Koronabirusa

Laguntza sareak, elkar zaintzeko

Irati Saizar Artola 2020ko api. 5a, 05:46

Konfinamendua ezartzeak, etxetik ezin ateratzea dakar. Arrisku egoeran dauden horiei laguntzeko, besteak beste, erosketak egiteko, boluntario sareak osatu dira eskualdeko herri askotan, eta bestelako neurri eta ekimenak ere prestatu dituzte, herritarrei laguntzeko.

Alarma egoera ezarri eta berehala sortu dira zaintza sareak Tolosaldeko hainbat herritan. Etxean itxita geratu behar dutenei laguntza emateko prest agertu dira hainbat eta hainbat boluntario. Adinekoei edota berrogeialdian daudenei erosketak etxera eramateko ekimenak martxan dira, borondaterik zabalenarekin, azken egunotan, eskualdean.

Amasa-Villabonakoen eta Alegiakoen kasuan, esaterako, udalak gaztetxeekin jarri dira harremanetan, eta elkarlanean ari dira zerbitzua eskaintzen. «Eskaini beharreko zerbitzu bat» dela dio Xabat Laborde Amasa-Villabonako zinegotziak. Dagoeneko boluntario zerrenda «oparoa» dute osatuta, eta zehaztuta dituzte eman beharreko pausoak zeintzuk diren. Behar bezala antolatua, eta beharrezko segurtasun neurriak hartuta herritarrek egindako eskaerei aurre egiten ari direla dio.

Boluntarioak auzoka banatu dituzte, «gertutasunagatik». 09:00etatik 12:00etara bitarte jasotzen dituzte deiak Villabonako arreta zerbitzukoek, eta boluntario zerrendako batekin jartzen dira harremanetan ondoren. Pertsona horrek posible badu, berak deitzen dio zerbitzua eskatu duenari eta erosketa zerrenda prestatu ostean, udaletxera joaten da boluntarioa. Udalak erosketetara bideratutako kontu mugatu bat zabaldu du, 3.000 euroko kopurua duena, eta kreditu txartel horrekin egiten dituzte erosketak boluntarioek. Bide batez, udaletxean eskularru eta maskarak janzten dituzte eta boluntarioa dela nabarmentzeko identifikazio txarteltxo bat eramaten dute. Labordek azaldu duenez, boluntarioei honako gomendioa ematen diete: «Ahal dutela behintzat, komertzio txikietan erosteko eskatzen diegu». Behin erosketa eginda, zerbitzua eskatu duenari atean uzten diote eskatutakoa.

Ordainketa egiterako garaian, aukera ezberdinak jarri dituztela azaldu du Labordek: «Transferentzia bidezko aukera lehenetsi dugu, horrek, boluntarioaren eta eskatzailearen artean kontaktu fisiko zuzenik ez egotea ahalbidetzen baitu». Gainerakoan, kreditu txartelarekin ere ordaindu daiteke, datafono bat lortu baitute. Eta «azken aukera» bezala ezarri dute esku diruarekin ordaintzearena, «esku dirua arriskutsua izan daiteke, eta ahal bada ekidin egin nahi dugu».

Alegian ere gauza bera ari dira egiten. Udaletik azaldu dutenez, haiek ere protokolo bat jarraitzen ari dira erosketak bideratu ahal izateko. Eskaera egiteko telefonoa udal ordezkari batek kudeatzen du, eta behin eskaria jasota, boluntario bat jartzen da eskatzailearekin harremanetan, zer erosi eta nola eraman hitzartzeko. Guztira 35 boluntario inguruk osatzen dute sarea, eta sare horretan, gaztetxeko hainbat kidek zein beste hainbat herritarrek hartzen dute parte.

Beste hainbat modu

Ibarran eta Zizurkilen, esaterako, 70 urtetik gorako jendeari telefono deiak egiten ari zaizkie udaleko kideak. Izan ere, Zizurkilen, haien zerbitzua eskaintzeko informazio oharrak jarri zituzten etxeetako portaletan, baina, Maite Amenabar zinegotziak azaldu duenez, «baserri asko ditugu herrian eta, gainera, adin horretatik gorako bizilagun askok ezin izaten dute portalera ere jaitsi». Gurutze Gorrikoek bidalitako informazioarekin protokolo bat landu dute udalean, boluntario sareak behar bezala lan egiteko.

Ibarran, telefono dei horien bidez, beharren diagnostiko bat egiten ari da Gizarte saila. Bide horretan, boluntario sare bat osatu dute, 40 pertsonatik gorakoa, eta horiek jarraitu behar duten protokoloa ere osatu dutela baieztatu dute udaleko kideek, «inor arriskuan jar ez dadin». Bestetik, mendekotasuna duten pertsonei zerbitzua eskaintzen dieten zaintzaile formal edo ez formalentzat ziurtagiriak egiten ari da udala, «euren lana burutzeko mugikortasuna bermatua izan dezaten». Telematikoki eska daitezke ziurtagiri horiek.

Beste komunitate bati begira ere jarri da Ibarrako Udala. Elikagai bankua momentuz bertan behera geratu denez, bertako erabiltzaileentzat eta gizarte larrialdikoentzat erosketa baleak egin dituzte. Horrela, elikagaiak, botikak edo behar-beharrezko gaiak erosi ahal izango dituzte pertsona horiek. «Bale horiek jasotzen dituzten herritarrek ekimenera batu diren Ibarrako komertzioetan aldatu ahal izango dituzte lehen beharreko artikuluen truke, ordainketarik burutu gabe», azaldu dute.

Erlazionatuak

Ahal dela, bertakoaren alde

Irati Saizar Artola 2020 api 05 Baliarrain

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!