Koronabirusa

Positiboak Tolosako Iurreamendin

Ataria 2020ko mar. 19a, 13:57

Tolosako Iurreamendi egoitza

Gipuzkoako Foru Aldundiak esan duenez, Covid-19aren lehen kasu positiboak eman dira Gipuzkoako hainbat egoitzatan, horietako lau Tolosako Iurreamendi zahar egoitzan. Zizurkilgo Uliazpi egoitzan sei positibo egon direla zabaldu bada ere, ez da horrela. 

Eusko Jaurlaritzak emandako azken datuen arabera 21 dira eskualdean koronabirusean positibo eman duten herritarrak. 

 

Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi duenez Covid-19aren lehen kasu positiboak eman dira Gipuzkoako hainbat egoitzatan, horietako lau  Tolosako Iurreamendi egoitzan.  Bozeramaileak zehaztu du horietako bederatzi osasun egoera onean daudela eta bi egoera delikatuan, aurretiazko patologien ondorioz.

          Diputatuak lasaitasunezko mezu bat igorri nahi izan die zentro horietako senitartekoei, familiekin kontaktuan jarri direla adieraziz eta kutsatutako pertsonak isolatuta daudela jakinaraziz, Gipuzkoako Foru Aldunditik bidalitako protokoloari jarraituz. Protokolo horren aplikazioari begiratuz, gainontzeko erabiltzaileen eta langileen artean kutsatzea ekiditeko neurri guztiak jarraitzen ari direla argitu du Mendozak. Zentzu horretan, Mendozak jakinarazi du gainerako egoiliarrak osasun egoera onean daudela eta osasun-kontrol sakona egiten ari zaiela.

          Osasun-profesionalek, Osasun Publikotik eta Lan Osasunetik markatutako irizpideak jarraituz, egoiliarren eta langileen osasun egoeraren jarraipen zehatza egingo dute, eta “beraiek izango dira uneoro komenigarri diren erabakiak hartuko dituztenak”, azpimarratu du Mendozak. Osakidetza frogak egiten ari da susmoa dagoen kasu guztietan, eta orain arte, jasotako emaitza guztiek negatibo eman dute, aipatutako kasuak izan ezik.

          Gizarte Politikako Departamentutik, prebentzio eta euste protokoloak bidali ziren foru-sareko egoitza baliabide guztietara, eta horietan ezartzen dira jarraitu beharreko neurriak kasu positiboak antzemanez gero. Horregatik eskatzen da, ahal den neurrian, egoitzak modulatzea, horien arteko mugimenduak debekatuz, higiene neurriak eta  prebentiboak zorroztuz, hondakinen kudeaketa zehaztuz eta Osakidetzak markatutako NBEen erabilera eginez. Zentzu horretan, bozeramaileak nabarmendu du, Osasun Departamentuarekin lankidetzan, NBEak bidali zirela foru-sareko egoitza baliabide guztietara, non guztira ia 7.000 pertsona artatzen diren egun. Era berean, martxan jarri dira egutegi planak (langileak antolatzeko) eta komunikaziokoak, bai familiekin, baita administrazioekin ere.

Bozeramaileak gogorarazi testuingurua “oso aldakorra” dela eta beharrezko neurriak hartzen direla uneoro, bai prebentziokoak, baita kontentziokoak ere, egoerak hala eskatzen badu. “Kolaborazio eta koordinazio estuan jarraitzen dugu Osakidetza eta Osasun Publikoarekin, denon artean jarraitzeko erantzuna ematen, ahalik eta modu egokienean, egoera konplexu honi”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!