Pello Mari Otaño izena eramango du bekak eta Aiztondoko bertsolaritzaren ikerketa eta haren dibulgazioa egitea izango du helburu. Bertsolaritza eta emakumea Aiztondon ikergaia duten proiektuak lehenetsiko dira baina bestelako proiektu eta monografikoak onartuko dira, bailarako ahozkotasunari eta ahozko kultur sorkuntzari buruzko jakintza ikertzen badute, beti ere.
Eskariak apirilaren 2ra arte aurkeztu ahal izango dira eta deialdiari buruzko informazioa Zubimusu ikastolaren, Kilometroak jaialdiaren eta Mintzola Ahozko Lantegiaren atarietan argitaratuko da. Hemen oinarriak eta izen emateko orria. Hala ere, deialdiaren inguruko gorabeherei buruzko galderak honako helbidean erantzungo dituzte: administrazioa@mintzola.eus. Ikerketa beka irabazten duenari 3.000 euroko diru laguntza esleituko zaio eta 2021eko maiatzaren 1a baino lehen idatzita entregatu beharko du ikerketa-lana.
Mintzola Ahozko lantegiaren izenean Beñat Gaztelumendik elkarlanerako proposamenagatik eskerrak eman nahi izan dizkie gainerako eragileei. Esan duenez, Mintzola Ahozko Lantegiaren izateko arrazoietako bat ikerketa eragitea eta ikerketa ezagutzera ematea da, aurrera egiteko «motor eragilea» baita. «Ezinbestekoa da ezagutzan sakontzeko, ikertutako alorrean hobekuntzak proposatzeko eta garapen bat planifikatu ahal izateko», esan du Gaztelumendik.
Mintzolarekin batera ikerketa beka deitu duen Kilometroak kultur elkartearen izenean Mikel Egibarrek azterketa, ikerketa eta analisiaren beharra azpimarratu du: «Bertsolaritzak fenomeno berrietara eta garaikideetara egokitzen jakin du eta hortik datorkio, ziurrenik, gaur egun duen indarra. Modu berean, hortaz, euskararen herriak belaunaldi berriak erakartzeko ekimen garaikideak izan behar ditu». Marko horretan kokatu du Egibarrek ikerketa beka.
Bide batez, nabarmendu du, euskal jendartea euskaldunduz, herri honen zerbitzura lan egin izan duela Kilometroak jaiak eta berritze fase batean murgilduta dagoen honetan, bere proiektua herri onurarako ere antolatzen duela. «Herritik sortua eta herriari eskainia». Baieztapen horrekin bat egin du Nerea Zumeagak, aurten Kilometroak festa antolatuko duen Zubimusu ikastolako zuzendari kudeatzaileak eta azpimarratu du Pello Mari Otañok inork gutxik bezala islatzen dituela ikastolaren balioak: «Euskaltzaletasuna, eraldaketa, herriarekiko maitasuna...».
Zubimusuk ikerketa beka hau babestea erabaki du, besteak beste, deialdia aurrera eramateko moduagatik, «herri eragile ezberdinak batera jardunik, elkarlan eta auzolanaren adibide delako». Deialdi «xumea» dela aitortu du Zumeagak, baina esan du ikastolatik «biziki» sinesten dutela egin dezaketen ekarpentxoan, «Aiztondo bailara, bertsolaritza eta emakumeek bertan izan duten papera ardatz hartuta».
Gaztelumendik gogoratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kutxa Fundazioak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Bertsozale Elkarteak eta Amasa-Villabonako Udalak sortu zutela ahozko lantegia 2008an eta Euskal Herri mailako proiektua izanik ere, Villabonako herriarentzat ere aberasgarri izan asmoz, «lan handia» egin dutela azkeneko 12 urteetan. «Hazia erein eta erein aritu gara eragile ezberdinekin elkarlanean, hainbat ikerketa proiektu eta tesi bultzatu ditugu eta jada hasiak gara uzta biltzen».
Otañoren ibilbidea gogoan
Pello Mari Otaño izena eramango du ikerketa bekak, Aiztondo bailarak inoiz eman duen bertsolari eta poeta onena izan baita Errekalde baserrian jaiotako gizasemea. Bere irudia sakon ikertu du urtetan Zizurkilgo Hernandorena kultur elkarteak eta horregatik erabaki du, orain, Mintzola lantegiak eta Kilometroak elkarteak egiten duten ikerketa beka babestea. Hernandorena elkarteko Joxin Azkuek Otañoren pentsaeraren bilakaera azpimarratu nahi izan du: «Etxean liberalen iturritik edan ondoren, errepublikazale eta foruzale agertu zen gero. Azken urteetan, berriz, mezu erabat abertzaleak zabaldu zituen, hitzaldi nahiz bertsoen bidez».
Otañori euskararen egoerak sortzen zizkion «kezka handiak» ere ekarri ditu gogora Azkuek. «Euskal Herriaren batasunaz aritu zen, mugaren bi aldeetako euskaldunez, bitan banatzen gaituen Bidasoa ibaiaz...». 1900. urtean idatziriko Zazpiak Bat sortako bertso batzuk aipatu zituen adibidetzat: Zazpi ahizparen gai dan oihala / ebakirikan erditik, / alde batera hiru soineko / utzirikan lau bestetik /Goraiziekin bereizi arren / bakoitza bere aldetik / ezagutzen da jantzi dirala / zazpiak oihal batetik.