Astean sei egunetan bi orduz egin ohi dute igeri Tolosaldea IKTko igerilariek, eta orain lehorrean aritu behar izateak alde handia suposatzen duela dio Nerea Pagola taldeko teknikariak: «Beste kirol batzuk lehorrean aritzen dira, eta egoera honetan teknika eta taktika galduko dute. Baina guk asko galduko dugu. Ilusio guztiarekin antolatzen ari gara lana, ahal dugun ondoen eta indartsuen mantentzen, baina oso zaila da kanpoko lana gero uretara eramatea. Hori da gure erronka». Urte guztian lau astez bakarrik gelditzen direla ekarri gu gogora, eta orain, dagoeneko bost aste daramatzatela igeri egin gabe nabarmendu du.
Entrenatzeko, eskola mailako igerilarientzat bideoak egin dituzte taldeko teknikariek eta Youtubera igo. «Behintzat geldi ez daitezela egon da helburua, eta baita taldea gertu sentitzea ere», esan du Pagolak. Talde nagusiarekin Whatsapp talde bat dute, «oso aktiboa», eta horren bitartez teknikariek egunero lanak bidaltzen dizkiete igerilariei: «Hartu-emanean ari gara erabat». Gero, astean behin, taldeka biltzen dira bideokonferentzia bidez. «Musika pixka bat jartzen dugu, eta teknikariak aritzen gara ariketak zuzentzen», esan du Pagolak.
2019-2020 denboraldia bukatutzat eman dute eta hurrengo denboraldian pentsatzen ari dira dagoeneko. Bitan banatzen da denboraldia talde nagusiarentzat: neguko zatia eta udarakoa. Konfinamendua hasi zenean, neguko txapelketa nagusiak falta ziren egiteko. «Lurra ereinda, eta loratu gabe geratu gara», esan du Pagolak. Eskolako mailako igerilarien denboraldia urrian hasi eta ekaina bitarte izaten da. «Oso gutxi lehiatu dira, eta asko entrenatu ondoren, hilabete garrantzitsuenak gabe geratu dira», gaineratu du Pagolak. Denboralditik salba litekeena, agian, itsasoko ur zeharkaldiak dira. «Ea noiz uzten diguten igeri egiten hastean, eta ur zeharkaldiak egiteko aukera bada, helburu hori jarri daiteke taldean. Pizgarri modukoa izan daiteke».
Bertan behera geratu den txapelketa garrantzitsuenetako bat Espainiako Opena zen, apirilaren 5ean egitekoa zena. «Igerilariak gutxienekoak egitera joaten dira bertara, bai Europako Txapelketarako, edo aurtengo kasuan Olinpiar Jokoetarako», esan du Pagolak. «Beraz, maila handia izaten da horrelako probetan, eta gure igerilariei ilusio handia egiten die horrelako proba batera joateak». Tolosaldea taldetik Eneko Garmendia, Eneko Barriola, Irati Arzalluz eta Maddi Barriola ziren bertara joatekoak.
Bestalde, konfinamenduaren lehen asteburuan, infantil mailako Espainiako Txapelketa zein absolutu mailako Euskal Herriko Txapelketa bertan behera geratu ziren.
Pagolak ere gogora ekarri ditu Tolosaldea IKTkoak izan gabe, igerilekura kirola egitera joaten direnak: «Jende asko dago, erronka pertsonalak dituena, esaterako ur zeharkaldiak prestatzen dituztenak, triatloia egiten dutenak... eta horiek ere gure moduan daude, ezin igeri egin».