Konfinamendua iritsi zenean, zein izan zen lehen sentsazioa?
Hasiera batean kezka, hau guztia aurrera nola eramango genuen pentsatzean. Ez dauzkagu ergometroak denontzat eta ahal izan ditugunak banatu ditugu, eta bakoitza saiatu da lortzen beste aparaturen bat. Ahal dugun moduan ari gara moldatzen. Azkenean, neguan egindako fisikoa mantentzea da helburua.
Zer esan diozue taldekideek elkarri?
Negua oso ondo zihoan eta orain kezka hori dago, etenaldi hau eta gero nola erreakzionatuko dugun. Baina taldean oso harreman ona dugu eta hor gabiltza egunero elkarri argazkiak bidaltzen, nola ari garen entrenatzen, elkarri animoak ematen, bideo dei bat edo beste egin dugu entrenatzailearekin, medikuarekin... Eguneroko horretan kontaktua mantentzen dugu, aurrera egiteko.
Eta zer esan dizue Patxi Frances entrenatzaileak?
Animoak bidaltzen dizkigu, batik bat. Badaki egoera hau zaila dela denontzat, azkenean eskemak puskatzen baitizkizu. Astean pare bat aldiz idazten digu taldetik, animoak bidaltzen dizkigu, eta banaka ere deitu digu bakoitzaren egoera zein den ikusteko. Gero Iñaki Arratibel medikuarekin eguneroko elkarrizketak ditugu, pisua, janaria eta dena kontrolatzeko. Asteko entrenamenduak bidaltzen dizkigu bakoitzari. Nik uste dut jarraipen ona dugula.
Nola ari zara zu moldatzen entrenatzeko?
Bizikleta estatiko bat lortu nuen, amonaren etxeko trastelekutik aterata, eta horrekin aritzen naiz lan aerobikoa egiteko. Gero goma batzuk ditut indar eta core ariketak lantzeko.
Arraunaren berezko mugimendua ez egiteak arazoak ekarri ditzake prestaketan?
Mugimendua baino, kontua da indarra ezberdin lantzen dela. Gorputzeko hainbat atal lantzen dira, baina nik uste dut fisikoki mantentzen bagara, gero ez dugula arazorik izango besteekin arraunean egiteko. Negu guztiko lana hor dago, eta gainera agian indartuta atera gaitezke, core asko egiten ari garelako. Aerobikoki mantentzea lortzen badugu, ez gara kaltetuta aterako.
Taldeko entrenamenduak garrantzitsuak dira zuentzako, batez ere batera arraun egitea.
Hori izan daiteke galera handiena, eta baita alde psikologikoa ere. Astean zehar lehorrean entrenatu dugu orain arte, eta asteburua iristean ilusioa traineruan sartzea zen. Teknikoki baino gehiago, azken finean molde beretik atera baikara denok, alde psikologiko hori da. Baina gure artean dugun harremanarekin-eta saiatzen gara horri pixka bat buelta ematen.
ETE ligari nola eragingo dio egoera honek?
Ekainaren erdialdean hastekoa zen, baina, dirudienez, liga ez da hasiko hau dena bukatu eta talde guztiek hilabetez uretan entrenatzeko aukera izan arte. Beraz, zain gaude. Dena noiz hasiko den jakitean motibazio handiagoa izango genuke. Berezia izango da, eta agian gogo handiagoz hartuko dugu; gu behintzat dena ematera aterako gara. Denboraldia motzagoa bada, dauden estropada guztiak ahalik eta ondoen egitera joango gara, eta ilusio bikoitzarekin. Azkenean, amorrazio puntu batekin ere bazoaz, neguko entrenamenduak moztu baitzaizkigu. Nik uste dut beti gogoratuko dugula 2020ko uda.
Konfinamendua bukatzean, ordu gehiago sartuko dituzue traineruan?
Baloratu genuen azkenean moldatu egin beharko direla entrenamenduak. Agian uretan denbora gehiago sartu beharko dugu, orain arte ostirala eta asteburua egiten ari baikinen. Traineruak metro gehiago egin beharko ditu dena bukatzen denean, baina denborari denbora eman beharko diogu. Medikua eta entrenatzailea hor ari dira lanean, eta iritsiko da une hori. Orain gure lana da egunerokoa egitea eta ilusioa mantentzea udarako.
Nola eramaten ari zara zu egunerokoa?
Erizaintza ikasten ari naiz, eta horretan ematen dut denbora. Bestalde, hozkailura gehiegi ez joaten saiatzen gara, pisua oso kontrolatuta daukagu eta. Azkenean, ikasten eta entrenatzen pasatzen dut denbora. Errutina moduko batean sartu naiz eta egunak gero eta azkarrago pasatzen zaizkit. Beraz, pozik alde horretatik. Gero, noski, faltan botatzen ditut lagunak, entrenatzera joatea, itsasoa, mendia... hau dena bukatzean, gogo handiagoz hartuko ditugu.