeak izapide horiek egitera behartzeak ez du inolako zentzurik.
Gauzak horrela, eskatzen dugu, egoera aintzat hartuta, aurten ere aurreko urteetako prozedura berdina mantentzea prozedura berriak sektorearekin lanketa bat egin gabe inposatu ordez.
Sinatzaileak:
Enirio-Aralar Mankomunitatean Abaltzisketako ordezkaria (Jon Zubizarreta)
Enirio-Aralar Mankomunitatean Altzagako ordezkaria (Iñigo Olano)
Enirio-Aralar Mankomunitatean Aramako ordezkaria (Luis Garmendia)
Enirio-Aralar Mankomunitatean Beasaingo ordezkaria (Aitor Aldasoro)
Enirio-Aralar Mankomunitatean Lazkaoko ordezkaria (Aitor Altuna)