Herritarrei mezua zabaldu zaie, zein produktu eskuratu daitezkeen zerrendatuz, eta behin eskaria eginda, udaleko kideak arduratzen dira etxeraino eramateaz. Astean behin hartzen dute horretarako tartea. Momentuz, ostiraletan.
Larreta baserria, Argaia Goena baserria, Eguzkilore okindegia, Aranburu oilategia, Pagoa garagardotegia eta Irabi Azpiko baserria dira, besteak beste, ekimenean parte hartu dutenak. Horrela, esnekiak, haragia, ogia, garagardoa eta barazkiak behintzat eskura ditzakete herritarrek, herrian bertan. Josu Ozaita alkateak azaldu duenez, «inguruko baserritarrei kontsumoa jaitsi egin zaie, eta aukera eman nahi izan diegu beraien produktuak nolabait behintzat bideratzeko». Beharrezko neurriak hartuta egiten ari direla dio, eskularruak eta jantzita. «Etxez etxe banatzen ditugu jendearen eskariak, horrela jendeak ez dauka supermerkatuetara jaisten ibili beharrik».
Etorkizunera begira, beste kontsumo eredu bat bultzatzeko ere izan daitekeela dio Ozaitak eta kontsumo sare bat eratzeko aukera polita ikusten du: «Ekimen hau momentuko erantzun bat izan da, baina aukera bat izan daiteke jarraipena emateko, herritarrek nahi badute, noski, gu saiatuko gara bide hori lantzen».