Koronabirusa

«Gaur-gaurkoz, autonomoak salduta gaude»

Asier Imaz 2020ko mar. 19a, 10:35

Aneli Urbietaren Asteasuko ile apaindegiak pertsianak jaitsita ditu.

Autonomoen egoeraz hitz egin du Asteasun bizi den Aneli Urbieta larrauldarrak; ile apaindegia du Asteasun; diru sarrerarik gabe geratu da, nahiz eta gastuek hor jarraitu.

Igandetik etxean dago Aneli Urbieta, atera gabe. Autonomoa da larrauldarra, baina Asteasun bizi da. Herri horretan dauka lantokia: Aneli ile apaindegia.

Lanean, azken egunetako bilakaera zein izan da?

Lehengo astean normal aritu nintzen. Bagenekien Koronabirusaren kontu hau, eta garbiketa neurriak handitu genituen. Ostiralean, ordea, Asteasuko alkatea etorri zitzaidan, udaletxera iritsi ziren protokoloekin. Lixibarekin garbitu behar zela eta beste hainbat neurrirekin. Lehenaz gain, beraz, garbiketa areagotu egin genuen. Ostiralean eta larunbatean lana normaltasunez egin genuen. Egia da egun horietan hitzordu batzuk bertan behera utzi zituztela adineko zenbait bezerok. Normala den bezala badaezpadako neurriak hartu zituzten.

Aste honetan zer egiteko asmoa zenuen?

Hasiera batean asteartean normaltasunez irekitzeko asmoa nuen. Astelehenetan normalean itxita izaten dugu ile-apaindegia. Aste osorako bezeroekin hitzorduak zehaztuak nituen. Baina igandean uste dut zabaldu zituztela neurriak. Hasiera batean irekitzeko baimena genuen, baina egia da protokolo horiek ezin genituela bete. Puntuetako bat, adibidez, metro eta erdiko distantzia utzi behar zenuela zen. Gure lanean hori ezinezkoa da, bezeroaren gainean egoten garelako. Orduan asteartean ia ez nuen ireki.

Ireki ez arren, lana izango zenuen egun horietan, ezta?

Astelehena bati eta besteari deika pasa nuen: komertzialekin hitz egiten; ordainketak negoziatzen; bankuekin hitz egiten… Seguru desberdinak dauzkat, eta ea zerbait estaltzen zuten jakin nahi nuen, zeren gaur-gaurkoz, autonomoak salduta gaude. Espainiako presidenteak autonomoen kuoten inguruan zerbait aurkeztu duela uste dut, lantegia itxi behar edo %70eko galerak izanez gero. Gestoriarekin hitz egiten aritu naiz, baina ez zeukaten oso argi. Beste lagun bat ere autonomoa da, eta bere kasuan, ezer jasotzeko aukerik ez duela izango esan diote gestoriatik. Egia da bere kasua oso berezia izan dela.

Autonomo bakoitzaren egoera, aparteko mundu bat izango da, ezta?

Niri estatuak itxi edo irekitzea galarazi dit. Ondorioz, ardura hartu beharko dute. Baina egia esan, gutaz ez da inor akordatzen.

Lantegia itxita diru sarrerarik gabe geratu zara, baina gastuak ordaintzen jarraitu beharko duzu.

Bai, noski. Komertzialarekin akordio bat daukat, adibidez, hilero 560 euroko kuota ordaintzen dut. Hitz egiten aritu naiz eta hilabete honetakoa atzeratu egingo didate.

Ile apaindegia daukazun lokala zurea al da?

Aitarena da. Hor behintzat abantaila daukat.

Beste ile-apaindegien egoera jarraitu al duzu?

Sare sozialetan ikusi ditut hainbat komentario, eta harrituta geratu naiz. Zenbaiti jabeek hilabete honetako alokairua barkatu diete. Hori azpimarratzekoa eta eskertzekoa dela uste dut. Izan ere, gastu horiez gain autonomo kuota ere ordaindu behar izaten dugu. Argindarra, ura eta beste hainbat gastu ere hor daude.

Horiez gain, lanetik aparte, eguneroko gastuak daude.

Nire kasuan etxea daukat, hipoteka batekin; kotxea ordaintzen ari naiz; etxeko argi indarra, gasa, ura eta ez dakit zer gehiago. Lantokiaz aparte pertsona normala naiz, eta nire gastuak dauzkat.

Zuen egoeraren informazio zehatzik bal al duzue?

Ez daukat. Astelehenean bankuekin hitz egin nuen. Izan ere, seguru pare bat dauzkat. Bata lantegikoa eta bestea hipotekarena, zeren hartzen duzunean bat eginarazten dizute. Ni edo mutila lanik gabe geratu ezkero, seguruak garantia egiten duela suposatzen da. Deitzeko geratu ziren bankukoak, baina oraindik zain nago. Horrelaxe ibili naiz, denei bueltak ematen. Egin ditudan kalkuluen arabera, lanik egin gabe bi hilabete iraun ditzaket.

Eta ondoren, zer?

Kontua hori da, ondoren honek zer ekarriko duen. Ez dut uste jendea oso airoso ibiliko denik hau pasatakoan. Ni aurrenekoa. Zure aurrezkietatik tiratzen duzu, eta gero zer edo zer bada… Familian autonomo asko dauzkat, aita ere bai. Guztiak hor gabiltza pixka bat…

Aztoratuta?

Ez, aztoratuta baina dena pixka bat antolatzen. Sanchezek neurri hori atera duela ikusten duzu, baina inork ez daki nora deitu behar den edo non eman behar den izena. Gestoriak ere buru belarri dabiltza, ea zer eta nola egin daitekeen. Hor ere baldintza batzuk egongo dira, eta ikusi beharko da.

Itzulera noiz aurreikusten duzu?

Printzipioz 15 egun dira. Gero, etxez etxe joateko aukera eskaini digute. Baina ez dut uste aukera bat denik. Aurreko astean jendearekin normal ibili naiz, baita lanean ere. Orain adinekoen etxeetara joateko ez nago. Azken finean, horrelako neurritxoak hartzen dituzte ez onartzeko erabat lanik gabe utzi gaituztela.

Lehen zure lagunaren kasua berezia zela esan duzu.

Asteasukoa da bera, kuadrillakoa, baina Donostian eta Lasarten ditu dendak: 24 ordutan egoten diren saltzeko makina horiekin. Berari kasu honetan estatuak ez dio lana galarazi. Baina asteartean, makina betetzera eta garbitzera joan zenean, Donostiakoa prezintatuta aurkitu zuen. Udalak hartu zuen erabaki hori, berari ezer esan gabe. Ondorioz, salduta geratu da. Izan ere, estatuak ez dio itxi, udalak baizik. Legalki lanean ari da. Irekitzen baldin badu, udaltzaingoak isuna jarriko dio, eta udalak deskuidatuz gero lizentzia kendu. Baina estatuaren aurrean laguntzak eskatzeko garaian, esan bezala, lanean ari da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!