Hartu beharreko segurtasun neurriak direla eta, pazientzia izan dute bai erosleek eta baita saltzaileek ere Tolosako Azokan. Zerkausian, batik bat, ilara luzeak sortu dira. Baina, saltzaile askoren hitzetan, "jende gutxiegi sartzen dute, eta denbora asko pasatzen dugu bezeroren bat etorri zain". "Normalean topera ibiltzen naiz, eta gaur ia aspertuta nago, tantaka datoz bezeroak". Gehiengoa produktu jakinen bila doala adierazi dute, eta gazta saltzailearen hitzetan, "nire produktuak ez dira hain esentzialak, eta poliki ari naiz saltzen", azaldu du. "Faltan botatzen dut ikusmiran gerturatzen den jendea, askotan, jende hori izaten delako nire produktuak erosten dituena".
Egoeraren aurrean ekoizleren bat ulerkor azaldu den arren, gehiengoa kexu agertu da hilabetean Tolosako azokan posturik jartzerik ez dutelako izan. Galera izan dute, eta horien artean badira, Tolosan baino postua jartzen ez dutenak. Kexu ziren baita Beotibarreko postuetako batzuk ere. Barazkiak dituzten postu gutxi zirela bertan esanez, eta jende gutxiago gerturatu dela adieraziz. Lehen orduetarako ia barazkien gehiengoa saldua zuten Beotibarren, eta bezeroetako batzuk ere bazuten kexa hori.
Eskuak garbitu, eskularruak jantzi eta musukoa jarrita sartu dira bezero guztiak postuetara.
Koronabirusak garai onean harrapatu dionik ere bada. "Ia sagar gehienak salduta nituen, eta garai onean harrapatu nau egoerak. Barazki batzuk ekarri ditut, eta ari naiz saltzen. Etxean lanak egiteko aprobetxatu dut". Beste azoketara joateak salbatu dituenak ere badira; Ordizia edota Hernaniko azoketan saldu dituzte euren barazkiak.
Arrautzak saltzen dituztenek ere komeriak izan dituzte. "Ezin dira hilabetean gorde. Eskerrak etxera etorri direla bezeroak erostera". Askok, beste bide batzuk bilatu behar izan dituzte euren produktuak saldu ahal izateko. Posturen batean semeak hartu behar izan du gurasoek egiten duten saltzaile lana, eta "orain gainera, bezeroentzat arrotza naiz".
Larunbata izanik, ez ohiko itxura Tolosako kaleek, eta baita Zerkausiak eta Beotibar pilotalekuak ere. Orokorrean, gaurko salmentarekin "pozik" zeuden saltzaileak, eta aurrera begira jarraitzeko prest.
Segurtasunekoek herritarrak errespetuz ibili direla adierazi dute, txandak errespetatuz eta aginduak zuzen jarraituz.