Bertsolaritza bidelagun, nonahi eta noiznahi

Tolosaldeko Ataria 2020ko mar. 30a, 14:19

Bertsozale Elkarteak etxetik sarean denen eskura dauden baliabideen berri eman du: "Etxetik mugitu gabeko bidaia honetan bertsoa ere bidaide aparta izan daitekeelakoan, erraztasunak eman nahi dizkizugu bertsolaritzarekin ondo pasatzen jarraitzeko, sortuz eta entzunez".

Bertsolaritza lantzekoak: jolastu, sortu eta abestu!

Bertsozale Elkarteko irakasleek bertsolaritza lantzeko ikasgelan baliatzen duten ataria da hau. Zenbait eduki irekian erabiltzeko moduan dituzue: jolasak, bertso sortak, bat-bateko saioak… bertsolaritzaz etxeko gazteenekin aritzeko aparta.

Haur zein heldu, trebatu zein hasiberri,... guztiek daukate lekua bertso-eskolentzako atari honetan. Baldintza bakarra: bertsotan eginez eta entzunez ondo pasatzeko gogoa izatea. 

Zuzenekoak: online

Etxetik etxera online bertso saioak antolatu dituzte konfinamentuak irauten duen bitartean. Apirileko agendaren berri eman dute: 

  • Apirilak 3, ostirala, 18:30ean bertso saioa. 
  • Apirilak 5, igandea, 13:00etan balkoitik balkoira bertso poteoa. 
  • Apirilak 10, ostirala, 18:30ean bertso saioa.
  • Apirilak 17, ostirala, 18:30ean bertso saioa. 
  • Apirilak 19, igandea, 15:00etan bertso bazkaria. 
  • Apirilak 24, ostirala, 18:30ean bertso saioa. 

@etxetiketxera Instagram kontuan izango da informazio gehiago saio hauen inguruan. 

Hemen ikusgai aurreko ostiralekoa. 

Ikus-entzunezkoak: eseri, jarri eroso eta ikusi!

Imanol Artola 'Felix'-ek gidatutako bertsolaritzaren inguruko saioa Ataria irratian. Asteazkenetan 20:00etatik aurrera eta errepikapena entzuteko aukera izango da igandeetan 14:00etan. Irratsaio hau, Ataria Irratiaren, Harituz Tolosaldeko bertsozaleen topagunearen eta Xenpelar dokumentazio zentroaren hitzarmen baten fruitu da. Orain arteko irratsaioen bilduma entzun daiteke hemen.

Bertsolaritzaren inguruko hedabidea. Denetariko informazioa bertsolaritza egunean-egunean jarraitzeko, baina berebiziko garrantzia dute ikus-entzunezkoek. Hamaika saio daude ikusgai: jaialdiak, bertso afariak, emanaldi bereziak...

Sarean daude ikusgai 2008tik gaurdaino eskaini diren atalak. Urteotan izan duen bilakaera ikusi nahi? Sartu EITB Nahieranen, eta telebista saioen artean, "Saioak A-Z" aukeran, bilatu Hitzetik Hortzera. Hantxe dituzu aipatutako atalak.

BECen gozatua berriro bizi nahi izanez gero, sarean duzu finala oso-osorik. Badakizu, itzali sakelakoak, zaindu joan-etorriak eta itxaron bertsolariek bere lana amaitu arte.

Bertsolaritza gure-gurea dugu; baina badira munduan antzerako kantu inprobisatuak. Ezagutzeko aukera aparta ematen digu Mintzola Ahozko Lantegiak garatutako ikus-entzunezkoak. Bidaiatu, mugitu gabe.

Zenbaitetan zaila da bertsolaritza ezagutzen ez duenari zer den azaltzea… horretan lagungarri egingo zaizu proiektu hau: 20 minutuko azalpena duen bideoa, ingelesez eta azpitituluekin, eta hamar bertsoaldietako bilduma, jatorrizkoan eta azpitituluekin. Etxepare Euskal Institutuak eta Mintzola Ahozko Lantegiak garatua, Laboral Kutxaren babesarekin.

Nolakoa da bertsolariaren jarduera? Txintxua Films ekoizpen etxeak gauzatutako lana. Euskaraz, ingelesezko azpitituluekin.

Ezagutu dezagun 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusia barrutik. Lander Garroren eskutik.

Bertsozale Elkartearen 25.urteurrenean egindako ikus-entzunezkoa, elkartearen ibilbidea gogora ekarriz. Euskaraz ez ezik, gaztelerazko, frantseseko eta ingelesezko azpitituludun bertsioak ere badaude eskuragai sarean, loturan sakatuta bideratzen den erreprodukzio zerrendan.

Bestelakoak: aukeran, nahiago entzun edo irakurri...

Xenpelar Dokumentazio Zentroak jasotako ondarearen zati handi bat dauka bdb.bertsozale.eus atarian. Tartean, "bertsoa" atalean, bertsoaldien bilaketak egin daitezke iragazki bat, bi, gehiago edo batere jarri gabe, eta Bapatean bildumak ere entzungai daude. "Liburutegia"n ere egin daitezke bilaketak eta erreferentzietako zenbait eskura daude Interneten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!