Herriz ugari, biztanlez urri

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko api. 19a, 19:52
IRATI SAIZAR ARTOLA

Tolosaldea Garatzenek, adineko pertsonei zuzendutako produktu eta zerbitzu berriak sortzeko programa sustatzeari ekin zion, iaz. Aldi berean, Gipuzkoan herri gehien eta biztanle gutxien dituen eskualdea da Tolosaldea, eta herritarren %20a baino gehiago 65 urtetik gorakoa da.

Tolosaldea Garatzen Garapen Agentziak, Grupo Servicios Sociales Integrados Kooperatibaren laguntzaz, eskualdean zahartzaro aktibo eta osasuntsuago baten alde egiteko indarrak batu ditu, 2017an hasitako Tolosaldea Saretzen plan estrategikoan kokatzen den programa baten bitartez. Herritargoaren zahartzeak ekintzailetzarako aukera berriak sortzen ditu eta eskualdean horiek sustatzea dituzte helburu. Horrela, 2019ko azaroan, Zilar Ekonomiaren inguruko azterketa sozio-ekonomikoa Tolosaldean izeneko txostena kaleratu zuten.

Zilar Ekonomia herritargoaren zahartzeak sortzen dituen behar edo nahiei erantzuten dien produktu eta zerbitzuek osatzen dute. Azaroan eman zioten hasiera proiektuari; eskualdeko egoeraren diagnostikoa egin zuten, eragileak elkarrizketatuz. Diagnostiko horren emaitzak, Tolosako kultur etxean egindako world kafe saioan partekatu ziren, otsailean. Datozen hilabeteetan, berriz, 55 urtetik gorako herritargoaren artean zahartzaro osasuntsu bat bermatzea da asmoa, lankidetza eta berrikuntza ekimenak garatuz.

«Herritar talde heterogeneo honek behar desberdinak ditu, hala nola, osasun arloan, arretan, zaintzan, aisialdian, turismoan, etxebizitzan, mugikortasunean, elikaduran, hezkuntzan, enpleguan edota finantza eremuan. Behar hauei erantzunez sortu daitezkeen aukera guztiak garatzeak gizarte osoan eta eskualdeko enpleguaren sorreran du eragina», diote agentziatik.

Ezinbestekotzat jotzen zuten Tolosaldeko zahartzaroari eta horri lotutako errealitate sozio-ekonomikoa aztertu eta jorratzea. Jasotako analisi kuantitatiboa osatzeko asmoz, Tolosaldean bizi diren 55 urtetik gorako biztanleei elkarrizketa pertsonalak egin zaizkie, bere bizi-kalitatea hobetzeko izan ditzaketen beharrak ezagutu, eta aldi berean, sor daitezkeen aukerak identifikatzeko. 11 pertsona elkarrizketatu dira, hiriguneetan eta landa-eremuetan bizi diren 6 emakume eta 5 gizon.

Gehien eskatzen diren zerbitzuen artean, honako hauek nabarmentzen dira: jaki pertsonalizatuen prestaketa eta etxez etxeko banaketa, ile-apainketako eta estetikako etxez etxeko zerbitzua, adinekoentzako kultura- eta aisialdi-jardueren eskaintza handiagoa, bakardadea saihesteko adinekoen arteko harremanen sustapena edota mendekotasuna duten pertsonen senideei laguntza handiagoa. Asebetetze-mailari dagokionez, batez besteko balorazioa, 10etik 7,2 puntukoa izan dela nabarmendu dute.

%113ko gorakada Iruran

Espainiako Estatistika Institutuak argitaratutako datuen arabera 2018ko urtarrilak 1, Gipuzkoan biztanle gutxien dituen eskualdea da Tolosaldea, 47.632 herritarrekin, baina aldi berean, udalerri gehien hartzen dituena da: 28. Komunikazio bide garrantzitsuek zeharkatzen duten ardatza da, oso eremu urbanizatua eta nahiko pilatua sortuz.

2001etik 2018ra bitartean migrazio saldo positiboa izan da Gipuzkoan (%6) eta EAEn (%5). Aldi horretan, 5.000 pertsonako hazkundea izan du eskualdeko biztanleriak; %12 igo da. Oro har, bilakaera positiboa izan da ia udalerri guztietan, Belauntzan, Gaztelun eta Amezketan izan ezik, biztanleak galdu dituztelako. Udalerriz udalerri, Tolosa nabarmentzen da (19.069). Eskualdeko 10 biztanletik 4 bizi dira bertan; bere atzetik daude Villabona, Ibarra eta Zizurkil. Lau udalerri horiek Tolosaldeko biztanle guztien bi heren biltzen dituzte. Bestetik, nabarmentzekoa da Iruran gorakada handia gertatu zela: 856 biztanle izatetik 1.822 izatera igaro zen (%113).

Generoari dagokionez, gizonen eta emakumeen artean ia %50eko oreka badago ere, udalerri mailan emakumeen biztanleriaren pisu txikiagoa ikusten da biztanle gutxien duten udalerrietan. Aldiz, udalerri handiagoetan, gizonen eta emakumeen arteko proportzioak oreka handiagoa du. Gainera, Tolosaldeko populazioa gazteagoa da batez beste EAEko edo Gipuzkoako populazioa baino; biztanleen %21ak 19 urte baino gutxiago zituen 2018an. Era berean, 65 urtetik gorako pertsona kopuruaren ehunekoa txikiagoa da Tolosaldean; biztanleen %20a.

Oro har, biztanle gutxien duten udalerrietan biztanle gazteenek pisu erlatibo handiagoa dute udalerri handienetan baino. Egiaztapen horrek, ordea, errealitate desberdinak ezkutatzen ditu. Hala, haurren indizeari dagokionez, tamaina handiko herriek, oro har, haurren indize altuagoak dituzte; aipatzekoa da EAEn haur indize handiena duten 15 udalerrietatik 9 Tolosaldean daudela. Era berean, gainzahartze-indizea dago. Eskualdeko 75 urteko eta gehiagoko biztanleen ehunekoa, baxua da. 65 urtetik gorakoak eta 19 urtetik beherakoek lan jardueraren oso indize baxua dute, eta, beraz, beste pertsona batzuen mende daude; mendekotasun hori ez da soilik ekonomikoa. Tolosaldean mendekotasun demografikoaren ratioa aplikatuz, lan egiteko adinean dauden 100 biztanleko, ia 72 pertsona inaktibo daude.

Adin-tarteen araberako banaketak duela gutxi Tolosaldean izan duen bilakaerak, gero eta zahartuagoa dagoela islatzen du; 2001ean 65 urteko edo gehiagoko pertsonak eskualdeko biztanleria osoaren %17,5 ziren (7.670); 2018an, berriz, %20,4 (9.968); bi hamarkadatan % 30 handitu da. Hazkunde hori, funtsean, bi faktore demografikoren ondorio da; jaiotza-tasa txikiagoa eta azken hamarkadetan gizarte aurreratuetan gertatu den bizi-itxaropenaren igoera.

Jarduera tasa handikoa

Eskualdeko biztanleen ia erdia lanean ari da; EAEkoa eta Gipuzkoakoa baino handiagoa da Tolosaldeko portzentajea. Enpleguari dagokionez, zerbitzuen sektorea (%63), industria (%29), eraikuntza (%6) eta nekazaritza eta arrantza (%2) dira nagusi. Langabezia tasa %9koa da, eta emakume langabeen ehunekoa gizonena baino 11 puntu handiagoa da. Tasa handienak dituzten herriak EAEko batez bestekoaren azpitik daude, bi izan ezik: Lizartza (%12,9) eta Leaburu (%11,9). Amezketan, Albizturren edo Baliarrainen, adibidez, hamar pertsonatik lau industrian ari dira lanean. Gazteluk, Orendainek edo Orexak, berriz, nekazaritzan ari den biztanleriaren pisu erlatibo handia dute. Azkenik, Tolosa da zerbitzuen sektorean lan egiten duten biztanleen proportzio handiena duen udalerria (% 68). 2018 urte hasierako datuak dira hauek guztiak.

Jarduera tasari dagokionez, eskualdeko ia herri guztiek gainditzen dute Gipuzkoako batez bestekoa; Orendainek, Larraulek, Irurak, Baliarrainek eta Adunak %65eko tasa gainditzen dute. Herri guztietan, Elduainen izan ezik, emakumeen langabezia tasak gizonena gainditzen du, Amezketan, Leaburun, Baliarrainen, Altzon eta Abaltzisketan, nabarmen gainera. Lanbidek argitaratutako datuen arabera, 2019ko abuztuan, 1.924 enplegu eskatzaile zeuden eskualdean gehienak, emakumeak. Hirutik bi Tolosan, Villabonan edo Ibarran bizi ziren, eta erdiek 45 urtetik gora zituzten.

Erlazionatuak

Adinekoena, urrezko belaunaldia

Josu Artutxa Dorronsoro 2020 api 19 Tolosaldea

«Mugikortasun falta hobetzea da hurrengo erronka»

Josu Artutxa Dorronsoro 2020 api 19 Irura

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!