Koronabirusa

"Ez naiz hainbeste denboraz igerilekua ukitu gabe egon"

Imanol Garcia Landa 2020ko api. 22a, 19:03

Eneko eta Maddi Barriola etxean entrenatzen

Bertan behera geratu den Espainiako Open lehiaketara joatekoa zen igerilarietako bat da Maddi Barriola (Ibarra, 2002). Hamar urte inguru daramatza Tolosaldea IKTn, eta bere proba nagusiak 100 eta 200 metro tximeleta dira.

Nola bizitzen ari zara egoera hau?

Igeriketaren aldetik gogorra izaten ari da. Igeri egiten hasi nintzenetik uste dut ez naizela egon hainbeste denbora igerilekua ukitu gabe. Bestalde, egunero ari gara egiten kardioko lanak, pisuarekin lanak, pixka bat eramangarriagoa egiteko. Horrekin, behintzat, pixka bat hobeto eramaten da egoera hau.

Aurtengo helburu nagusia Open txapelketara joatea zen?

Denboraldiko lehen zikloa bukatzeko txapelketa garrantzitsuena zen. Gero udan berriro ere Open txapelketa genuen, baina uste dut hori ere bertan behera geratu dela. Hurrengo urtera arte itxaron beharko da.

Ze asmo zenuen bertan?

100 eta 200 metro tximeletako probetan lehiatu behar nintzen, eta nire helburu nagusia 50 metroko igerilekuko denborak jaistea zen, eta ahalik eta postu onena lortzea. 50 metroko igerilekuan ez ditut hain denbora onak 25 metroko igerilekuan ditudanekin alderatuta, eta hori hobetu nahi nuen.

Aurretik ere izan zara Open txapelketan?

Udakoetara bost aldiz-edo joan izan naiz. Negukora joateko infantiletan-eta gutxienekoak zailagoak izaten dira, eta horietara hiru aldiz joan naiz.

Aurtengoa izango al zen lehenengo aldia absolutu mailan lehiatzen?

Absolutu bezala bai. Izan ere, Open txapelketan bateratu egiten dira junior eta absolutu mailak. Junior bezala joan izan naiz aurretik Openera. Denboraldi hasieran Espainiako Txapelketa jokatu zen 25 metroko igerilekuan, eta hor absolutu bezala lehiatu nintzen.

Zer suposatzen du Opena bezalako txapelketa batera joateak?

Batetik, gutxieneko marka bat behar izaten duzu bertara joateko, eta bestetik, Espainiako profesionalak edo igerilari onenak egoten dira, eta lehiaketa garrantzitsua izaten da.

Ze beste helburu nagusi zenituen denboraldi honetarako?

Konfinamendua ezarri zen asteburu horretan Euskal Herriko Txapelketa genuen, eta ostegun horretan bertan esan ziguten bertan behera geratzen zela. Ez genituen guztiz ondo prestatu, hortik bi asteetara Espainiako Txapelketak genituelako. Baina, bestela, udako Euskal Herriko eta Espainiako Txapelketak ziren beste helburu nagusiak.

Ze asmo zenuen txapelketa horietarako?

Euskal Herriko Txapelketan hiru lehenengo postu lortu izan ditut, eta Espainiako Txapelketan lortu dudan postu onena iaz izan zen, junior mailan, bosgarren geratu bainintzen 200 metro tximeletan. Aurten absolutu mailan lehiatuko nintzateke, eta beraz, motibazio berezi bat izan behar zuen ikusteko nola moldatzen nintzen. Azkenean, hainbeste entrenamendu egin ondoren, helburu nagusiak ez betetzeak amorrua ere ematen du. Baina entrenatzaileak esan zigun, udaran igerilekua irekitzen bada, aurre-denboraldia egiten hasiko ginela uztailean eta abuztuan, hurrengo denboraldirako ahalik eta sasoi onenean iristeko, eta helburu horiek ahalik eta azkarren betetzeko.

Hain justu, nola mantentzen duzu motibazio hori igerilekura joan gabe?

Entrenatzaileek bidaltzen dizkigute egunero entrenamenduak pisuekin egiteko, eta kardioko ariketak ere bai. Gero astean behin egiten dugu bideokonferentzia beste igerilariekin eta entrenatzaile guztiekin. Hor entrenamendu bat egiten dugu denak batera. Hori motibazio gehigarri bat da, eta egoera hau aurrera eramaten laguntzen du.

Zure kasuan, gainera, Eneko anaia ere igerilaria da.

Alde horretatik ere beste laguntza bat da. Izan ere, entrenamenduak egiteko eta batak besteari gehiago estutzeko beste motibazio bat da.

Nola aurreikusten duzu berriro igerilekura joateko aukera izango duzuen unea?

Nahiz eta sasoia eta intentsitatea ez galdu, edo behintzat ahalik eta gutxien galtzen saiatu, uretara sartzerakoan duzun sentsazioa eta teknika guztia berriro irabaztea kostatuko zaigu, eta hasieran uste dut arraroa egingo zaigula igeri egiten hastea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!