Hamaika Gara

'Hamaika gara' egitasmoa, udazkenerako

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko api. 17a, 18:51

Gure Esku dinamikak martxoaren 11n Hamaika Gara egitasmoa aurkeztu zuen, baina udaberrira begira zituen asmoak atzeratu behar izan ditu; erreferendumaren alde sinatzeko aukera dago web orrian.

Herritarron garaia da. Indarrak batu eta aurrera egitekoa. Gure bizitzetan eta komunitatean eragiten duten auziei buruz erabakitzeko eskubide osoa dugu, eta horretarako, erreferendum bidez erabakitzea posible egingo dugu. Bidea hasia dugu eta hamaika gara bertan bat egiten ari garenak», dio Gure Esku dinamikak.

Martxoaren 11n abiatu zuen Hamaika Gara erreferendumaren aldeko sinadura bilketa masiboa Gure Eskuk, etorkizun politikoaz eta gai guztiez erabakitzearen alde, eta erabakitzeko eskubidea arautzea helburu hartuta. Hainbat eragile sozialekin elkarlanean hasitakoa, ordea, koronabirusaren osasun krisiak oztopatu du. Hasiera batean 2020ko udaberrirako aurreikusitako kanpaina, udazkenera arte luzatzeko erabakia hartu dute.

Duela egun batzuk kaleratutako agiri batean dinamikak adierazi du «elkar zaintzeko garaia» dela orain, eta Gure Eskuko kideak horretan dabiltzala buru-belarri: «Komunitatea zaintzea ere herrigintza da. Ezerk ez du horrek baino lehentasun handiagorik». Agerian geratu dela badirela «herritar arduratsuak» nabarmendu dute, eta antolatu eta erabaki propioak hartuz egoera bideratzeko gai direnak: «Ziur gaude krisi honi elkarrekin, komunitate bezala, herri bezala egingo diogula aurre».

Hamaika Gara egitasmoa berrartzeko gogoz agertu da dinamika, «osasun krisia bere onera etortzen denean», eta kanpaina digital bat abiatuko dutela iragarri dute. Maiatzaren 16an Durangon mobilizazio egun handia zuten iragarrita, eta ekainaren 13an Hamaika Gara eguna egin asmo zuten herrietan, baina udazkenera atzeratuko dituztela jakinarazi dute; baita programatuta zituzten kaleko jarduera guztiak ere.

«Argi dugu Hamaika Gara ekimena gure bidean mugarri izango dela» esan zuten, Donostiako Tabakaleran egin zuten aurkezpen ekitaldian. Gainera, elkargunea deituriko elkarlanerako espazio berri horretan «ateak zabalik» dituztela herri ekimenarekin bat egin nahi duten eragile guztientzat azpimarratu dute.

Hamaika Gara sinadura bilketa masibo bat izango dela argitu dute: «Etorkizun politikoaz eta gai guztiez erreferendum bidez erabakitzearen alde, erabakitzeko eskubidea arautzea helburu duena», hain zuzen ere, eta, «ez da sinadura bilketa soil bat izango». Esan moduan, udaberrirako iragarriak zituzten ekitaldiak, «ekintza kolektibo masibo bat eramango dugu aurrera, herritarron konpromisoak pilatu eta urrats eraginkorrak egiteko». Udazkenean beharko du izan.

«Sinetsita gaude erakunde, eragile eta herritarron ardura dela demokrazian sakondu, eta gure etorkizuna erabakitzeko bidean aurrera egitea», diote ekimenetik. Horregatik, «sinadura bilketak oinarri izango duen manifestuan, sinatzaileek burujabetzarako bidean euren borondatea eta konpromisoa adieraziko dute. Eta, era berean, tokian toki hala erabakita, eskaera zehatzak bideratuko zaizkie Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroako Parlamentuari, Eskaera Eskubidearen bidez». Argi utzi dute, hori bai: «Erantzuna bat ala bestea izan, herritarrok gure bidean aurrera egingo dugu. Arduraz jokatuko dugu».

Sinadura bilketa nagusiki digitalki sustatuko dute orain, egoerak horretara mugatuta. Jada zabalik dago sinatzeko aukera www.hamaikagara.eus webgunean. «Emandako atxikimendua kalean adierazteko aukera egongo da dinamikaren elementu nagusia izango den eskumuturrekoaren bidez», azaldu dute. Helburu bikoitza izango dute eskumuturrekoek; batetik, kanpaina indartzea sinatzaileek konpromisoa kalean adieraziz eta, bestetik, ekimena finantzatzea». Egoera normaltzen denean, herrietako taldeen bidez eta online dendan eskuratu ahalko dira.

Burua altxa, eta aurrera begiratzen jakitea dela garrantzitsua aldarrikatu dute. «Indarrak batzeko garaia dela uste dugu, indarrak batu, eta aurrera egitekoa», eta «herritarron indarrean bete-betean sinesten dugu. Hamaika gara. Denon artean, posible egingo dugu».

 

ERAGILEAK


AEK, ANC Euskal Herria, Bilgune Feminista, Demokrazia Bai, Euskal Herrian Euskaraz, EHNE, Euskal Herria Kirola, Erabakizaleak, Ernai, ESK, Etxalde, Etxerat, Gaur Geroa, Gure Esku, Hiru, Ikastolen Elkartea, Kontseilua, LAB, Lumagorri, Nor, Olatu Koop, Oneka, Sare eta Steilas.

 

HIRU DOKUMENTAL


Gure Eskuk bere ibilbidean zehar ekoiztu dituen hiru dokumentalak, hau da, Gazta Zati Bat, Jostunak eta Elkarrekin Together, modu irekian ikusgai jarri ditu bere Youtube kanalean.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!