Adinekoena, urrezko belaunaldia

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko api. 19a, 19:09

Zahartze prozesuak erritmo desberdinetan ematen ari dira. 2031an, 55 urtetik gorako biztanleen kopurua %42koa izango da eskualdean. Bitartean, herritar horientzako produktu eta zerbitzu berriak bilatzen ari dira.

Jaiotza tasa txikien eta osasun arloko hobekuntzen ondorioz, bizi-itxaropen handiagoa islatzen denez, eztabaidaezina da munduko gizartea zahartzen ari dela. 2025ean, 55 urtetik gorako pertsonek, lanpostuen herena beteko dute. 2030erako, 60 urtetik gorakoen biztanle kopurua 962 milioitik 1.400 milioira haziko da; 2050ean, kopuru hori 2.000 milioitik gorakoa izatea aurreikusten da. Eta Europar Batasunaren datuen arabera, hiru herritarretik batek 65 urte baino gehiago izango ditu 2060. urtean.

Kontua ez da zahartzea arazo gisa ulertzea, gauza natural bezala ulertzea baizik. Gizarte berriak eskaintzen dituen aukerak identifikatu behar dira, eraldaketa-prozesu betean baitago. Horregatik, gastuetatik abiatuta, adinekoak izateagatik pertsona horiek kontsumituko dituzten produktu eta zerbitzu berrien multzoari deitzen zaio Zilar Ekonomia. 70eko hamarkadan erabiltzen zen Japonian, adineko biztanleei laguntzeko irtenbideak aurkitzeko. Hain justu, Japonia da, bataz beste, bizi-itxaropen altuena duen herrialdea. 2013an, euskal emakumeek 87 urteko bizi-itxaropena zuten; gizonek, berriz, 80 urtekoa EBko altuenetakoak. Datozen urteetan, bizi-itxaropena handitzen jarraitzea espero da, ia 89 urtera iritsi arte emakumeen kasuan, eta 84ra gizonen kasuan.

Zilar Ekonomiak dirua mugitzen du, asko gainera. Biztanleria segmentu hori jarduera ekonomikoaren elementu eragilea da; munduko kontsumoaren %40 beraiek egiten dute. Ameriketako Estatu Batuetan soilik, aurten, ekonomia horren balio globala 15 bilioi dolar ingurukoa izatea kalkulatzen da. EBren kasuan, BPGren %25a suposatzen du, eta 2025ean, 5.7 trilioi eurora iritsiko da balio globala; 88 milioi lanpostu sortuko ditu EBko enpleguaren %38.

Espainian, biztanleriaren zahartze prozesua bereziki azkarra izan da. 30 urtetan, 65 urte inguruko pertsonen kopurua bikoiztu egin da egun, 9 milioi biztanle. Gainera, Nazio Batuen Erakundearen azterketen arabera, munduko herrialderik zaharrena izango da 2050ean, 60 urtetik gorako biztanleen %40arekin; hain justu, adineko pertsonen proportzio handiena (%20tik gora) duten erkidegoetako bat da EAE. Eustaten azken datuen arabera, gaur egun EAEn bizi diren bost biztanletik batek 65 urte baino gehiago ditu. Estatistiken arabera, 2061ean hamar pertsonatik hiru izango dira, eta 2028an, lehen aldiz, euskal biztanleriaren gehiengoak 50 urte baino gehiago izango ditu.

Belaunaldi berri horretako pertsona askok, erosteko ahalmen handiagoa dute, eta horri esker balio erantsi handiagoko zerbitzuak eskuratu ahal izango ditu. Gazteei produktu eta zerbitzu berriak probatzea eta aldatzea gustatzen bazaie ere, nagusiak leialagoak dira, eta aintzat hartzen dituzte esperientzia eta hurbiltasuna. Enpresen artean ere badira aldeak. Korporazio handietan badute ikuspegi hori; hala ere, enpresa txikiek edota autonomoek, biztanle zerrenda horrekiko begirada aldatu eta adineko pertsonak bere ekintzen erdigunean jarri beharko dituzte.

Biztanleriaren zahartzearekin batera, bizi-kalitatea nabarmen hobetu da. Zaharrenek dagoeneko turismoarekin lotutako zerbitzuak kontsumitzen dituzte, baina dezente igoko da hori. Denbora libre gehiago izateak, zaintzarekin eta ongizatearekin lotutako jarduerak ere eraldatuko ditu, baita merkataritza ere, eta eraikuntzak eraginkorragoak eta erosoagoak izango dira, autonomia handiagoa emateko helburuarekin. Adinekoen ongizatea geroz eta errentagarriagoa da.

Osasunaren Mundu Erakundeak esparru bat garatu zuen zahartze aktiboaren determinatzaileak ulertzeko. Gizarte- eta osasun- zerbitzuak, portaeraren determinatzaileak, determinatzaile pertsonalak, ingurune fisikoa, mugatzaile sozialak eta determinatzaile ekonomikoak dira esparru horren sei dimentsioak. Horiek, EBko Zilar Ekonomia hazteko erronkak eta aukerak aurkezteko erabiltzen dira, eta besteak beste, osasun-sektorearen iraultza teknologikoa eta digitala babestea, adinekoen mugikortasuna hobetzeko konponbideak lortzea eta lan merkatuko parte hartze aktiboa areagotzea gomendatzen dute.

Okupazio tasa altuak zentroetan

2018ko abenduan, adineko pertsonentzako 369 egoitza plaza zituen baimenduta Tolosaldeak, hau da, Gipuzkoako eskaintzaren %6,8. Hiru udalerrik osatzen dute egoitza plazen eskaintza: Tolosak (242 plaza), Zizurkilek (88 plaza) eta Villabonak (39 plaza). Gipuzkoako beste eskualdeekin alderatuta, adinekoentzako egoitza zerbitzuen okupazio tasa handiena zuen Tolosaldeak. Hala ere, eskaria handitzen ari da, eta bataz beste, eskaera egin eta egoitza zerbitzuak eskuratu bitartean denbora gehien igarotzen da bertan.

Eguneko zentroei dagokienez, Tolosaldeak Gipuzkoako eskualde guztietako adineko 100 pertsonako plaza tasa altuena du; gaur egun, Bidania-Goiatzen, Villabonan, Tolosan eta Zizurkilen daude zentroak. Villabonakoak eta Zizurkilekoak %100eko okupazio tasa dute. Tolosakoak, berriz, %98koa, eta Bidania-Goiatzekoak, %33koa. Bestalde, eguneko arreta-zerbitzuen itxarote zerrendetan gorakada txiki bat izan dute kopuruek, azken urteetan. Adinekoentzako laguntza zerbitzuekin lotutako establezimenduen kopuruari erreparatuta, Tolosaldean 4 establezimendu baino ez dira identifikatu 2018ko abenduaren 31n, 2008an zenbatutako 7 establezimenduetatik.

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuari dagokionez, Tolosaldeak du Gipuzkoako eskualde guztien estaldura-tasarik onena (%2,5). Zerbitzuaren intentsitate maila, erabiltzaile bakoitzeko astean ia 5 ordu, bigarren altuena da. 2018an, mendekotasuna zuten 1.560 pertsona zeuden Tolosaldean; %20ko igoera izan zen zortzi urtetan. Oraindik ere, kolektibo horren beharrei erantzutetik eratortzen den jarduera ekonomikoa oso txikia da. Zerbitzua erabiltzen dutenen artean, 252ra igo zen kopurua, hau da, lurralde historikoko erabiltzaile guztien %8a, eta horietatik 53 autonomoak ziren. Bestetik, Tolosaldea da telelaguntza zerbitzuaren guztizko estaldura-tasa baxuena duen eskualdea, mila biztanle bakoitzeko 17 erabiltzailerekin. Telelaguntza Zerbitzuaren erabiltzaileak 819 ziren 2018an, horietatik erdiak, Tolosakoak.

Biztanleriaren proiekzioei erreparatuta, eta kontuan hartuta Tolosaldeak Gipuzkoarekiko duen pisu erlatiboari eusten diola (%7), igoera txiki bat gertatuko dela uste da; 2031rako adineko pertsonen kopurua 50.600 biztanle ingurukoa izango da. 55 urtetik gorako biztanleria handitu egingo da hurrengo hamarkadan (3.800 biztanle, %21eko igoera). Ondorioz, 2019an, adin tarte hori eskualdeko biztanleria osoaren %36 bada, 2031n, %42 izango da.

Erlazionatuak

Herriz ugari, biztanlez urri

Josu Artutxa Dorronsoro 2020 api 19 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!