Maiatzaren lehena 2020

Aldaketak datoz mundura

Jon Miranda Labaien 2020ko mai. 1a, 10:12

Maiatzaren Lehena, Langileen Nazioarteko Eguna, ezohiko egoera batean dator aurten, koronabirusak eragindako alarma egoera eta krisiaren erdi-erdian; gehiengo sindikalak, hala ere, gaurko eguna baliatuko du eraldaketa sozial baten hasiera izango den aroa abiatzeko.

Aurreko urteetan ez bezala, aurten irudi komun bat izango dute euskal gehiengo sindikaleko sindikatu guztiek, Maiatzaren Lehena, Langileen Nazioarteko Eguna ospatzeko. «Kapitalak marraztu nahi digun etorkizun beltzaren aurrean, guk bizitza erdigunean jarriko duen etorkizuna marraztu nahi dugu, etorkizun koloretsu eta dinamikoa», adierazi dute ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek eta etxeko balkoietan ikurra zintzilikatzeko deia luzatu diete herritarrei, «langileen indarra eta aldarrikapena ikusarazteko».

Egungo salbuespen egoerak «mezu komuna» behar duela uste dute gehiengo sindikala osatzen dutenek, baina hala ere, eragile bakoitzak beren ekitaldi propioekin ospatuko du eguna. Hori bai, hautatutako irudia presente egongo da sindikatu bakoitzak argitaratzen dituen kartel digitaletan, bideoetan eta abarretan.

'Bizitza erdigunera' LABek

Aurtengo Maiatzaren Lehena ezohikoa izango da, ez baita manifestaziorik izango. Horren ordez, LABek auto karabana bat egingo du eskualdean, eta oinarrizkotzat dituen lantokietatik pasako da, hango langileei babesa adierazteko. Beste leku batzuetatik ere igaroko da, «kapitalaren interesak soilik defendatzen dituztenak kritikatzeko». Tolosaldean Usabaldik abiatuko da kotxe karabana eta eskualdeko hainbat herri zeharkatuko ditu. Ondoren, 12:30ean, Internet bidez zabalduko du LABek bere mezua.

Sindikatu abertzalearen ustez, kapitalaren eta bizitzaren arteko borroka da aste hauetan ikusi duguna: «Patronalaren mesedetan egindako kudeaketa zentralizatu eta autoritarioa batetik; herria, herritarrak, auzokideak, bizilagunak, ingurukoak zaindu nahi dituen komunitatea bestetik». LABek esan du egunotan ikusitakoak erakutsi duela zeintzuk diren, benetan, bizitza sostengatzeko ezinbesteko lanak, «eta ikusi ditugu, gehienetan, emakumeak lan horiek egiten», gaineratu du.

Langile askorentzat garai zailak direla azpimarratu du LABek. «Batzuk kaleratuak izan dira, beste batzuk eskubide murrizketak pairatu dituzte eta askok ziurgabetasunez begiratzen diote etorkizunari». Osasun sistema publikoa zenbateraino ahulduta dagoen erakutsi du azken asteotako krisiak eta LABek uste du orain ikusi ditugula zaintza lanak «pribatizatu eta azpigaratu» izanaren ondorioak.

Kapitalaren eta bizitzaren arteko borroka hori irabazteko, bizitza erdigunean jarriko duen eredu ekonomiko eta sozial berria sortzeko, orain, inoiz baino gehiago, langileek euren burua antolatu behar dutela uste du LABek. «Egunotan ikusi eta ikasi dugu, gure lanak mugitzen duela mundua eta, era berean, gure lanak eraldatu dezakeela mundua». Arazo zehatzei erantzuna ematearekin batera, langile klaseak alternatiba bat eraikitzeko gaitasuna duela dio sindikatuak.

Horretarako eraldaketarako ardatzak proposatu ditu LABek: «Herritar orori lan, pentsio eta bizitza duina bermatzeko premiazko neurriak; osasun eta zaintza sistema publikoa sendotu eta osasun nahiz zaintza baliabide oro publifikatu; aberastasuna birbanatu eta eskubideak bermatzeko baliabideak eskainiko dituen politika fiskala ezarri; ekoizpen eta kontsumo eredua birpentsatu eta demokratizatu, eko-sozialismoaren eta feminismoaren oinarriak aintzat hartuz; eta herri burujabetza bermatuko duen Euskal Errepublika eratu». Norabide horretan, urtarrilaren 30eko greba orokorraren bidetik, eraldaketaren aldeko indarrak biltzearen garrantziaz ohartarazi du LAB sindikatuak.

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak «osasuna eta pertsonen beharrak lehentasuna diren» normaltasun prozesu bat aldarrikatu du. «Normaltasun berri bat nahi dugu, baina ez aurrekora itzultzea dakarren normaltasun bat, bizitza duinari bide ematen ez ziona eta planeta txikitzen jarraitzen zuen normaltasuna».

'Bizitza gara' ELAk

Aurten langileek ezingo dituzte kaleak hartu, bildu eta besarkadak eman elkarri. Tolosaldean ELA sindikatuak ez du mobilizaziorik iragarri gaurko, baina adierazi du langile klasearen antolakuntzan sindikatuaren erabakitasuna eta konpromisoa «are handiagoa» izango dela. Gehiengo sindikalarekin batera, M1 koloretsu bat margotzeko deia luzatu du sindikatuak eta bide batez, salaketa eta aldarrikapenak plazaratzeko baliatuko du gaurko eguna. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak gaur, 12:00etan bideo baten bitartez helaraziko die afiliatuei mezua.

ELAk gogoan izan ditu Euskal Herrian eta mundu guztian koronabirusak jota hil direnak. «Badakigu historian zehar Maiatzaren Lehenaren ikur izan dela. Elkartasunak, berdintasunak eta borrokatzeko konpromisoak adierazten dute milioika pertsona langile klaseari atxikitzen zaizkiola eta haren parte direla». Sindikatuak nabarmendu nahi izan du zer-nolako «injustizia humanitarioa» den hainbeste pertsonen heriotza, «behar bezalako osasun arreta izan ez dutelako eta segurtasun neurririk hartu ez delako».

Abagune berri bat zabalduko dela uste du ELA sindikatuak eta etorriko diren mehatxu eta erasoei aurre egiteaz gainera, aldaketarako aukerak sortzeko garaia izango dela aurreikusten du. «Aldaketa handiak behar ditugu: austeritate politika alde batera utzi; bizi jasangarriak; zaintza lanari garrantzia eta balioa aitortu; zerbitzu publikoak eta oinarrizko lanen balioa indartu; gure ekonomia lurraldean errotu globalizazioaren aurka...».

Justizia eta iraunkortasunerako bide bakarra begitantzen zaio ELAri: «Trantsizio sozial, feminista eta ekologistan aurrera egitea». Horretarako mobilizazio soziala, aliantzak, elkarlana eta kalean langileek agertzen duten indarra dira euskal gizarteak dituen ondasun handienak sindikatuaren ustetan.

Horregatik gaurko egunez egingo diren agerraldietan, kapitalismoaren porrota salatuko du sindikatuak eta erantzun kolektiboaren beharra azpimarratuko du. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak koronabirusak sortutako krisiak utzitako mezuaz jardun du: «Argi geratu da bizitzarako funtsezkoak diren sektoreei balio politikoa eman behar zaiela, lan horiek prekarizatuta egon baitira orain arte». Osasungintza, erresidentziak eta elikadura sektorea aipatu ditu, besteak beste, eta austeritate politika eta pribatizazioekin amaitzea eskatu du, langileentzat enplegua eta segurtasuna bermatuz. Lakuntzak baieztatu duenez, aurten Maiatzaren 1ean agerian geratuko da, inoiz baino gehiago, zer den benetan garrantzitsua gizarte batean eta zer ez. Zentzu horretan, sektore publikoa indartzeko unea heldu dela azpimarratu du. «Ekonomiaren lidergo publikoa beharrezkoa da, soilik publikoak aterako gaitu krisi honetatik».

«Burgesiaren ofentsiba gelditu»

Langileriaren «babeserako dinamikak eta antolakuntza baliabideak» handitzea erabaki du Gazte Koordinadora Sozialistak COVID-19ak eragindako osasun krisiaren aurrean eta Tolosaldeko hainbat eragilek bat egin dute dinamika horrekin. Tolosaldeko Gazte Fronteak, Antolakuntza Komunalak, Gerizpek eta Tolosaldeko Autodefentsa Laboraleko Sareak zenbait mekanismo sortu dituzte erasoen testigantzak bildu eta defentsarako baliabideak eskaini ahal izateko.

Etxebizitza esparruan, jazarpen polizialaren esparraun eta aipatu dutenez, «genero problematikari» ere erantzungo dio, «aspektu honetan gertatzen diren erasoen testigantzak jasako ditu Gerizpek». Arlo laboralari dagokionez testigantzak bildu eta aholkularitza juridikoa eskainiko du Tolosaldeko Autodefentsa Laboraleko Sareak, 633 723 275 telefonoan edota tolosaldekolbs@gmail.com helbidean.

Soldatapeko lanean bizi diren gatazkei eutsiko die sareak, «bereziki arlo laboraleko sektore kolpatuenetan jarriko dugu arreta». Honako egoeran aurkitzen direnen testigantzak jasoko dituzte, aipatu dutenez: «Kontratu gabeko langile isolatuak, kontratupean baina isolaturik dauden langileak, kontraturik gabe eta lankideekin aurkitzen diren antolatu gabeko langileak (6 langile baino gutxiagoko enpresak) eta kontratupean eta lankideekin aurkitzen diren antolatu gabeko langileak (6 langile baino gutxiagoko enpresak)». Tolosaldeko Autodefentsa Laboraleko Sarea aholkularitza emateaz arduratuko da.

ABEE-ak: OHIKO GALDERAK

Zer dira aldi baterako enplegu erregulazioak?

Enpresa batek bere langileen kontratuak eteteko edo murrizteko Espainiako lan legediak ematen duen aukera bat dira. Haien helburua da lan gutxi dagoenean enpresak ez kaleratzea langileak, baizik eta langileei eustea, egoera konpondu bitartean. Bi motatako aldi baterako enplegu erregulazioak daude: lana murrizten dutenak eta kontratuak eteten dituztenak. Azken horiek ugaritu dira azken asteetan, ekonomiaren geldialdia teorian aldi baterakoa delako.

Zer eskubide dute kontratua etenda duten langileek?

Ez dute lanera joan behar, eta langabezia saria jaso dezake, teknikoki langabezian ez egon arren —enpresarekin duten kontratua ez dago hautsita, etenda baizik—.

COVID-19arekin lotutako ABEEk zer berezitasun dute?

Espainiako Gobernuak erabaki du alarma egoerak irauten duen bitartean aldi baterako erregulazioak laguntzea. Erregulazioan dauden langile guztiei emango die langabezia saria, horretarako nahikoa kotizatu ez dutenei ere. Gainera, orain jasoko duten langabezia saria ez da deskontatuko sari horretako eskubideetatik. Langilearen Gizarte Segurantzaren kotizazioaren zatia ordaindutzat joko du, eta enplegatzailearen zatiarekin bi aukera daude: enpresak 50 langile baino gutxiago baditu, estatuak hartuko du bere gain; hortik gorako enpresak, berriz, kotizazioaren %25 soilik jarri beharko du.

Zenbatekoa da saria?

Kotizazio oinarriaren %70 dagokio, ohiko langabezia sarietan bezalaxe. Kotizazio oinarria osatzen dute soldata gordinak eta aparteko sarien zati proportzionala. Baina muga batzuk badaude: langileak gutxienez 502 euro jasoko ditu hilean, eta gehienez 1.098 euro. Baina seme-alabak beren kargura dituztenek diru gehiagorako eskubidea dute. Lanaldia txikitzeko espedienteetan, berriz, proportzionala da laguntza: lanaldia %50era jaitsi bada, langabezia saria erdia izango da.

Oporrei eragiten die?

Erregulazioan dagoen aldian langileak ez ditu oporretarako eskubideak irabazten.

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!