Koronabirusa

Bakardadea samurtzen

Irati Saizar Artola 2020ko api. 6a, 05:59

Elena Rikondo eta Nerea Arregi

Asko dira, egunotan, etxean bakar-bakarrik bizi direnak. «Badago jendea guk deitzen ez badiogu, inorekin hitz egiten ez duena», dio Elena Rikondo Saiaz Mankomunitateko gizarte langileak. Albiztur eta Bidania-Goiazko herritarrez arduratzen da, Errezilgo eta Beizamakoez gain. Gauza bera egiten du Nerea Arregi Uli Mankomunitateko gizarte langileak ere. 

Bere ardura Leaburu-Txaraman, Belauntzan, Gaztelun eta Orexan gizarte zerbitzuak eskaintzea da. Arregik dioenez, «jendea benetan egoera prekarioan geratu da, izan ere, lehen mailako harreman sarerik ez dute askok, edo dituztenak oso ahulak dira». Azken egunetan «sekulako lana» egiten ari direla diote biek.

Beste herri gehienetan bezala, hauek ere, zerbitzuak eskaintzen dituzte. Hala nola, behar gehien dutenei erosketak egiten laguntzen diete. Baina bada horren aurrean gehiago lantzen ari diren aspektu bat: laguntza psikologikoa. Uli Mankomunitatetik, esaterako, 65 urtetik gorako pertsona guztien jarraipena egiten ari direla zehaztu du Arregik: «Deitu egiten diegu eta gizarte zerbitzuak beraien eskura daudela gogoraraztearekin batera bakoitzaren egoeraren berri jasotzen dugu».

Lan bera hartu du Rikondok ere. Jendea kontrolpean izateko deiak egiten ari dira. «Oso garrantzitsua da jendeari galdetzea ea zer moduz dagoen. 'Zer ordutan jaiki zara? Zer egin duzu goizean zehar?' Horrelako galderak egiten dizkiegu; ez dugu deitzen soilik jakiteko haragirik behar ote duten». Ahalik eta gehien zaintzen saiatzen ari dira herritarrak. «Dei horien amaieretan batek baino gehiagok esan izan digu: 'Nahi duzuenean berriro dei nazazu'. Eta jo, gustura egiten ditugu dei horiek, izan ere badakigu dei horien atzean norbait dagoela».

Bidaniako eguneko zentroa itxi egin zuten segurtasunagatik, eta pertsona horiek zaintzeko baliabideak lortzen saiatu dira Saiaztik, «batez ere familiako kideekin eta bizilagunekin bermatu dugu gutxienekoa». Zentroko langileak ere momentu hauetan jarraipen dei horiek egiten ari direla azaldu du Rikondok. Eta etxez etxeko zerbitzua ere geldirik dagoenez, zerbitzu horretako langileak direnak ere deiak egiten ari dira. «Horrelako egoeretan, jendearen borondatea zenbaterainokoa den agerian geratzen da».

Elena Rikondo: «Momentu hauetan herritarrak benetan nola dauden ikusi behar dugu; ahalik eta gehien zaindu behar digu»

Gehienean, adinekoak izaten dira modu bateko edo besteko laguntza behar izaten dutenak. Baina Rikondoren ustez, bada beste kolektibo «nahiko handi bat» bakartuta dagoena: gaixo daudenak edota baliabide nahikorik ez dituztenak, esaterako. «Jende horri ere bakarrik ez dagoela sentiarazi nahi diogu». Arregi ere harremanetan jarri da behar bereziak dituzten pertsona zein familiekin, menpekotasuna dutenekin edota zaurgarriak direnekin: «Berriro ere zaintza jarri behar dugu erdigunean, eta inoiz baino gehiago komunitatean dauden baliabideak erabili, zaintza hori, behintzat, bermatu ahal izateko». Zaintza lanaz ere ideia bera du Rikondok: «Momentu hauetan jendea benetan nola dagoen ikusi behar dugu, ahalik eta gehien zaindu behar ditugu, ospitalera ahalik eta jende gutxien eramaten saiatzeko».

Denon artean

Borondatea nagusitu da guztiaren gainetik. Eta hortik etorri dira hainbat boluntario sare. Uli Mankomunitatearen barruko herrietan, herriz herri sare bat osatu dute. «Boluntarioez gain, herri langilea ere ari da erosketa zerbitzuetan parte hartzen», azaldu du Arregik. «Gizarte langintzan esku hartze mailetako bat da lan komunitarioa, eta momentu hauetan inoiz baino garrantzitsuagoa da ikuspegi komunitarioa izatea».

Uli Mankomunitatetik protokolo bat jarri dute martxan, eta lehenik, beharra duten komunitatea identifikatzeaz arduratzen dira. Behin lan hori eginda, boluntarioari pasatzen diote beharra duen pertsonaren kontaktua, eta beraiek jartzen dira harremanetan zer behar duen jakiteko. Gipuzkoako Gizarte Langileen Elkargotik koordinazio talde bat sortu dela eta bertan parte hartzen ari direla ere azaldu du Arregik. Horrez gain, eskolekin harremanetan jarri dira haurren egoera zein den jakiteko, eta baita herrietako medikuekin ere, herritarren osasun egoeraren berri izateko. Bestelako instituzioekin ere harremana badutela azaldu du: «Eusko Jaurlaritzaren bitartez, gizarte larrialdietarako laguntzak tramitatzen ari gara, eta bazterkeria egoeran dauden pertsonen jarraipena egiten ari gara foru aldundia eta Peñascal Fundazioarekin. Gainera, indarkeria jasaten duten emakumeen aurrean aldundiarekin batera jarraipena egiten ari gara».

Nerea Arregi: «Berriro ere zaintza erdigunean jarri behar dugu eta komunitatean dauden baliabideak erabili»

Udaletako gizarte langileen lana da herritar guztiengana iristea, eta hori, neurri batean, herri txikietan errazagoa izan daitekeela uste du Rikondok. «Udalekin egiten dugu lan, herrietako alkate eta zinegotziekin, eta haiekin batera, erraz identifika ditzakegu beharrean daudenak nortzuk diren. Herri txikietan gehienok ezagutzen baitugu elkar». Horrez gain, egoera hauetan, inguruak ere asko baldintzatzen duela uste du: «Herritarrei deitzen diedanean eguzkitara ateratzeko aholkatzen diet, etxe atarian pauso batzuk behintzat emateko». Hori hiri handietan nekezagoa ikusten du.

Alarma egoera amaitu artean, herritarrei ahalik eta zerbitzu osatuena eskaintzeko lanean buru-belarri jarraitu nahi dute biek. Eta bien partez, eskerrak eman nahi dizkiote herrietan boluntario lanetan ari diren norbanako bakoitzari.

Erlazionatuak

Laguntza sareak, elkar zaintzeko

Irati Saizar Artola 2020 api 05 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!