20 urte eta gero etenaldia

Tolosaldeko Ataria 2020ko api. 25a, 05:59

Udan bi hilabetez harreran haur sahararrak hartzeko Oporrak Bakean programa bertan behera geratu da; haurrek basamortuko muturreko egoera ekiditeko ordezko ideietan ari dira pentsatzen.

Pasa den urtean 20 urte bete zituen Oporrak Bakean programak Tolosaldean. 2021 urtera itxaron beharko da, baina, haur sahararrak berriro ere udan gurean ikusteko, ekitaldi gehienekin gertatu moduan, aurtengoa bertan behera uztea erabaki baitute.

Azken unera arte itxaropena bazuten ere, esperotako zerbait izan dela eta ulertzen dutela dio Ana Trapero Oporrak Bakean programako Tolosaldeko koordinatzaileak: «Une honetan errefuxiatuen kanpalekuetan koronabirusean positiborik ez dagoen arren, han ere neurriak hartzen ari dira, eta normala da arriskurik hartu nahi ez izatea. Izan ere, nahikoa da haur bat kutsatzea, kanpalekuetan birusa hedatzeko, eta hori hondamendia litzateke».

Hori bai, egoera ulertu arren, «pena handia» sentitzen du, eta «kezka» ere bai, batez ere, haurren egoeragatik: «Horrek kezkatzen gaitu, batik bat, udan kanpalekuetan geratzeak 50 gradutik gorako tenperaturan egotea esan nahi baitu, hemen egin behar zizkieten osasun azterketak egin gabe edota elikadura aldetik gurera etorrita jasotzen zuten susperraldi hori gabe».

Itxaropen izpi bat bada oraindik. Oporrak Bakean programa ez da burutuko aurten, eta ondorioz, haur sahararrek ez dute uda Euskal Herrian harrera familien etxeetan igaroko. Baina, Ana Traperok zehaztu duenez, Fronte Polisarioa «ideia alternatiboetan» ari da pentsatzen: «Oraindik ez dago ezer konfirmatuta, baina, baliteke 12 urtetik gorako haurrekin egiten duten moduan, barnetegi modukoak antolatzea Aljerian». Beraz, egitasmo hori noiz zehaztuko zain daude, laguntzarik horretara bideratu beharko duten jakiteko.

Ana Trapero:

«Haurrak osasun azterketarik egin gabe eta elikadura egokirik gabe geratuko dira»

Bitartean, aurten harrera familia moduan parte hartu behar zutenekin hitz egin dute dagoeneko. «Tristuraz hartu dute berria, batez ere aurten azken urtez etortzea egokitzen zitzaien haurren kasuetan», azaldu du Traperok. Bada, egoerari bira eman, eta aurreikusi gabeko bidaietan pentsatzen ari denik ere: «Udan haurrek etorri ezin dutenez, harrera familia batzuk abenduan errefuxiatuen kanpalekuetara egiten den bidaian parte hartzea ari dira pentsatzen, eta horrela haurra bisitatzeaz gain, familia ezagutu eta bizi duten egoera bertatik bertara ezagutzeko baliatu nahi dute». 

Egoera berrian ere, saharar eta euskal familien artean sortutako «lotura berezia» mantendu nahi dute. «Udan gurera etorri ez arren, harremanarekin jarraitzea nahiko genuke. Orain, gainera, errazagoa da Whatsapp bidez komunikatzea». Ildo horretatik, azken asteetan asko handitu dela Aljeriako desertutik iristen den mezuen kopurua dio Traperok: «Gure egoeraren inguruko albisteekin arduratuta daude, eta etengabe ari dira deitzen eta mezuak bidaltzen, eta baita elkartasun bideoak egiten ere animoak bidaliz».

Askotariko pasadizoak

Saharar gaztetxoentzat eta harrera familientzat uda desberdina izango den moduan, Ana Traperorentzat ere ezohikoa izango da. Tolosaldean Oporrak Bakean programak egin dituen 20 urteetan bera aritu da koordinatzen, eta lehen aldiz, inguruan saharar haurrik gabe igaroko du uda. Oraindik ez duela irudikatu dio, «pena handiz» dagoela, baina, haurrengan pentsatu behar dela orain.

1999. urtea zen, Euskal Herriko hainbat zonaldetan dagoeneko martxan zegoen programa Tolosaldean hasi behar zenekoa. Programa koordinatzeko hautatu zutenean, sahararren eta euren egoeraren inguruko berririk ia ez zuela dio Traperok: «Donostian 1988. urtetik ari ziren programarekin lanean, eta hango arduradunekin bildu nintzen nondik norakoak azaltzeko». 13 familiak eman zuten izena lehen urte hartan, baina, hegazkinekin izandako arazoak tarteko, haurrek ez zuten etortzerik izan urte hartan. Beraz, 2000. urtean hasi zen ofizialki programa Tolosaldean.

20 urte hauetan, batez beste, urtean 15 neska-mutil saharar etorri dira uda Tolosaldean igarotzera. «10 baino gutxiago ez ditugu inoiz izan, eta batzuetan 20ra ere gerturatu gara, duela bi urte, esaterako, 19 izan genituen». Ana Trapero koordinatzen aritu da, eta laguntzaile moduan begirale sahararrak izan ditu. Lehen urte haietan kanpalekuetatik etorritako begiraleak jartzen zizkietela gogoratzen du: «Polisarioaren nolabaiteko sari moduan-edo etortzen ziren, eta askotan lana erraztu baino zaildu ere egiten zidaten, batzuentzat kanpalekuetatik irteten ziren lehen aldia baitzen, eta gazteleraz ere ez zekiten», dio, barre artean. Gerora, eskualdean bertan bizi diren sahararrak hasi ziren betetzen paper hori.

Lehen aldia gogoratzen du, programaren koordinatzaileak, eta, bereziki Bilboko aireportura haurren bila joan zireneko unea: «Gizarte zerbitzuetako arduraduna eta biok joan ginen. Ez genuen zetozen haurren informazio gehiegirik, ez neskak edo mutilak ziren, ez eta beraien izenak, eta iritsi zirenean inpresio handia egin zigun, euren jantzi tradizionalarekin eta oinutsik baitzeuden». Gerora hori aldatuz joan dela dio, eta nolabait «ikasita» etortzen direla.

Baina, pasadizoak askotarikoak izan dituztela, «bai hunkigarriak, bai eta dibertigarriak ere» kontatzen du. «Jantziekin lotuta, eta lehen urte haietan, gogoan dut Espainiako bandera euren darra ohikoan bordatuta etorri zela gaztetxo bat», dio barrez Traperok. «Eskailera automatikoak, igogailuak, itsasoa, txartelarekin ordaintzea... gauza asko berriak eta inoiz ikusi gabeak ziren beraientzat, eta horiek une berezi asko utzi dituzte». Hizkuntzarekin eta izenekin ere, bitxikeria ugari ditu gordeta oroimenean: «Lehen urte haietan, Rosita izena jartzen zuen zerrendan, eta nik pentsatzen nuen, oker idatzita egongo zela, baina, gero jakin nuen batzuek hemengo herritarrekin harreman sakona badute beraren izena jartzeko ohitura dutela seme-alabei». Izen hori bezala, gainerako haur guztiena gogoratzen du tolosarrak: «Tolosaldera etorri diren haurren argazkiak erakusten badizkidate haur bakoitzaren izenarekin gogoratzen naiz».

Ana Trapero:

«Umeek bizia ematen didate, energia 'txute' bat izaten da niretzat; asko betetzen nau lan honek»

Lehen aldi hartara itzuliz, «oso ondo» joan zela dio, eta, aldi berean, «oso gogorra» izan zela: «Uda amaitu eta negar batean amaitu nuen. Niretzat mundu bat deskubritzea izan zen, Saharako gatazka ez bainuen ezagutzen. Gatazka politikoaren berri izaten duzunean, euskaldun moduan identifikatuta sentitzen zara dituen antzekotasunengatik, eta nahiz eta fisikoki urrun dagoen lurraldea izan, gertu sentitzen duzu».

Lehen uda hark «ukituta» utzi zuen, eta 2001 urteko neguan Aljerian kokatutako saharar errefuxiatuen kanpalekuetara joan zen Ana Trapero bertako egoera gertutik ezagutzeko asmoz. «Oso esperientzia polita izan zen. Hango bizimodua gertutik ikusi, eskolak-eta bisitatu, eta udan etorritako haurren familietara ere joateko aukera izan nuen». Horren ondoren sortu zuten sahararren aldeko elkartea Tolosaldean. «Sahararren aldeko ekimena ez genuen udako kontuetara eta umeei zentratutako zerbaitera mugatu nahi. Saharar herriarekin elkartasuna sortu nahi genuen, eta ahal den neurrian lagundu. Horrela hasi ginen martxan».

Umeek «bizia» ematen diote Traperori. «Energia txute bat da niretzat». Pertsonalki «asko» betetzen duela sahararrekin duen lanak, dio, «oso intentsua» delako, baina, aldi berean, irailean, haurrei agur esateko unean «oso gaizki» pasatzen duela aitortzen du, «beheraldi handia» izaten baita berarentzat. Harrera familiekin sortzen den harremana ere nabarmentzen du: «Erlazio handia sortzen da, familia handi bat osatzen dugula esan daiteke, eta urtean zehar ere harremanetan jarraitzen dugu».

Hain justu, familiek izaten duten esperientziaz, edo programan parte hartuz jasotzen dutenaz galdetuta, «umeek ematen duten alaitasuna» errepikatzen dutela gehienek azaltzen du: «Hemendik gauza materiala ematen diegu, baina beraiek ematen dutena beste zerbait dela esaten dute: beste herri bat ezagutzeko aukera, familiaren esanahia edota konturatzea askotan gutxi behar dela zoriontsu izateko».

Oporrak Bakean Fronte Polisarioak haurren ongizatea oinarri hartuta bultzatutako programa dela gogoratzen du Ana Traperok. «Horrekin batera, Sahararen gatazka politikoarentzat leiho bat da, horren berri eman eta zabaltzeko». Uda honetan ezingo dira helburu horiek bete, ez behintzat orain arteko moduan, haurrek ezingo dutelako gurera etorri. Baina, beraiei eta, oro har, saharar herriari Tolosaldetik laguntzen jarraituko dutela argi du Traperok.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!