Kasualitatez sortutako solasaldi batean piztu zitzaion eskualdeko herritarrak dinamizatzeko gogoa Juan Mari Iturriozi (Tolosa, 1963). Orduz geroztik, Gure Eskuk Tolosaldean duen taldearen barruan, Alegialdeko sei herrietako Abaltzisketa, Alegia, Amezketa, Baliarrain, Ikaztegieta eta Orendain ordezkari modura ari da lanean, herri horietan dinamikaren proiektuak aurkeztuz, eta herri mailan ekimenak aurrera eramateko ardurak hartuz. Beti ikusi izan du beharrezkoa herri dinamiketan parte hartzea, batez ere, herri txikietan. Hain justu, herriko alkate izatea egokituko zaio hamar hilabete barru.
Noiz eta nolatan sartu zinen Gure Eskuren Tolosaldeko taldean?
Aurrez, informatua nengoen Gure Esku dinamikaz eta bere jardueraz, baina barrutik ezagutu gabea nuen. 2014ko giza-katean parte hartu genuen, Lazkaon. Hilabete batzuk beranduago, Tolosan bertso saio bat izan zen, eta lagunekin joan nintzen. Handik bueltan, Ikaztegietan gelditu ginen; kasualitatez, ondoko mahaian, Gure Esku dinamikako orduan, Gure Esku Dago ordezkariak zeuden. Haiekin hizketan hasi ginen, gure herrian ere zerbait egiten hasi beharko genukeela aipatuz. Lehen harremanetarako, bilera pare bat egin genituen beraiekin; ordurako, zenbait proiektu zituzten eskuartean, tartean, Tolosan egin beharreko galdeketa, eta horietan laguntzeko prest azaldu ginen.
Herriko zinegotzia ere bazara.
Herri txikietan, azkenean, beti kosta egiten da horrelako karguak hartzea. Guztiok ditugu beste zeregin edo lan batzuk, eta beraz, ez da erraza izaten jendea topatzea; are gehiago, herri askotan, alkatearen posizioa nola ikusten den jakinda. Niri alkate izatea proposatu zidatenean, onartu egin nuen. Hala ere, baldintza bezala jarri genuen alkatetza partekatua izatea; erabateko talde-lanean aritu nahi genuen zinegotziek. Gure asmoa alkaterik ez izatea zen, baina behartuta gaude herritar bat hala izatera.
Eskualdean ba al da auzolanerako kulturarik?
Adinez nagusiagoak garenak, egia esanda, beste giro politiko batzuetatik igaro izan gara. Gure artean badago gutxieneko inplikazio bat; hala ere, zaila egiten zait mota horretako gazte asko topatzea, gure gurpilari jarraiki, dena eginda eman zaielako, agian. Gure artean askotan aipatu izan dugu, Alegialdean adibidez, kultur, politika edota kirol arloan, gazteen inplikazio falta sumatzen dela. Zerbait antolatzen denean, erantzuten dute, parte hartzeko asmoz azaltzen dira; baina kostata animatzen dira aurreko lan guzti horretan, ikusten ez den lan horretan parte hartzera. Bila joan ordez, guztia eskura ematen zaie askotan, eta posible da gure errua izatea, horrela hezi ditugulako.
«Bila joan ordez, askotan, guztia eskura ematen zaie gazteei, eta posible da gure errua izatea, horrela hezi ditugulako»
Besteak beste, bi giza-kate, herri galdeketa bat eta herritarron ituna gauzatu dira orain arte. Nolako balorazioa egiten duzu horien inguruan?
Balorazioa oso ona da. Gure herrietan, agian, ez hainbeste. Hemen jendea euskaldun sentitzen delako, eta beraz, lan guzti hori egina zegoelako. Tolosan, Ibarran edota Villabonan, adibidez, bestelakoa da kontua. Bolumen handiagoa dute, eta nahiz eta aukerak handiagoak izan, arazoak ere gehiago izaten dira. Alegialdeako herrietan, esaterako, eskertzekoa da jendearen inplikazio maila, ez delako arazorik izaten.
Zertarako balio izan dute?
Askorako balio izan dute, batez ere, ondorioak ateratzeko. Baliarrainen herri galdeketa egin zenean, %77ko parte hartzea izan zen. Hori ez da gertatzen Euskal Herri osoan. Estatus politiko berri honetan, erabakitzeko eskubidea erdigunean jartzea lortu da, Gure Eskuk egindako lanari esker. Une honetan, gako nagusietako bat da, mahai politiko guztietan azaltzen dena, eta euskal herritarron jarreragatik eta inplikazioagatik lortu da hori.
Orain, berriz, 'Hamaika gara' izeneko ekimen berri bat sortu da.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko sinadura bilketa masibo bat da. Gure Eskuk sustatutako ekimen bat da, baina harago doa, elkarlanean, beste talde eta eragile gehiagorekin ari gara lanean, Euskal Herri mailan. Jende asko ari da parte hartzen, izan ere, eskubide hau ez da Gure Eskuren eskubidea soilik, herritar guztiona da, eta beraz, erronka handi bat da. Herritar guztiok hartu behar dugu parte, ahalik eta sinadura gehien bilduz; horrela, gehienok eskubide horren alde gaudela erakutsiko dugu. Gainera, inplikazio handia eskatzen duen proiektua da, ez delako soilik herritar bakoitzaren sinadura hutsa, erakunde eta eragile desberdinen parte hartzea ere bermatu delako. Beharrezkoa izango da horien bultzada sendoa, hau guztia aurrera eramateko.
Hala ere, sinadura bilketaz harago doan proiektua da, ezta?
Bai. Maiatzerako nahiz ekainerako zenbait ekimen zeuden antolatuta, baina hauek atzeratzera behartuak izan gara. Udaberrian egitea zen asmoa, baina azkenean udazkenean gauzatuko dira. Mobilizazio erraldoiak nahiz ekintza txikiak uztartuko dira. Hamaika gara eguna ere antolatuko da. Bestetik, eskualde eta herri mailan, festa giroan, sinadura bilketak egingo dira, herritar horien inplikazioa lortu eta bultzatzeko asmoz. Sinadurak martxan daude jada, eta bada egitasmo bat, aldi berean, sinplea bezain xumea dena. Euskaraldian gertatu bezala, txapak soinean eramateak lortu zuen konplizitatea bilatu nahi da, kasu honetan, eskumuturrekoak salduko dira, sinatzen duten herritarrentzat. Ea udatik aurrera, ahalik eta herritar gehienak ikusten ditugun horiek jantzita.