Koronabirusa

Ikerlan proposamenak ekainaren 19ra arte aurkeztu ahal izango dira

Ataria 2020ko apirilaren 20a

Aiztondo bailarako ahozko ondarearen bilketa, ikerketa eta dibulgazioa egiteko Pello Mari Otaño ikerketa beka deitu dute Kilometroak elkarteak eta Mintzola lantegiak. Ezohiko egoera dela eta, proposamenak aurkezteko epea zabaldu dute.

Apirilaren 2an amaitu zen Pello Mari Otaño ikerketa beka deialdian parte hartzeko aukera, konfinamendu aroan. Ezohiko egoera aintzat hartuta eta hala egiteko aukera ikusita, antolatzaile diren Kilometroak eta Mintzolak zein babesle diren Zubimusu ikastolak eta Hernadorena kultur elkarteak deialdira aurkezteko epea luzatzeko erabakia hartu dute. Honenbestez, ikerlan proposamenak ekainaren 19ra arte aurkeztu ahal izango dira, eta ebazpena uztailaren 2an argitaratuko da, beranduenez.

Aiztondo bailarako ahozko ondarearen bilketa, ikerketa eta haren dibulgazioa egitea da deialdi honen helburua, proiektuen ikergaia horixe izanik; bailarako ahozko ondarearen bilketa eta ikerketa, alegia. Hautatutako proiektua garatzeko 3.000 euroko diru laguntza eta urtebeteko epea izango ditu ikertzaileak.

Bekaren inguruko xehetasunak hemen jaso ahal izango ditu interesdunak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!