Tolosaldeko ekonomia ere aztoratu du koronabirusak. Enpresa handi eta txikiagoek neurri ezberdinak hartu dituzte, eta autonomo gehienek ezinbestean negozioak itxi egin behar izan dituzte. Agintariek diru laguntzak iragarri dituzten arren, kezka da nagusi langileen artean.
Eusko Jaurlaritzak 300 milioi jarriko ditu kalteak arintzeko. Enpresak laguntzeko eta herritarren beharrizanei erantzuteko programak garatzeko izango da 300 milioiko aurrekontua. Gehiago behar izanez gero, 500 milioira arte handituko dutela adierazi dute.
Horrez gain, Finantzen Euskal Institutuaren premiazko finantzaketa lerro bat aktibatuko du. Kasu honetan, 25 milioikoa izango da produkzio ehunari likidezia emateko, eta batez ere, enpresa txiki, ertain eta autonomoei begira.
Era berean, finantzaketa lerroak ahalik eta lasterren artikulatzea aurreikusten du Jaurlaritzak. 500 milioiko abalak emango ditu; bost urterako eta zero kostuan izango dira. Baina laguntzak gauzatzeko oraindik sail guztiak koordinatzen ari dira.
Espainiak 200.000 milioi euroko funtsa baliatuko du ondorio ekonomikoei aurre egiteko, eta Pedro Sanchezen hitzetan, «krisi honetan ez da inor atzean geratuko». Neurri ezberdinak hartu ditu. Hasteko, hipotekak dituztenek, beren lehen etxebizitzako hipotekan, datozen hilabeteetako ordainketak atzeratu ahal izango dituzte.
Ura, telekomunikazioak eta energian azpimarra jarri dute. Langabezian edota diru sarrerak murrizturik geratu diren familietan, energia, ura eta telekomunikazio zerbitzuak jasotzen jarraituko dute. Hau da, enpresek ezingo dituzte familia horiek zerbitzurik gabe utzi.
Enplegu erregulazioetan ere langileen aldeko neurri moduan aurkeztu zuen aldi baterako erregulazio enplegua. Erregulazioak irauten duen bitartean, beti ere koronabirusagatik bada, langileak langabezia saria jasoko du, eta ez du jatorrizko langabeziak dakarren diru laguntzatik gastatuko. Eskubide hori sortu ez dutenek ere kobratzeko aukera izango dute.
Autonomoei begira, berriz, kotizazio merkeagoak pagatzeko aukera izango dute, edota ez pagatzekoa enpleguari eusten badiote. Enpresa txiki eta ertainek %75 merkeago eta autonomoek %100ean, hau da, ez diote kotizaziorik ordainduko Gizarte Segurantzari.
EZJAKINTASUN HANDIA
Kezka eta ezjakintasuna da nagusi LAB sindikatuaren esanetan, «langile asko eta asko ari dira deika». Enpresek planteamendu ezberdinak egin dituzte, baina helburua akordioetara iristea izan beharko luke. «Batzuk oporrak hartzera behartu dituzte, beste batzuk akordio ezberdinak egin dituzte, baina zubia tarteko, hiru egun hauei begirakoak izan dira», kontatu du. Baina hurrengo astera begira, sindikatutik, ERTE asko espero dituzte enpresetan: «Epe horretan langileen egoera suspendituta geratuko da, eta suposatzen da langabeziako prestazioa kobratu ahal izango dutela guztiek, nahiz eta ez egokitu», argitu dute. Baina galderak hor sortzen zaizkie, «nola eramango dira laguntza horiek aurrera?». Momentuz, ez dakite.
Prebentzio neurriak behar bezala betetzen ez diren enpresetan itxiera eskatu dute sindikatutik: «Enpresa txiki asko lanean ari dira, baina guztietan ez dira prebentzio neurriak behar bezala betetzen ari dira. Kasu horietan enpresa itxi beharko lukete».
Bestetik, LAB sindikatutik mezu garbia luzatu dute: «Langileek enpresei gauzak ondo egiteko eskatu behar die, eta langileek idatziz ezer eduki gabe erabakiak ez aztertzeko gomendatzen diete».
Galdera asko eta asko daude langileen aldetik, baina argi utzi dute, egunetik egunera erantzun ezberdinak ematen ari direla sindikatutik, eta neurriak etorri ahala, egunetik egunera erabakiak aldatzen doazela.
LANGILEEN BORROKAK
Koronabirusak greban harrapatu ditu hainbat langile. Asteasuko Siemens Gamesa enpresako langileen kasuan, esaterako, grebarekin jarraitzea erabaki dute. Gipuzkoako zahar etxeetako langileek, aldiz, bertan behera utzi dute greba. ELAk adierazi duenez, «koronabirusak sortutako arazoak konpondu bitarte». Zahar etxeetan daudenen «osasuna eta arreta» direla lehentasuna azpimarratu dute, baina nabariak direla «sektorea esku pribatuetan uztearen ondorioak».