Gipuzkoako Arraun Federazioak amaitutzat eman du ezohikoa izan den 2020ko denboraldia. Azken sailkapenerako, egin diren estropada guztiak hartu dira kontuan, programatutako hamabi estropadetatik zazpi hain zuzen ere. Egin ez zen lehen estropada Tolosaldeko Arraun Klubak (TAK) Oria ibaiko uretan martxoaren 14rako antolatu zuena izan zen. Emaitzak ikusita, «ia erabateko arrakasta» izan dela azaldu dute klubetik.
Batel gehien dituen talde gipuzkoarra da TAK, kategoria bakoitzean duen maila altua erakutsiz eta baita ere parte hartzea erabaki duten neska-mutilen kopurua, nahiz eta lehorrekoa izan, bultzada eta interes handia baitu arraunak bailaran.
Gipuzkoako Liga
Gipuzkoako Ligako emaitzei begiratuz, infantil emakumezkoetan, lehen postua Tolosaldea A batelarentzat izan da; guztira 11 batelek parte hartu dute eta horietatik 3 klubekoak. Infantil gizonezkoetan, Tolosaldea Akoek hirugarren postua lortu dute; 11 bateletik 2 klubekoak izan dira. Kadete mailan, emakumezkoetan bigarren postua lortu du Tolosaldea Ak; 20 batelek parte hartu dute, 5 klubekoak. Gizonezkoetan laugarren izan da Tolosaldea A; 19 bateletatik 2 izan dira TAKekoak. Gazte edo jubenil mailan, emakumezkoetan lehen postua lortu du Tolosaldea Ak; guztira 9 batelek parte hartu dute eta kluba 2 batelekin izan da lehian. Gizonezkoetan, hirugarren postua izan da Tolosaldea Arentzat; 16 bateletatik 2 izan dira klubekoak.
Une honetan, Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketak nola konponduko diren zain dago kluba. Bide horretan, orain arte egin duen bezala, TAKek osasun estamentuek diotenaren arabera jokatuko duela azaldu du.
Era berean, kluba hainbat jokaleku aztertzen ari da eta batel denboraldia motz geratu dela ikusita; klubeko arraunlarientzako «barne lehiaketa bat» prestatzen ari da, «neska-mutil guztiek hobera egin dezaten eta datorren denboraldirako balio izan dezan».
Bestalde, emakumezkoen senior traineruko arraunlariak entrenatzen ari direla azaldu dute TAKetik, «inoiz ikusi gabeko egoera honetan ditugun baliabideekin, traineru denboraldi hasierara baldintza onenetan iristeko helburu bakarrarekin».