Zuen jarduna funtsezkotzat jo dute baina ez zarete lanean ari.
Arantxa Jauregi: Apirilaren 3an aldi baterako enplegu erregulazioa ezarri ziguten, ez pandemiak eragindako ezinbesteko kausagatik, arrazoi ekonomikoengatik baizik, lan karga gutxitu zaigulako.
Mikel Zabala: Alarma egoera ezarri eta hurrengo astean normal jardun genuen lanean. Martxoko hirugarren astean aipatu ziguten erregulazio espedientea aurkezteko asmoa.
Aurkeztu zizueten aldi baterako enplegu erregulazioarekin konforme al zeundeten langileak?
A.J.: Ez. 60 egunekoa zen proposamena eta urte amaiera bitarteko enplegu erregulazioa jarri ziguten mahai gainean. Gainera konpentsazioei begiratuz gero, ezer ez ziguten eskaini. Langileak langabeziara gindoazen gure eskubideak murriztuta.
M.Z.: Oso negatiboa da langilearentzat horrelako aldi baterako enplegu erregulazio bat, ekonomikoki begiratuta. Positibotik ez du ezer. Komunikabideetan zorteko bezala jartzen gaituzte, baina gu etxera bidali gaituzte eta ez da guk aukeratutako zerbait izan.
Aurkeztutakoarekin konforme ez eta ABEEaren baldintzak negoziatu zenituzten.
A.J.: Bai. Osasun egoerak horretara behartuta telematikoki hiru bilera egin genituen martxoa bukaeran, hemengo eta Madrilgo enpresa buruekin. Aurreneko bileran ez ziguten ezer eskaini, bere horretan mantendu zen zuzendaritza, eta jarrera itxi hori ikusita bigarrengoan oso gaizki bukatu genuen, mahaitik altxatuta. Hirugarren bileran adostasun bat nahi zutela sumatu genuen eta negoziazioa bideratu ahal izan genuen. Haien azkeneko proposamena ez zen guretik hainbeste aldentzen eta akordiora iristea lortu genuen.
M.Z.: Guri, langile ordezkarioi, akordio ona iruditzen zitzaigun baina ez gara inor besteen izenean ezer erabakitzeko. Beraz, banan-banan hots egin genien langileei egoeraren berri emateko, eta segurtasun neurriak mantenduz, batzar bat egiteko aukera izan genuen. Egin zitzaigun azken proposamenari baiezkoa ematea erabaki genuen asanbladan.
Zertan hobetu duzue enpresak egiten zizuen lehenengo eskaintza?
A.J.: Normalean kotizazio oinarriaren %70 dagokio langileari, ohiko langabezia sarietan bezala. Kopuru hori %80ra igotzea lortu dugu. Oporrak mantendu egingo ditugu, baita urtean jasotzen ditugun hiru lansari bereziak ere, hiru hauek ere oinarriaren %80tik gora. Gero kontratuaren etenaldiaren iraupena gehienez 60 egunetik, gehienez 45 egunetara jaistea lortu dugu.
M.Z.: Osasun krisiaren testuinguruan lana murriztu zaigulako erabaki du enpresak erregulazio espedientea aurkeztea, baina inork ez daki zer gertatuko den epe luzera. Pentsatzekoa da produkzioa martxan jarriko dela pixkanaka. Aste honetan makina batzuk martxan jarri dira eta langile batzuk lanera itzuli dira, adibidez.
Kontentu zaudete emaitzarekin?
M.Z.: Gure lantegia Tolosan dago baina enpresa handiago baten parte da eta Tompla multinazionalaren menpe dago. Horrelakoetan, lan delegaritzan ez diete erreparo handirik jartzen enpresa handi horiek aurkeztutakoari, nahiz eta langileon kalterako izan.
A.J.: Aurretik ere izan ditugu ika-mika gogor samarrak enpresa zuzendaritzarekin. Kasu horietan langileak beti agertu gara mahaian esertzeko prest eta saiatu gara alternatiba ezberdinak planteatzen, nahiz haien gustukoak ez izan. Enpresa buruek beti errazenera jotzen dute eta erabaki traumatikoenak hartzen dituzte. Traumatikoak, hala ere, guretzat izaten dira, langileontzat, haiek bereari begiratzen diote bakarrik.
Ziurgabetasun handia sentitzen duzue etorkizunera begira?
M.Z.: Bai, ez baitakigu zertan izango garen. Aurreko krisia ere, 2007-2008koa ederki baliatu zuten despidoak egiteko. 20 lagun kaleratu zituzten eta ordutik langile talde finkoa 38 lagunek osatzen dugu. Gainerakoan, puntualki sortzen diren beharretarako, aldi baterako langileak baliatzen ditu enpresak. Ez du enplegua egonkortzeko batere ahaleginik egin.
A.J.: Enplegu erregulazio hau negoziatzerako orduan puntu batean txertatu nahi izan genuen baldintza hori: urtebetean kaleratzerik ez egotea. Nik neuk aipatu nien bileran eta erotzat hartu ninduten.
M.Z.: Ez dugu enpresan etorkizuneko ikuspenik antzematen. Lan talde heldua da SAM lantegian dagoena eta erreleborik ez dute aurreikusten, ez dituzte langile gazteagoak trebatzen. Epe laburrean, adina bete eta aurre-erretiroa hartuko dute langileetako askok, dirua galduz eta dagokiena baino gutxiago jasoz.