Zein balorazio egiten duzu larunbateko azokaz?
Udaletik bederatzi produktore egongo ginela transmititu zitzaigun, eta ostiral gauean, bezero baten bidez jakin nuen bi azoka egongo zirela. Zerkausian izugarrizko kolak egin ziren, eta gurean ez. Bost pertsonako kola izango zen gehienez ere. Eta adibidez, nire kasuan, agian, Zerkausian nire bezero askok izugarrizko kola egingo zuten, eta gero, ni ez nengoen bertan. Nik ekologikoa egiten dut, eta nire bezeroak horren bila doaz.
Jendeak erantzun zuen?
Gurean, bi postuk, 11:45erako joatea erabaki zuten. Eta nik ere, 12:30ak aldera, joatea erabaki nuen. Ez zegoen mugimendurik, elkarri begira geunden. Baina Zerkausitik pasatzea erabaki nuen bertako egoera zein zen ikusteko, eta ilara zegoen oraindik. Eta azoketako zinegotziarekin egin nuen topo, eta gaur egitekoak ziren balorazio bilera. Nire iritziz, Euskal Herria eta Berdura plazako postuak jarri behar zituzten Beotibarren, eta guri gure tokian utzi. Bezero asko zure bila datoz barazki ekologikoak nahi dituztelako.
Ez zen horrela izan?
Ni pena sentsazioarekin geratu nintzen. Erabatekoa. Jendeak ilara egingo zuen, eta gero ez zuen lortuko nahi zuena. Eta errotaziorik ez badago, eta esaten badidate berriz ere Beotibarren jarri behar dudala postua, garbi dut ez naizela joango.
Ez dizu konpentsatzen?
Lan handia da hartzen duguna guztia prestatzen, eta nik larunbatean izan nituen bezero guztiak berriak izan ziren. Ez nuen larunbateroko nire bezerorik izan, eta ohikoa baino gutxiago. Eta jendea sartzen ikustean desilusioaren sentsazioa izan nuen; agian postu gutxi zeudelako. Giro oso hotza zegoen, azoka gutxi. Kantuan hasi nintzen momentu batean ohitura dudalako, eta mundu guztia nire begira jarri zen, beldurtuta. Beldurrak askatzeko zen. Dena oso hotz zegoen. Eta segurtasun neurrien aldetik ere bai. Postura pixka bat gerturatzen bazen baten bat, ni atzeratzen nintzen, baina atentzio deitzera etortzean denak beldurtzen ziren. Pentsatzen dut horrela izan beharko zuela, baina hori da nire sentsazioa.
Galera izan da hilabetean azokarik gabe egon izana?
Bai, izan da. Nahiz eta, baratzean orain ez dugun barazki asko, eta nekazariontzat garairik okerrenean ez den suertatu hau. Zabaldu ziguten Eroskik erosiko lizkigukeela mesede eginez bezala, baina beraiek jartzen diguten prezioan saldu behar ditugu saltzekotan. Baina nire irakurketa bestea da, Eroskik une horietan, mundu guztia erosketak egitera joaten zenez, ez zuen barazkirik bere eskaerari erantzuteko, eta barazkiak behar zituen bere dendak hornitzeko. Eta guri mesede egiten digutenaren moduan saldu dute.
Zure kasuan nola egin duzu?
Konfinamenduaren aurretik bezeroak niregana etortzen hasi ziren, baina gero nik etxeetara eraman ditut, baina ez da izan inolako boom-ik. Ez gara aberastuko.
Zer esan edo eskatuko zenioke Tolosako Udalari?
Konfiantzen dut udalak gauzak ondo egin dituela, eta pentsatu nahi dut ahal dutena egin dutela. Baina bi momentu egon dira azoka egitea aurreikusten zirenak, eta azken momentuan, bezperan, abisatu ziguten ez zirela egingo. Izugarrizko alukeria izan zen guztia prest eduki eta ezin saldu izana. Garaiz abisatzea eskatuko nieke. Gu ostegunetik hasten gara produktuak prestatzen. Edo nik esaterako arrautzak erosten ditut saltzeko, eta aldez aurretik jakinda ez nituen erosiko.
Orain egiten duzun lanagatik baloratuago sentitzen zara?
Nik uste dut hemengo produktuak beti baloratu izan direla. Baina, orokorrean edo nazional mailan esan dezagun, iruditzen zait orain nekazariok baloratuagoak izango garela. Denok behar dugu jatekoa. Lehen sektorea beti egon da hor behean, eta gutxi baloratua edo gutxietsia, horiek horiek dira jendeari jaten ematen ari direnak. Azalekoak diren produktuak, behin beste guztia dugunean erosten ditugunak, agian orain albo batera utziko ditugu eta beharrezkoa dugunari helduko diogu, hau da, jatekoari. Alde horretatik, ni neroni ez naiz baloratuago sentitzen, baina, bai iruditzen zait sektorea krisi honetatik mesedetuta aterako dela.
Mezuren bat utzi nahiko zenuke?
Udalaren gardentasun faltagatik badut ezinegon bat. Bezero batengatik ohartu nintzen bi azoka egingo zirela. Niri esan zidatenean bederatzi ekoizle egongo ginela Beotibarren, horixe pentsatu nuen, hau da, bederatzi ekoizle egongo ginela. Esan izan balidate hogei Zerkausian egongo zirela eta bederatzi frontoian, bada, agian, ez noa. Ez nuen izan informazio guztia joan edo ez joan erabaki ahal izateko. Probatzeko erabili nautenaren sentsazioa dut. Beotibarrekoa esperimentu bat izan da, eta niretzat ez da ondo atera. Aspertuta, eta ez ginen gustura egon.